Venezuelako hauteskundeak: gardenak edo bermerik gabeko prozesua?
Venezuelako hauteskundeak maiatzaren 20an egingo dira eta ez apirilaren 22an, hasiera batean iragarri bezala. Asanblea Nazional Konstituziogileak 2018ko apirilaren 30a baino lehen egiteko dekretua onartu arren, Avanza Progresistak, Sozialismorako Mugimenduak (MAS) eta Hauteskunde Antolaketa Politiko Independenteko Batzordearen (COPEI) atal batek hauteskundeak maiatzaren 20ra atzeratzeko dokumentua sinatu zuten martxoaren 1ean, Maduro presidentearen Venezuelako Alderdi Sozialista Batua (PSUV) alderdiarekin batera. Horrela, presidenterako hauteskundeak estatu mailako kontseilu legegileak eta udalak hautatzeko hauteskundeekin batera egingo dira.
Hauteskundeak egiteko deialdiak hasiera-hasieratik izan dituen data aldaketa horiek guztiek sinesgarritasuna kendu die, eta Venezuelako oposizioak eta nazioarteak zalantzan jarri ditu.
Gobernuz kanpoko erakundeak (Venezuelako Foru Penala, Gazte Botoa eta Hauteskundeen Behatokia, tartean) kezkatuta agertu dira, irregulartasun asko ikusi baitituzte hauteskundeak deitzeko prozesuan: Asanblea Konstituziogileak ez du eskumenik hauteskundeak deitzeko, oposizioko alderdiei hauteskundeetan parte hartzea galarazi diete eta ez dago denbora nahikorik hauteskundeen araudian zehazten diren epeak betetzeko.
Venezuelako Ikasle Mugimendua ere hauteskundeen aurka agertu da, ohar baten bidez azaldu duenez, deialdiak ez dituelako betetzen Konstituzioak zehazten dituen epeak, eta horren aurkako erakunde batek deitu dituelako, horretarako eskumenik ez badu ere. Gainera, talde horren arabera, hauteskundeekin ez dute nahi herritarrek erabakitzeko eskubidea baliatzea, gaur egun bizi duten infernu eta miseria iraunaraztea baizik. Horregatik guztiagatik, ez dutela prozesuan parte hartuko azaldu dute eta alderdi politikoetako buruei botoa ematera ez joateko eskatu diete, prozesua ez bermatzeko.
Nazioarteko erakunde ugari (Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideetarako goi komisarioa, Europar Batasuna, Amerikako Estatuen Erakundea eta Lima Taldea, esaterako) eta zenbait herrialde (Argentina, Kanada, Txile, Kolonbia eta Ameriketako Estatu Batuak, besteak beste) deialdi horren aurka agertu dira, hauteskunde horiei gardentasun eta berme falta egotzita.
Horren adierazgarri dira azken hilabeteetan erakunde eta herrialde horiek hartutako erabakiak eta egindako adierazpenak.
Otsailaren 23an egindako ezohiko bileran, Amerikako Estatuen Erakundeak presidenterako hauteskundeen deialdia berriz aztertzeko eskatu zion Venezuelako Gobernuari, eta hauteskundeak egiteko beharrezko berme guztiak izango dituen beste egutegi bat aurkezteko. Ebazpen hori 19 herrialdek babestu zuten, aipatu horiek tartean.
Europako Parlamentuak ere ebazpena onartu zuen (aldeko 480 botorekin, kontrako 51rekin eta 70 abstentziorekin) Nicolas Maduro presidenteari, Tareck el Aissami presidenteordeari eta beste zenbait agintariri zigorrak ezartzea eskatzeko, Venezuela astintzen ari den krisiaren arduradun izatea leporatuta.
Zeid Ra’ad Al Hussein NBEko Giza Eskubideetarako goi komisarioaren esanetan, Venezuelako egoera politikoa eta soziala ikusita, gaur egun bertan ez daude “gutxieneko baldintzak” hauteskundeak egiteko, adierazpen-askatasuna, elkartzeko askatasuna eta modu baketsuan batzekoa zapaltzen eta gogor murrizten ari baitira.
Bestalde, Smartmaticek, chavismoan zehar egin diren hauteskunde gehienetan parte hartu duen hauteskunde makinen konpainiak, operazioak martxoan eten zituen, hain zuzen ere hauteskundeen emaitzen baliagarritasuna bermatu ezin zutelako.
