Johnsonek EBko buruzagiekin hitz egingo du "txertoen nazionalismoa"ri aurre egiteko
Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak Europar Batasuneko buruzagi politikoekin hitz egiteko asmoa du covid-19aren aurkako txertoak Londresera esportatzeari mugak jartzeko planteamenduak errefusa ditzaten eskatzeko eta "txertoen nazionalismoa" galarazteko.
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak aurreko astean esan zuen Europar Batasuna baliabide guztiak aztertzen ari dela farmazia enpresek adostutakoa bete dezaten, eta zentzu horretan, Londresi ohartarazi zion ez dutela baztertzen Erresuma Batuko esportazioa debekatzea, AstraZenecak ez baditu zuzentzen EBrekin dituen atzerapenak.
Ostegunean EBko buruzagiek batzarra egingo dute bideokonferentziaz txertaketaz hitz egiteko, eta hainbat estatutan kutsatzeetan izaten ari den gorakada aztertzeko. Goi-bilera birtualaren aurretik Johnsonek horietako batzuekin hitz egingo duela espero da, The Financial Times-ek jakinarazi duenez.
Johnsonek 27ei ze mezu helarazi nahi dien galdetuta, Helen Whately Erresuma Batuko Osasun Estatu idazkariak Sky News-i esan dio "Europar Batasunari konpromisoak gogoraraziko" dizkiola.
"Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak lehen ministroari promestu zion Europar Batasunak ez ziela enpresei txertoen hornidurarekin dituzten betebeharrak betetzea galaraziko, eta EBk konpromiso hori bete beharra dauka", gaineratu du.
Zure interesekoa izan daiteke
Erregaiaren prezioak kamioilariak estutu eta AEBko ondoez ekonomikoa larriagotzen ari da
Ehun bat zauritu eta 13 atxilotu Portugalen, etxebizitzaren aldeko kanpaldiak berriro hustu ondoren
Dozenaka kanpadenda jarri dituzte Erromako Koliseoaren aurrean, bizitzaren kostua garestitzearen aurka protesta egiteko
Manifestazio jendetsuak izan dira hirugarren larunbatez Frantzian, eta 500 lagun baino gehiago atxilotu dituzte