Gakoak, testuingurua eta noiz ezagutuko dira emaitzak
Ameriketako Estatu Batuetan presidentea aukeratzeko hauteskundeak egingo dituzte astearte honetan, azaroaren 3an. Herrialdean tentsio eta ziurgabetasuna dira nagusi, izan ere, datozen lau urteetan Etxe Zurian nor egongo den erabakiko dute estatubatuarrek. Bi dira hautagaiak eta biak ala biak gizonezkoak: batetik, Donald Trump egungo presidente eta Alderdi errepublikanoaren hautagaia, eta, bestetik, Joe Biden hautagai demokrata. Inkestek Biden jotzen dute irabazle, baina duela lau urte ere Hillary Clintonen aldekoak ziren eta ezustekoa gertatu zen.
COVID-19aren kudeaketa, arrazakeria eta Poliziaren indarkeria izan dira kanpainako gai nagusiak. Poliziak George Floyd, Jakob Blake eta Breonna Taylor hil ostean, arrazakeriaren gaia pil-pilean dago berriro ere.
Posta bidezko botoan inoizko eskaerarik handiena egon da eta, hauteskunde eguna baino lehen 100 milioi herritarrek eman dute dagoeneko aurretiazko botoa. Oraindik hauteskunde eguna falta dela kontuan izanda, parte-hartze handia espero da. CNN telebista kate estatubatuarraren arabera, 92 milioi estatubatuarrek eman dute botoa dagoeneko, hau da, 2016ko hauteskundeetan botoa eman zutenen hirutik bik baino gehiagok. Beste era batera esanda, erregistratuta dauden boto-emaileen % 43k eman dute botoa. Texasen, esaterako, aurreko bozetan baino jende gehiagok parte hartu du dagoeneko.
Aurten posta bidez emandako boto kopuru handia denez eta Pennsylvania eta Michigan bezalako estatu giltzarriek boto horiek kontatzen hauteskunde egunera arte hasi ezin dutenez, emaitzen iragarpena atzeratu egingo dela aurreikusten da.
Joe Bidenek garaipena lortuz gero, ikusteke dago Trumpek porrota onartuko lukeen. Testuinguru horretan, magnatearen jarraitzaileen erantzun bortitzaren beldur dira asko eta asko.
Ameriketako Estatu Batuetako burua aukeratuko badute ere, hautaketak munduko gainerako herrialdeei ere eragingo die.
Zer bozkatuko dute estatubatuarrek hauteskundeetan?
Presidenteaz gain, AEBko boto-emaileek Ordezkarien Ganberaren eta Senatuaren zati handi bat eta hamar gobernadore hautatuko dituzte.
Ordezkarien Ganbera: Azaroaren 3an, Ordezkarien Ganberako 435 kideak hautatuko dira. Bi urtetik behin aukeratzen dira. 2018ko hauteskundeetan, Alderdi Demokratak irabazi zituen hauteskundeak, 232 ordezkari eskuratuta. Alderdi Errepublikanoak, berriz, 197 lortu zituen.
Senatua: Goi Ganberako ordezkarien herena bi urtetik behin hautatzen da. Bi senatari aukeratzen dira estatu bakoitzeko. Azaroaren 3an, 33 senatari hautatuko dituzte. Gaur egun, errepublikanoek dute gehiengoa: 53 eserleku errepublikano eta 47 demokrata daude.
Gobernadoreak: Egun berean, 11 estatutako gobernadoreak ere hautatuko dituzte. Gaur egun, 50 gobernadoreetako 26 errepublikanoak dira, eta 24, berriz, demokratak.
Herri-ekimenak: Hauteskunde hauetan hainbat herri-ekimen ere bozkatuko dituzte estatu batzuetan. Hego Dakotako, New Jerseyko, Arizonako eta Montanako boto-emaileek marihuanaren aisialdirako erabilera legeztatuko duten ala ez erabaki beharko dute. Floridan, gutxieneko soldata orduko 10 dolarretik orduko 15 dolarrera igo ala ez egongo da jokoan. Texasen, ostera, Mexikorekin muga egiten duen harresiari babes esplizitua eman nahi dio 4. proposamenak.
