Trump, kargugabetze-prozesuari aurre egin beharko dion AEBko hirugarren presidentea
Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Ordezkarien Ganberak Donald Trump presidentearen aurkako kargugabetze-prozesua abiatzea onartu du, eta Senatura igaroko da auzia orain. Gauzak horrela, AEBn epaiketa politiko bati aurre egin behar dion hirugarren presidentea izango da Trump.
Botere gehiegikeria leporatuta bere aurka aurkeztutako karguak aldeko 230 boto demokratekin, kontrako 197rekin (195 errepublikano eta bi demokrata) eta abstentzio bakarrarekin (Tulsi Gabbard kongresista demokratarena) atera dira aurrera.
Zehazki, Collin Peterson eta Jeff Van Drew izan dira ezezko botoa eman duten bi demokratak. Ildo horretatik, Trumpen aurkako kargugabetze-prozesuaren kontra agertu da Van Drew, eta Alderdi Errepublikanora aldatzeko asmoa adierazi du demokratak, inguruko iturrien arabera.
Handik denbora gutxira, beste bozketa bat egin dute Ordezkarien Ganberan, eta argi berdea eman diote Kongresuaren lana oztopatzeagatik bere aurka aurkeztutako karguei -Batzorde Judizialak aurretik ere onartu zituen-, aldeko 229 botorekin eta kontrako 198rekin. Ganberak, 216 boto behar zituen gutxienez Trumpen aurkako epaiketa politikoa Senatura eramateko.
Jared Golden demokratak, 'impeachment' prozesua abiatzearen alde agertu da botere gehiegikeria karguen kasuan, baina, AEBko buruzagiak Kongresuari ustez jarri dizkion oztopoen inguruko bigarren bozketa horretan, ordea, Trumpen aurkako epaiketa politikoaren kontra bozkatu du.
Sei ordu inguru iraun duen saio horretan, Ordezkarien Ganberak erabaki du hurrengo pausoa ematea eta epaiketa politiko bat abiatzea Senatuan, Trumpen kargugabetzea ekarri dezakeena. Ordezkari demokratek fiskal gisa jardungo dute, senatariek epaimahai gisa eta epailea John Roberts Auzitegi Goreneko magistratu burua izango da. Trumpek, bere aldetik, bere abokatuen esku utziko du defentsa.
Trumpen aurkako kargugabetze-prozesua aurrera ateraz gero, presidente errepublikano bat Kongresuan gaitzesten duten lehen aldia litzateke. Epaiketa politikoa urtarrilean hastea espero da, baina Trump kargutik kentzeko aukera oso txikia da. Izan ere, Ordezkarien Ganberan ez bezala, errepublikanoek gehiengo osoa dute Senatuan (53 ordezkari), eta, gainera, 'impeachment' a gauzatzeko bi herenen babesa behar da.
Testuinguru horretan, Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako presidenteak nabarmendu du "egun handia" dela AEBko Konstituzioarentzat, baina "tristea" herrialdearentzat. Ildo horretatik, "oso harro" agertu da "demokratek erakutsitako adoreaz". "Ez diegu inoiz galdetu nola bozkatuko zuten ", gaineratu du.
Trumpen erantzuna
Donald Trumpek, Michiganen mitin bat ematen ari zela izan du bozketaren emaitzen berri. Alabaina, ez dagoela arduratuta ziurtatu du, errepublikanoen babesa baitu. Ildo horretatik, zenbait demokratek 'impeachment'aren aurka bozkatu izana "harrigarria" dela esan du.
AEBko presidenteak ohartarazi duenez, "Alderdi Errepublikanoa ez da inoiz egon orain bezain haserre baina batuta", eta senatari kontserbadoreek epaiketa politikoan "arduraz" jokatuko dutela azpimarratu du.
"Dena laster eta garaipen handi batekin amaituko da", ziurtatu du Trumpek, bere aurka abiatutako kargugabetze-prozesua Alderdi Demokratarentzat "suizidioa" dela esan ostean.
Etxe Zuriak tamalgarritzat jo du bozketaren emaitza
Trumpen gobernuak berehala eman du bere iritzia, eta, "nazioaren historiako gertakari politiko tamalgarrienetako bat" dela adierazi du.
"Errepublikanoen boto bakar bat ere jaso gabe eta inolako deliturik egin zela frogatu gabe, demokratek presidentearen aurkako legez kanpoko kargu batzuk aurrera atera dituzte Ordezkarien Ganberan", dio testuak.
Hala, Etxe Zuriaren arabera, "auzi alderdikoi batean oinarrituta jokatzea erabaki dute, presidenteak ezer txarrik egin egin ez duen arren. Gainera, audientziek frogatzen dute ez zuela ezer gaizki egin", berretsi du Trumpen gobernuak.
Halaber, Etxe Zuriak "engainutzat" jo du Trumpen aurkako kargugabetze-prozesua, eta AEBko presidenteari "prozesu justu bat" ukatu diotela berretsi du, hori "funtsezkoa" dela iritzita.
"Pailazokeria horiek guztiek argi uzten dute demokratek begi bistatik galdu dutela herri honek behar duena, Kongresuak herriarentzat lan egiteko beharra baitu. Bere asmoek 2016ko hauteskundeen emaitzak baliogabetu eta 2020ko hauteskundeetan modu desegokian eragiteko nahia erakusten dute ", azpimarratu du.
