Atzeraldi arriskua petrolioak garestitzen jarraitzen badu
Saudi Arabiako birfindegien aurkako erasoek petrolioen prezioa garestitu dute. Ekonomilariek ohartarazi dutenez, erabakigarria izango da ondorengo asteetan Golko Persiarreko egoerak norantz jotzen duen ikustea.
Erasoen ondoren izan den petrolioaren prezioaren gorakada aurreikusi dute adituek. Ipar Itsasoko Brent kupela % 20 igo da. Igoera hau egun batzuetakoa soilik bada, bere ondorioak laster gaindituta gera daitezke. Ostera, igoera honek epe luzean jarraitzen badu, nazioarteko ekonomian eragin nabaria izango du. Beste arrisku iturri berri bat izango litzateke munduko ekonomiaren egonkortasunaren aurrean, Amerikako Estatu Batuen eta Txinaren arteko merkataritza gerraren eta Brexitaren ondoren.
AEBren eta Iraren arteko gerra bat, arriskurik handiena
Kupel bakoitzeko 10 euroko igoerak Alemaniako ekonomia atzeraldian jarriko luke. Ondorioz, baita Europar Batasunekoa ere. Baina egoera gainditu daiteke. Egoera oso ezberdina izango litzateke Amerikako Estatu Batuen eta Iranen arteko gerra bat piztuko balitz.
Munduko petrolioaren % 30 Hormuzko itsasbidetik igarotzen da, eta gerra bat izango balitz kupelaren prezioa bikoiztu egingo litzateke. Trump presidenteak dagoeneko Saudi Arabiako erasoei zigor neurriekin erantzuteko mehatxu egin du. Estatu Batuek Irani leporatzen diote erasoa, eta Iranek ukatu egin du erasoekin zerikusirik duenik. Baina gerra baten arriskuak erne dauka munduko ekonomia.