Greziak maniobra militarrak iragarri ditu benetako munizioarekin Turkiatik gertu
Greziako Armadak iragarri du maniobra militarrak egingo dituela berehala eta benetako munizioarekin Egeo itsasoaren ekialdean, Turkiako kostatik gertu. Turkiak mugak ireki eta errefuxiatuei Greziara joateko bidea eman dienean iritsi da Greziako Armadaren iragarpena.
"2020ko martxoaren 2tik eta hurrengo 24 orduetan benetako munizioarekin tiro egingo dugu, armamendu arinarekin eta pisutsuarekin, Egeo ekialdeko irlen ekialdeko itsas eremuetan, Samotraziatik Kastelorizora", azaldu dio Armadak AMNA albiste-agentzia greziar ofizialari.
Bestalde, Kyriakos Mitsotakis Greziako lehen ministroak atzo iragarri zuen ez zutela asilo eskaerarik izapidetuko gutxienez hilabete eta erdian, eta Frontex Europar Batasuneko kanpo mugen kontrolerako agentziari premiazko laguntza eskatu diola Turkiatik iristen ari den migratzaile oldeari aurre egiteko.
Testuinguru horretan, Siriako errefuxiatu bat hil dute tiroz Turkiatik Greziara bidean zihoanean, Evros ibaiaren inguruan, Edirne hiritik ehun bat kilometrora, Efe albiste-agentziak hainbat iturritan oinarrituta jakinarazi duenez. Hala ere, Gobernuak ez du halakorik baieztatu.
Milaka migratzaile ahaleginetan
Milaka pertsonak Edirne (Turkia) mugako herrian eman dute gaua Greziara sartzeko asmoz. Salatu dutenez, Turkiako Poliziak Europar Batasunera igarotzera bultzatzen ditu, baina mugara heltzean Greziako Poliziak gas negar-eragileekin erantzuten du. Bi indar polizialen artean harrapatuta geratu direla esan dute errefuxiatu eta migratzaileek.
Izan ere, pertsona horietako batzuek EFE albiste agentziari kontatu dietenez, "zaindu bako muga-postuetara eramango gaituztela esaten digute, baina atzo egon ginen halakoetan eta badakigu ez dela egia: Greziako Poliziak ez du inor pasatzen uzten, eta gas negar-eragilea botatzen digu".
"Atzo ehunka lagunekin izan nintzen, tartean zeuden familiak eta umeak. Aurrekoek —greziarrek— gasa jaurtitzen ziguten, eta atzean genituenek —turkiarrek— ez ziguten atzera egiten uzten. 15 ordu eman genituen harrapatuta", adierazi dute.
Are, saiakera egin ostean, Istanbulera eta Turkiako beste hiri batzuetara bueltatzen direnean, atzera egin behar izaten dutela salatu dute errefuxiatuek, Turkiako agintariek muga herrietara doazen ibilgailuetara igotzen uzten dietelako bakarrik.
Turkiak xaxatuta
Migratzaileek azaldu dutenez, nork bidalitakoak diren ez dakiten autobusek Grezia eta Turkia arteko mugan barrena (25 kilometro) uzten dituzte, talde txikietan.
Mohamed izeneko errefuxiatu siriar batek eta beste kide batzuen esanetan, Turkiako Poliziak isolatutako herrietara eraman ditu, eta han trafikatzaileak dituzte zain. Evros ibaia igarotzeko laguntza eskaintzen diete, aurrez 50 euro ordainduta. Migratzaile horiek Greziara igaro balira moduan zenbatzen omen ditu Turkiak.
Turkiako agintariek emandako datuen arabera, 100.000 pertsona igaro dira Grezia. Greziako agintarien arabera, 100 bat migratzaile atxilotu dituzte modu irregularrean muga zehartzea egotzita.
Bien bitartean, hainbat gezurrezko albiste zabaldu dira errefuxiatuen artean. Besteak beste, Greziak muga berehala zabalduko duela edota talde txikiei pasatzen utziko diela hedatu da. Greziako agintariek, ordea, muga inguruan dauden nazioarteko telefono mugikor guztietara SMS mezua bidali dute esanez muga itxita dagoela eta hura igarotzen saiatzen den oro atxilotuko dutela.

