Venezuelarrek ez dakite noiz arte jasoko duten munduko gasolina merkeena
Oraindik ere, munduko gasolina merkeena jasotzen dute venezuelarrek, astelehenean indarrean sartu zen ordainketa sistema berriaren etorkizuna ezagutu gabe. Oraingoz, mekanismo berri horrekin probak egiten ari dira; izan ere, Gobernuaren helburua da diru-laguntzak murriztea eta salneurri "internazionala" finkatzea.
Iragan astean Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak iragarri zuenez, Gobernuak langile berriak ezarri ditu aipatu herrialdeko gasolindegi guztietan, herritarrei ordainketa sistema berri horri buruzko informazioa emateko.
Horrela, gaur egungo ordainketa sistema atzean utzi nahi dute, eta ordainketak gailu elektroniko baten bidez egitea. Hain zuzen ere, hatz-marka irakurtzeko gai da gailu hori, baita ordainketa txartelak eta QR kodea duten agiri digitalak ezagutzeko ere.
Gaur-gaurkoz, Madurok ez du erregaien prezio berria noiz ezarriko duten jakinarazi, ezta berorrek izango duen igoera zehaztu ere, baina "aberriaren agiria" dutenei bakarrik eragingo diela aurreratu du.
Biztanleen erdia eta hiru milioi ibilgailu inguru batzen dituen errolda daude agiri hori erabiltzen dutenen artean, eta gizartea eta politika kontrolatzeko arma gisa erabiltzen du Venezuelako Gobernuak, oposizioaren esanetan.