Haurdun daudenei Miamira ez bidaiatzeko aholkua eman die AEBk
Haurdun dauden emakumeei Miamiko iparraldera (Florida) ez bidaiatzeko gomendioa eman diete AEBko agintariek. Zika kasuak areagotu egin dira zonalde horretan, eta, azkenaldian, hamalau kasu erregistratu dituzte.
“Haurdun daudenei zonaldera ez bidaiatzeko gomendatzen diegu”, esan du Tom Frieden Gaixotasunen Prebentzioa eta Kontrolerako Zentroko zuzendariak.
Era berean, bertako biztanleei eta langileei “beharrezko neurriak” har ditzaten eskatu diete agintariek, ahal duten neurrian, eltxoen ziztadak ekiditeko. Halaber, sexu-harremanak babesik gabe ez izateko gomendatu diete, gaixotasuna beste pertsona bati transmititu zaiolakoan.
Hala, zika birusaren kasu berri horiek diagnostikatu ostean, gaixotasunaren jatorria izan litekeen milia bateko ibilbidea mugatu dute agintariek.