22 hildako eta 22 zauritu Kabulgo Unibertsitateko eraso armatuan
Hiru gizon armatuk erasoa egin dute Kabulgo Unibertsitatean, ikasleak klasean zeuden bitartean. Afganistango Barne Ministerioko bozeramaile Tariq Arianek adierazi duenez, 22 pertsona hil dira (tartean hiru erasotzaileak) eta 22 pertsona zauritu dira erasoan. Zaurituak ospitalera eraman dituzte eta egonkor daude.
Tokiko telebista batek ikasleen ihesaldiaren irudiak erakutsi ditu, ikasleak ihesi campuseko hormen gainetik saltoka eta atzetik tiroak entzuten zirela. Sare sozialak ikasleek erasoa gertatu denean grabatutako bideoekin bete dira.
Tariq Arianen esanetan, "Afganistanen etsai batzuk" Unibertsitatean sartu dira eta indar bereziak egoera kontrolatzeko zabaldu dira. Horren arabera, ahal den guztia egin dute "terroristak atxilotzeko" eta Unibertsitateko ikasleek eta langileek erasorik ez jasateko.
Oraingoz, talde matxino bakar batek ere ez du erasoa bere gain hartu.
Afganistango gatazka
Talibanen eta Afganistango Gobernuaren arteko bake elkarrizketak irailean abiatu zituzten, ia bi hamarkadako gerrari amaiera emateko asmoz. Afganistango Gobernuaren helburu nagusietako bat su-eten iraunkorra lortzea da, baina, talibanen hitzetan, "inbasore" estatubatuarrek jarritako Kabulgo administrazioari aurre egitea inork geldituko ez duten gerra santu baten parte da.
Zure interesekoa izan daiteke
Erregaiaren prezioak kamioilariak estutu eta AEBko ondoez ekonomikoa larriagotzen ari da
Ehun bat zauritu eta 13 atxilotu Portugalen, etxebizitzaren aldeko kanpaldiak berriro hustu ondoren
Dozenaka kanpadenda jarri dituzte Erromako Koliseoaren aurrean, bizitzaren kostua garestitzearen aurka protesta egiteko
Manifestazio jendetsuak izan dira hirugarren larunbatez Frantzian, eta 500 lagun baino gehiago atxilotu dituzte