Migrazioa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Auzitegi Nazionalak azalpenak eskatu dizkio Barne Ministerioari adingabe marokoarrak kanporatzeagatik

Migratzaileei eta errefuxiatuei laguntzeko Espainiako sareak salatu du legez kanpokoa dela Ceutara bakarrik iritsi ziren adingabeak Marokora bueltaraztea.
Adingabe marokoarrak Ceutako Poliziaren ibilgailu batean.
Adingabe marokoarrak Ceutako Poliziaren ibilgailu batean. Argazkia: EFE

Espainiako Auzitegi Nazionalak azalpenak eskatu dizkio Barne Ministerioari Ceutara bakarrik iritsi ziren adingabe marokoarrak kanporatzeko abiatu duen prozesuaren harira. Zehazki, 24 orduko epea eman dio erabaki hori argudiatzeko.

Migratzaileei eta errefuxiatuei laguntzeko Espainiako sareak salatu du adingabe horien oinarrizko eskubideak urratzen ari direla eta Auzitegi Nazionalak onartu egin du elkarte horrek astelehenean aurkeztu zuen helegitea, El Confidencial agerkeriak eta Europa Press agentziak zabaldu dutenez.

SER irratiaren arabera, Ceutako Fiskaltza prozedura hori geldiaraztearen alde agertu zen joan den igandean, aginduak oinarri juridikorik ez zuela ohartarazita.

Bien bitartean, Espainiako Barne Ministerioak eta Ceutako Gobernuak berretsi egin dute legearen baitan jardun dutela. Hala ere, epaileek kontrakoa ebatziz gero, atzera egingo dutela ziurtatu dute.

Juan Jesus Vivas Ceutako presidentea harago joan da eta aitortu du berak eman zuela adingabe marokoarrak itzularazteko prozesua abiarazteko agindua, Espainiak eta Marokok 2007an egin zuten ituna oinarri hartuta. "Beraien senideekin egongo dira hobeto. Hemen prekarietatean eta aterperik gabe bizi dira", adierazi du.

Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak ere enegarrenez esan du kanporatze kolektiboa legezkoa dela, bi herrialdeek sinatutako akordioan oinarritzen delako. Bere iritzian, itun horren aplikatzeko moduari buruz sortu da "eztabaida tekniko eta juridikoa". Edonola ere, atzera egiteko prest agertu da.

Bestalde, gobernuz kanpoko hainbat erakundek salatu dute bakarrik iritsitako adingabeen kanporatzea legez kanpokoa dela eta prozedura hori berehala eteteko eskatu dute Pedro Sanchezi helarazitako gutun batean.

Idatzi horretan, kezkatuta agertu dira kanporatzeak "kolektiboki, abisurik gabe eta berme juridikorik gabe" gauzatu direlako.  

Erakunde horiek ohartarazi dute ume horien oinarrizko eskubideak urratu direla, baita Espainiako, Europako eta nazioarteko ordenamendu juridikoak ere.

Zure interesekoa izan daiteke

Gaza argazkia
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

1.500 haurrek doako igeriketa-ikastaroen amaiera ospatu dute Gazako itsasoan bainua hartuz

Astearte honetan, 1.500 haur palestinar elkarrekin sartu dira itsasora Gazako hegoaldeko Al-Mawasi hondartzan udako doako igeriketa-ikastaroak amaitu dituztela ospatzeko. Eskolak Tantesh Akademiak antolatu ditu, eta 1999tik darama haurrei igerian irakasten. Familiak hondartza ondoan kanpin-dendetan eta egoera gogorrean bizi diren arren, akademiak eskolak ematea lortu du, hondartzan bertan aldi baterako igerilekuak eraikita.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X