Hauteskunde sistema berezia
Estatubatuarrek ez dute presidentea zuzenean hautatuko. Eginkizun hori Hauteskunde Kolegioari dagokio, baita presidenteordea aukeratzea ere. Estatu guztietako 538 ordezkariz osatutako batzordea da. Ordezkari horiek erabakiko dute, boto bidez eta estatubatuar guztien izenean, AEBko presidente berria. Beraz, garaipena lortzeko gutxienez 270 ordezkariren babesa behar da.
Estatu giltzarriak
Estatu gehienek behin eta berriro alderdi berdinaren alde (errepublikanoak ala demokratak) egiten dutenez, azken emaitza estatu jakin batzuetan erabakitzen da, hamar bat estatutan, bisagra edo swing states deiturikoetan. Estatu horiek dira orain demokraten alde eta orain errepublikanoen alde bozkatzen dutenak.
Ohio, Pennsylvania, Ipar Carolina, Florida, Michigan, Nevada, Wisconsin eta Arizona jo daitezke AEBko 2020ko hauteskundeetarako estatu garrantzitsutzat.
Biden faborito inkestetan
Boto-asmoari buruzko inkestek Joe Biden jotzen dute irabazle.
Wall Street Journal egunkariaren arabera, abantaila hori estutu egiten da giltzarri diren estatuetan. Hain zuzen ere, hamabi estatutan bi hautagaien arteko aldea sei puntukoa dela diote Bidenen alde.
Bestalde, The New York Times egunkariak argitaratutako inkesta baten arabera, 2016ko hauteskundeetan Donald Trumpek Hillary Clinton hautagai demokratari irabazi zion lau estatutan Joe Bidenek aurrea hartu dio. Zehazki, Arizona, Pennsylvania, Wisconsin eta Florida aipatzen ditu. Egunkariaren arabera, hauek dira Bidenen eta Trumpen portzentajeak estatu horietan: Arizonan, % 49 - % 43, Floridan, % 47 - % 44), Pennsylvanian, % 49 - % 43, eta Wisconsinen, % 52 - % 41.
Noiz jakingo dira emaitzak?
Normalean, estatubatuarrak presidente berriaren izena dakitela oheratzen dira hauteskunde egunean. Oraingo honetan, ordea, kontua ez da dago hain garbi. Pandemiaren ondorioz, posta bidezko botoak asko egin du gora, eta, lehia oso estua bada, baliteke egunak behar izatea emaitza jakiteko, boto horiek guztiak zenbatu beharko liratekeelako.
Inkestek Joe Biden hautagai demokratari abantaila txiki bat ematen dioten arren, estatu batzuetan oso emaitza estua espero da. Floridan, esaterako, berdinketa teknikoa espero da, eta, beraz, baliteke azken botoa zenbatu arte itxaron behar izatea.
Bestalde, Trump presidenteak, inolako frogarik gabe, hauteskunde iruzurra salatu du, eta Bidenek garaipena lortuz gero, oso litekeena da emaitzak zalantzan jartzea eta ez onartzea.
Hauteskunde osteko istiluak
AEBko hauteskundeetan, arrazaren gaiak garrantzia izango du, baita COVID-19aren pandemiak agerian utzi duen gizarte ezberdintasunak ere. Bi ikuspegi politiko daude aurrez aurre.
Gauzak horrela, agintariek ohartarazi dute segurtasun neurriak areagotuko dituztela hauteskunde egunari begira.
Adibidez, Manhattango dendak eta eraikin ikonikoak, Empire State Building kasu, babestu egin dituzte. Balizko txikizioen eta arpilatzeen beldur dira, maiatzean gertatu bezala. Broadwayn, New Yorkeko 5. etorbidean edo Washingtonen ere denda ugari agertu dira egurrezko oholekin edo panelekin babestuta.