Hori guztia dela eta, oposizioaren koalizioak, Batasun Demokratikoaren Mahaiak (MUD), ez du ituna sinatu eta hauteskundeetan ez parte hartzea eta horiek boikotatzea erabaki du; izan ere, hilabete asko daramatzate hauteskundeetan iruzur egiteko egitura bat dagoela esaten eta, besteak beste, Leopoldo López eta Henrique Capriles hautagaiei betoa jarri izana eta alderdiak hauteskundeetan parte hartzeko gaitasunik gabe utzi izana salatzen.
Maduroren eta Falconen hitzak
Egoera honen aurrean, Madurok honakoa esan du: “Estatubatuarren inperialismoak, AEBko Gobernuak, oligarkia bogotarrak eta Espainiako Gobernu ustelak hauteskunde prozesuan ez parte hartzeko agindu diote oposizioari, galdu egingo dutelako eta beraien porrota ez onartzeko”.
Hala ere, Henri Falcon Venezuelako Batasun Demokratikorako Mahaikoa den Abangoardia Progresista alderdiko buruak oposizioko gainerako alderdiek gehiengo zabalarekin adostutakoa ez betetzea erabaki zuen, eta bere hautagaitza aurkeztu du gaur egun oso txikiak diren baina XX. mendean eragin handia izan zuten COPEI eta MAS alderdiekin batera. Horrela, Nikolas Madurok aurkari nagusi izango du Falcon; 2013an, presidenterako hauteskundeetan, Henrique Capriles oposizioko kidearen kanpainako arduraduna izan zena eta Venezuelako politika munduan toki berezia duen politikaria.
Falconek eta bere jarraitzaileek onartu egin dute maiatzeko hauteskundeetan badagoela formatu arrakero edo bentajista bat, baina, era berean, horri aurre egiteko modua hauteskunde mahaietan egotea eta parte hartze masiboa bultzatzea izan daitezkeela esan dute. “Aukera hau onartu eta irabazi egin behar dugu, herriak ez baitira entregatzen, herriek ez baitute amore ematen; herriak borrokatu, sufritu eta altxatu egiten dira”, zabaldu du txio baten bidez presidenterako hautagaiak, eta bat egiteko eskatu die hautesleei; izan ere, “kontsigna bakarra dago: Venezuela salbatzea”. Falconen eta horren jarraitzaileen ustez, herritarrek proposamen baten inguruan bat eginez gero, irabazteko aukera garbia dute.
Kritika horien guztien aurrean, Errepublikako presidenteak esan du Venezuelan Europako edozein herrialdetan baino berme gehiago daudela hauteskunde prozesuen aurretik, hauteskundeetan zehar eta horien ostean. Gainera, Tibisay Lucena Hauteskunde Batzorde Nazionaleko presidenteari eskaria egin dio, Venezuelako hauteskundeen gardentasuna erakuts diezaien bertan akreditatuta dauden europar enbaxadoreei eta AEBko Gobernuak Caracasen duen enbaxadako diplomazialariei, hauteskunde deialdi horren sinesgarritasuna bermatzeko.
Falconez gain, beste hauek aurkeztu dute bere hautagaitza modu formalean: Nikolas Maduro presidentea, Venezuelako Alderdi Sozialista Batuaren izenean (besteak beste, Venezuelako Alderdi Komunista, Aberria Denontzat, Venezuelako Herri Batasuna eta Aldaketarako Aliantza alderdien babesarekin); Francisco Visconti, 1992ko matxinadan parte hartu zuen jeneral erretiratua; Javier Bertucci, artzain ebanjelista; Reinaldo Quijada, Herri Batasun Politikoa alderdiko kidea; eta Luis Alejandro Ratti enpresaria.
Venezuelako krisialdi politiko eta sozial horren aurrean, maiatzeko hauteskunde horietako emaitzak gorabehera, zaila dirudi iragartzea zein norabide hartuko duen hurrengo hilabeteetan Venezuelak. Oposizioak eta nazioarteak hauteskundeak egiteko baldintza txarrak daudela esan dute, baina Tibisay Lucenak adierazi du Venezuelako politikariek “hauteskunde bermeak jasotzen dituen ituna” sinatzea lortu dutela.
(*) Imanol Butron Alonso, EHUn Politika Zientzietan lizentziatua, EiTB-EHU Multimedia Masterreko ikaslea da eta eitb.eus-en ari da praktikak egiten.