Hainbat errefuxiatu Edirnen (Turkia) kanpatuta. Argazkia: EFE
Duela hilabete errefuxiatuek asilo eskaera egiteko eskubidea bertan behera utzi zuen Greziak, eta indarkeria erabilita erantzuten die saiakera guztiei. Hungariak ere bertan behera utzi du asilo eskaeren eskubidea.
Era berean, Greziako Poliziak salatu du migratzaile batzuek harriak bota dizkietela.
Itsasoan ere bai: Ume bat hil da azken orduetan
Bien bitartean, ume bat hil da azken orduetan Lesboseko uhartera iritsi nahian zebilen ontzi batean. Greziako itsas poliziak 47 lagun erreskatatu ahal zituen. Bi adingabe Lesboseko ospitaleetako batera eraman zituzten. Horietako bat korderik gabe iritsi zen, eta handik gutxira zendu zen. Bestea onik dago.
Zure interesekoa izan daiteke
Singapurrek 47.000 euro emango ditu seme-alaba bakoitzeko, jaiotza-tasa sustatzeko asmoz
Familiei zuzendutako neurriek, halaber, hobekuntzak dakarte etxebizitzan, haurtzaindegietan eta hazteko baimenetan. Laguntza-pakete hori 2026an jaio diren edo 1 eta 17 urte bitartean betetzen dituzten Singapurreko haur herritar guztiei zabalduko zaie.
Tornado batek gutxienez 40 zauritu eta 300 etxe kaltetu ditu Frantziako hegoaldean
40 pertsona baino gehiago zauritu dira eta 15 ospitaleratu dituzte. Gainera, bi lagun Pomas herritik falta dira, Aude departamenduan, Frantziako hegoaldean.
Trumpek % 50era igoko ditu Kanadako automobilen eta beste produktu batzuen gaineko muga-zergak
Trumpen arabera, erabaki horren arrazoia da Kanadak AEBko nekazarien produktuen gainean ezartzen dituen zergak. Ildo horretatik, Kanadako lehen ministroak nabarmendu du bere herrialdea AEBren "funtsezko hornitzailea" dela, batez ere energia, mineral jakin batzuen eta hornidura-kateetarako ezinbesteko produktuen arloan.
AEBk zigorrekin mehatxatu ditu Iranekin lotura ekonomikoak dituzten herrialdeak
AEBko Altxorraren idazkariak ohartarazi duenez, Teheranekin negoziatzen duen "inor ez dago salbuetsita" zeharkako zigorren jomuga izatetik.
EBk onartu egin du Ukrainari 6.100 milioi ematea, misilak eta aire-defentsarako sistemak erosteko
Boluntarioen Koalizioak Ukrainako aireko defentsak premiaz indartzeko konpromisoa hartu du. Bilera egin dute astelehen honetan.
Ebolak dagoeneko 2.642 hildako eta 5.514 kasu baieztatu eragin ditu Kongoko Errepublika Demokratikoan
Bestalde, 808 paziente isolatuta edo ospitaleratuta daude, eta 1.200 lagun sendatu egin dira. Ebola Kongoko sei probintziatan zabaltzen ari da, eta hilkortasun-tasa % 47,9koa da.
Iranek ohartarazi du ez dela petrolio "tanta bat bera ere" aterako Persiar golkotik, AEBk "gerra ekonomikoari" eusten badio
Scott Bessent AEBko Altxorraren idazkariak, bestalde, astelehen honetan hasiko den "gerra ekonomikoa" guduaren azken fasea dela ziurtatu du.
5,9 graduko lurrikara batek Tokio astindu du
Richter eskalan 5,9 graduko indarra izan duen lurrikara batek Japoniako ekialdea astindu du igande goizaldean, bereziki Tokio eskualdea. 30 pertsona zauritu dira eta tren-zerbitzu batzuetan etenaldiak egin dituzte. Japoniako Meteorologia Agentziak (JMA) baztertu egin du tsunami arriskua.
Auzitegi federal batek baliogabetu egin du Trumpek 75 herrialderi bisak emateko jarritako debekua
Neurria urtarrilean sartu zen indarrean, AEBetako Gobernuaren arabera, etorkin horiek "Estatuarentzat karga bat bihurtzeko arriskua" zegoelako.
Errusiaren eta Ukrainaren arteko erasoek jarraitzen dute, gatazka hasi zenetik lau urte eta erdi igaro direnean
Hogei pertsona baino gehiago hil dira azken orduetan bi herrialdeetan droneak eta jaurtigaiak erabiliz egindako erasoetan.