AEBn gaitzesten duten lehen presidente errepublikanoa
Gauzak horrela, Ordezkarien Ganberak gaitzetsitako lehen presidente errepublikanoa bihurtu da Trump, Richard Nixonek (1969-1974) dimisioa eman baitzuen 'Watergate' auziaren aurkako prozesua puntu horretara iritsi aurretik.
Gainera, Senatuan epaiketa politiko bati aurre egin behar dion hirugarren presidentea izango da, Andrew Johnson (1865-1869) eta Bill Clinton (1993-2001) demokraten ondoren.
Zure interesekoa izan daiteke
AEBk eta Ukrainak produktibotzat jo dituzte Errusiarekin izan dituzten negoziazioak
Ukraina eta Errusiako ordezkariak Arabiar Emirerri Batuetako hiriburuan bildu dira, Estatu Batuetako ordezkariekin batera, gerrari amaiera ematea duen bigarren bilera sorta batean. Elkarrizketek ostegunean jarraituko dute.
21 palestinar hil ditu Israelek Gazan, tartean sei haur, gauez egindako erasoetan
Erasoen biktimetako bat Hussein Hassan Hussein Al Samiri da, Palestinako Ilargi Gorriko paramediko bat. Israelek atzo gauetik jaurtitako bonbardaketa ugarietako batetik zaurituak zeramatzala eraso diote. Su-etenaz geroztik Israelek egindako erasoen ondorioz hildako gazatarren kopurua 556ra igo da, horien artean 115 adingabe baino gehiago.
Trumpek eta Petrok bakeak egin dituzte, urtebetez irainka aritu ostean
Donald Trump AEBko presidenteak eta Gustavo Petro kolonbiar homologoak astearte honetan bakeak egin dituzte, tonu atsegineko bilera batekin, Etxe Zurian, desadostasunek eta irain gurutzatuek markatutako urte baten ondoren.
Elon Muskek eduki esplizitua sustatu zuen Grok AArekin, Xn erabiltzaileak irabazteko
Aktibo egon zen hamaika egunetan, Groken irudi sortzaileak hiru milioi irudi sexualizatu baino gehiago sortu zituen; horietatik 23.000k haurrak irudikatzen zituzten eta 1,8 milioik inguru, emakumeak. Elon Muskek xAIko langileei eskatu zien eduki esplizituarekin lan egiteko trebatzeko, sexuala barne, eta langileei ohartarazi zien "eduki sentikorra, bortitza, sexuala eta/edo beste eduki iraingarri edo asaldatzaileak" ikusteko prestatu zitezela, "estres psikologikoa" eragin ziezaiekeen eta.
Nobel Institutuak adierazi du Machadoren sariaren berri filtratu zela, baina ez du zehaztu nola
"Iragarpena egin baino ordu batzuk lehenago hainbat pertsonak dirutza jokatu zuten apustu-webguneetan, eta, hortaz, ziur esan dezakegu batzuk gai izan zirela iazko erabakiari buruzko informazioa legez kanpo eskuratzeko", adierazi du Institutuak ohar batean.
X sare sozialak Frantzian dituen lokalak miatu dituzte eta Elon Musk deitu dute galdeketa egiteko
Frantziako Fiskaltza X sare soziala (lehen, Twitter) ikertzen ari da, bere bulegoetan egindako miaketa baten ondoren, eta enpresaren jabea deklaratzera deitu du, duela urtebete irekitako ikerketaren ondorioz.
Ilargirako misio tripulatua martxora arte atzeratu da, gaurko probetan erregai-ihesa izan eta bertan behera utzi behar izan dutelako
"Misio historiko honi ekiteko prest gaudela uste dugunean egingo dugu jaurtiketa", esan du Jared Isaacman NASAren buruak, eta gaineratu du taldeak datuak "sakon" berrikusiko dituela, "atzemandako arazo guzti-guztiak konponduko" dituela, beharrezko konponketak egingo dituela eta berriz egingo dituela saiakerak.
Mikel Reparazek egungo egoera geopolitikoari buruz egindako dokumentala proiektatuko dute gaur Bilbon
EITBren nazioarteko arduradunak lehia geopolitikoaren eremu liskartsuenetan grabatutako bideoak ikusentzunezko lan batean bildu dituzte. Dokumentala BBK Aretoan izango da ikusgai, eta ondoren, solasaldia antolatu dute.
Mila eraikin baino gehiago berkuntzarik gabe geratu dira Kieven, Errusiak egindako bonbardaketa baten ondorioz, -20 gradurainoko tenperaturak direnean
Darnitsia eta Dniprovski auzoetako etxeak dira. Energia-instalazioen aurka Errusiak egindako lehen erasoa da, joan den ostegunean energiaren aurkako bonbardaketetan aldi baterako su-etena ezarri zuenetik.
Petro eta Trump Etxe Zurian bilduko dira gaur, tentsioa baretzeko ahaleginean
Kolonbiako presidenteak kafez eta txokolatez betetako saskia eramango du AEBko presidentearekin egingo duen bilerara. Trumpek bilera "ona" izatea espero du, AEBk Maduro preso hartu zuenetik agintari kolonbiarra "oso atsegin" jokatzen ari dela esanda.