Kurdistango erreferenduma bertan behera uzteko agindua eman du Irakek
Kurdistango independentzia erreferenduma bertan behera uzteko agindua eman du gaur Irakeko Auzitegi Gorenak, Gorteak agiri judizial batean jakitera eman duenez. Galdeketa irailaren 25ean egitekoak dira.
Masud Barzani presidente kurduak deitu zuen kontsulta, eta ondoren bertako Parlamentuak berretsi zuen. Orain Auzitegi Gorenak Irakeko Konstituzioaren aurkakoa dela erabaki du, Iyas al Samuk Auzitegiko bozeramaileak azaldu duenez.
Galdeketa Estatu Islamikoa talde terroristaren aurkako borrokan kaltegarria dela adierazi zuen NBEk atzo. Aldi berean, eskualde autonomoaren eta Irakeko Gobernu federalaren arteko elkarrizketa eskatu zuen erakundeak.
Tentsioa
Bozketa eguna hurbiltzen den heinean, Bagdaden, Iranen eta Turkiaren arteko tentsioek gora egin dute. Erreferenduma ez da bakarrik eskualde autonomoaren mugen barruan egingo, ‘pesmerga’ segurtasun indar kurduen kontrolpean dauden zonaldeetan ere.
Ali Shamjani Irango Segurtasun Nazionaleko Kontseilu Gorenaren idazkariak ohartarazi duenez, Iranek muga guztiak itxiko lituzke, independentziaren aukerak erreferenduma irabazten baldin badu.
Bestalde, Turkia bozketaren kontra azaldu da behin baino gehiagotan. Gainera, Irakeko Kurdistanen mugan maniobra militarrak martxan jarri ditu gaur Ankarak, nahiz eta “erakunde terroristen aurkako” operazio bat dela ziurtatu, Kurdistango Langileen Alderdiari erreferentzia eginez.
Zure interesekoa izan daiteke
Erregaiaren prezioak kamioilariak estutu eta AEBko ondoez ekonomikoa larriagotzen ari da
Ehun bat zauritu eta 13 atxilotu Portugalen, etxebizitzaren aldeko kanpaldiak berriro hustu ondoren
Dozenaka kanpadenda jarri dituzte Erromako Koliseoaren aurrean, bizitzaren kostua garestitzearen aurka protesta egiteko
Manifestazio jendetsuak izan dira hirugarren larunbatez Frantzian, eta 500 lagun baino gehiago atxilotu dituzte