Zure interesekoa izan daiteke
Marokok mafiei, desinformazioari eta itzulketei buruzko gaizki-ulertuei egotzi die Ceutako krisia
Marokoko Barne Ministerioak migratzaileak Ceutan masiboki sartu izanari buruzko lehen balorazioa egin du, eta 11 pertsona hil direla adierazi du. Rabaten esanetan, giza trafikoko sareek, desinformazio kanpainek eta Espainiako Auzitegi Gorenaren epai baten interpretazio okerrak eragin dute egoera. Epai horren ondorioez ohartarazi zion Marokok Espainiari, bertako iturri baten arabera.
Ormuzko itsasartearen eta Iranen desnuklearizazioaren inguruko akordioa "berehala" helduko dela uste du Trumpek
Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak adierazi duenez, gaur arratsaldean bilduko da Teheranekin, Golkoko zenbait herrialderen eskaeraren ostean. Irango Atzerri ministroaren arabera, ordea, Washingtonek ez du Ormuzko itsasartearen inguruko elkarrizketetan parte hartzen.
Idahoko tiroketaren osteko izua: bideo batek jendea oihuka ihesi erakusten du
Auto batetik grabatutako irudietan hainbat pertsona korrika ihesi hasten diren unea ikus daiteke, tiroketa baten berri izan ostean. Gutxienez hiru pertsona hil dira, eta bi zauritu. Ustezko erasotzailea hilda aurkitu dute bertan.
Trumpek bertan behera utzi du Iranen aurkako erasoa, eta berehalako akordioa eskatu dio Teherani
AEBko presidenteak esan du erasoaldia bertan behera utzi duela, akordio baterako oinarriak adostu ostean, eta negoziazioek porrot eginez gero, "Bigarren Mundu Gerratik ikusi gabeko" indar militarra erabiliko duela ohartarazi du.
Haize bolada bortitzek hainbat sute elikatzen jarraitzen dute Atenaseko eskualdean
Hiriburutik 60 kilometro ipar-mendebaldera dagoen Porto Germenon sugarren kontra ari dira suhiltzaileak. Haizea da etsairik handiena une honetan; izan ere, bolada bortitzek sugarrak elikatu dituzte, eta egoera kritikoa da herrialde osoan.
Europar Batasunak premiazko bilera egingo du asteartean Ceutako migrazio krisia aztertzeko, barne ministroak bilduta
EBko Kontseiluaren buru den Irlandak ezohiko bideokonferentzia deitu du, Pedro Sanchezek eta Europako beste 22 liderrek idatziz eskatu ostean.
EBko 22 estatuk Ceutako migrazio krisiaren aurrean erantzun bateratua eskatu dute
Italiak eta Danimarkak bultzatutako gutunean, EBko Barne ministroen ezohiko bilera eskatu dute kanpo-mugen kontrola indartzeko, eta ohartarazi dute erregularizazio masiboek "erakarpen-efektua" izan dezaketela.
Von der Leyenen ustez, Europako mugen kontrola "are gehiago indartu behar da"
Europako Batzordeko presidenteak ohartarazi duenez, "adi egon behar dugu sarbide kritiko guztietan, eta agintari guztien arteko koordinazio estua izan". Era berean, “ikasgaien azterketa-prozesu bat" abiatzeko eskatu du, "Europaren erresilientzia hobetzeko".
Hamasek armagabetzeko akordioa berretsi du, baina Israel Gazatik erretiratzea jarri du baldintza gisa
Testuinguru horretan, talde palestinarrak berretsi du ez duela bere esku dagoen armamentua entregatuko Israel Gazako Zerrendatik erretiratu baino lehen.
AEBk Kuwaiten duen base militar baten aurkako erasoa aldarrikatu du Iranek
Irakeko Gobernuak ukatu egin du bere lurraldearen barruan erasoak baimendu izana, Estatu Batuetako presidenteak aste honetan ziurtatu ostean Saudi Arabiarekin batera eta Irakekin koordinatuta egin zituztela erasoak. Bestalde, Itsaso Gorria babesteko nazioarteko koalizio baten sorrera iragarri du Saudi Arabiak.