Zure interesekoa izan daiteke
'MV Hondius' gurutzaontzian hantavirus agerraldiak izan duen bilakaera: lehen kasuetatik, kontaktuen jarraipenera
Munduko Osasun Erakundeak jakinarazi du geldialdietan gurutzaontzitik atera ziren bidaiarien eta haien kontaktuen jarraipena egingo duela. Dagoeneko jarri dira harremanetan geldialdi horiek egin ziren herrialdeetako agintariekin.
Iranen aurkako erasoaldia amaitu dela eta Ormuzko itsasartean fase berria abian dela iragarri du Marco Rubiok
Bestalde, Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak bertan behera utzi du Ormuzen blokeatuta dauden ontziei laguntza emateko Askatasuna proiektua. Horrez gain, Estatu Batuek Ormuzen nabigazioa eta segurtasuna bermatzeko ebazpena aurkeztuko du NBEko Segurtasun Kontseiluan.
Irango erasoen aurrean defentsa indartuko duela esan du Arabiar Emirerri Batuetako presidenteak
Defentsa Ministerioak astearte honetan jakitera eman duenez, "Iranek jaurtitako" misilak eta droneak atzeman dituzte; hala ere, Teheranek ez du onartu eraso horien erantzulea denik.
Sei jendarme zauritu dira joan den ostegunean hasitako "rave" jendetsuan izandako liskarretan
Egunotan lege-prozesu bat dute martxan Frantzian, horrelako jai klandestinoak saihesteko legea gogortzeko.
Global Sumud ontzidiko bost euskal ekintzaile itzuli dira
Global Sumud flotillako bost euskal ekintzaile itzuli dira astelehen honetan. Goizean, Salim Malla Gutierrez Gasteizko unibertsitateko irakaslea Loiuko aireportuan lurreratu da, eta publikoki salatu du "kontzentrazio eremu flotatzaile batean bahitu" izana, bai eta jasan zituzten "tratu txar fisiko eta psikikoak" ere.
Ormuz zeharkatzen saiatzen diren ontziei eraso egingo diela ohartarazi du Iranek
Bien bitartean, Ameriketako Estatu Batuek iragarri dute gaurtik aurrera Ormuzko itsasartean harrapatuta dauden itsasontziak "askatzeko" operazioa egingo dutela.
Polymarket: apustuen eta gerraren jokoa
Polymarket kriptotxanponetan eta anonimatuan oinarritutako apustu-plataforma bat da, gertaera geopolitikoen inguruan apustu egiteko aukera ematen duena; Eric Trump, Donald Trumpen semea, da horren bazkide eta inbertitzaileetako bat. Borja Macias EHUko irakasleak ohartarazi du informazio pribilegiatua darabiltela; eta adibide moduan jarri du Maduro noiz bahituko zuten zehatz-mehatz asmatu zuen apustu bat.
Melenchon ezkertiarra 2027ko Frantziako presidentetzarako hautagai izango da
"Pribilegioek eta arrazakeriak egiten diote min gehien gure herrialdeari", salatu du politikari ezkertiarrak, eta Frantziako presidentetza lortzen badu, Espainiarekin eta "Latinoamerikako herrialde batzuekin" aliatuko dela ziurtatu du, Donald Trumpen eta Israelen AEBei aurre egiteko.
Flotillako bi aktibisten atxiloaldia bi egunez luzatu dute
Thiago Avila brasildarra eta Saif Abukeshek palestinar-espainiarra dira Global Sumud Flotillan parte hartzeagatik Israelgo indarrek atxilotuta dituztenak. Tratu txarrak jaso diuztela salatu dute euren abokatuek. Ekintzaileak "segurtasunez eta duintasunez" tratatzeko eskatu du Anitta Hipper Europar Batasuneko (EB) Kanpo Arazoetako bozeramaileak.
Estatu Batuetako bi soldadu desagertu dira Marokon, maniobra militarretan ari zirela
"African Lion 2026" izeneko ariketa militarretan parte hartzen ari ziren bi militar estatubatuar desagertu ziren larunbat gauean Cap Draa-ko entrenamendu-gune batean, Tan-Tan hiritik gertu, Maroko hegoaldean. Indar estatubatuarrak, marokoarrak eta African Lioni lotutako beste militar batzuk buru-belarri ari dira bilaketa-lanetan, lurreko zein aireko baliabideak erabiliz.