Errusiak telebista dorre bat bonbardatu du Kieven, eta etxetik alde egiteko eskatu die herritarrei
Borroka gero eta latzagoak dira orduek aurrera egin ahala, Errusiak Ukrainaren aurkako erasoaldia hasi zuenetik seigarren egunean.
Astearte arratsaldean, Errusiako Defentsa Ministerioak ohartarazi du Kiev bonbardatuko duela une batetik bestera. Horren esanetan, eraso "zehatzak" izango dira Inteligentzia instalazioen aurka, baina, hala ere, gertu dauden herritarrei "etxetik ateratzekoa" eskatu die. Iragarpena egin eta gutxira, Errusiako Armadak telebista dorre bat bonbardatu du Kieven.
Erasoan bost pertsona hil eta bost zauritu dituzte, Ukrainako Larrialdi Zerbitzuak Facebook sare sozialaren bidez jakitera eman duenez.
Hain justu, gaur goizean jakin da 60 kilometro luze den konboi militar bat Kieverako bidean dagoela, hiriburua hartzeko. Bitartean, Moskuk ekialdeko hainbat hiri bonbardatu ditu, Kharkiv (herrialdeko bigarren hiri populatuena) tartean. Bertan, misil batek hiriko administrazioaren eraikina suntsitu du.
Konboia Kieveko ipar-mendebaldeko errepideetan ikusi dute, hiriburuaren erdigunetik 30 bat kilometrora, Maxar Technologies enpresa estatubatuarrak argitaratutako satelite-irudien arabera.
Are gehiago, Maxarren beste satelite-irudi batzuek erakutsi dute Errusiak handitzen jarraitzen duela Bielorrusiako ibilgailu militarren, aireko baliabideen eta armamentuaren kopurua, herrialdearen ekialdean, Brest hiritik mendebaldeko Homeleraino, CNN telebista-kate estatubatuarrak jakinarazi duenez.
Dirudienez, Priborsk hiritik iparraldera dagoen Antonov aire basetik atera zen ibilgailu blindatuek, tankeek, atoian eramandako artilleriak eta beste ibilgailu batzuek osatutako zutabe militar handi hori, Unian Ukrainako albiste-agentziaren arabera.
Zelenskik gerra krimenak salatu ditu
Bestalde, Ukrainako presidenteak Errusiak gerra krimenak egin izana eta, bereziki, astelehenean Kharkiv hiriaren kontra egindako bonbardaketa "basatia" salatu ditu. Hori dela eta, Errusiako misilak, hegazkinak eta helikopteroak airetik kanpo uzteko eremu bat eskatu du, baina ez du aipatu aire eremu hori nork eta nola ezarri beharko lukeen.
"Gaur indar errusiarrek bortizki eraso dute Kharkiv, artilleriako obusekin. Gerra krimen nabarmena da", adierazi du Zelenskik telebistan emandako hitzaldian.
"Kharkiv hiri baketsua da. Bizitegi-eremu baketsuak daude, instalazio militarrik gabeak. Dozenaka lekukotzek frogatzen dute ez direla tiro galduak, nahita egindako suntsipena baizik. Errusiarrek bazekiten nora ari ziren tiroka", azaldu du.
Igor Terekhov Kharkiveko alkateak jakitera eman duenez, "bederatzi pertsona hil dira, 37 zauritu eta 87 bizitegi-eraikin kaltetu dira Errusiako bonbardaketen ondorioz" azken orduetan.
AEBk baztertu egin du Errusiari aire eremua debekatzeko aukera, AEBren eta Errusiaren arteko zuzeneko gatazkarako urratsa izango litzatekeela uste baitu.
Horren harira, Etxe Zuriko bozeramaile Jen Psakik gogorarazi duenez, "presidenteak oso argi esan du ez duela asmorik tropa estatubatuarrak Errusiarekin gerra batean borrokatzera bidaltzeko", eta gaineratu du aireko bazterketak militar estatubatuarren hedapena ekarri beharko lukeela "zuzeneko edo potentzialki zuzenekoa litzatekeen gatazka bat, eta beharbada Errusiarekin gerra bat ekar lezakeena, eta ez dugu horretan sartzeko inongo asmorik".
Tropa errusiarrak aurrera egiten ari dira
Ukrainako eta Errusiako indar armatuek galerak izan dituzte Moskuk Sumy hirian, Ukraina ipar-ekialdean, egindako erasoan. Unian albiste-agentzia ukrainarrak jakinarazi duenez, Ukrainako Armadak 100 ibilgailu militar errusiar suntsitu ditu hiri horretan. Antikor atari ukrainarraren arabera, 70 hildako (zibilak eta soldaduak) zenbatu dituzte ukrainarren artean eta "hildako ugari" errusiarren artean. Errusiako artilleriak unitate militar bat jo du erasoan, eta hondakinen artetik gorpuak atera dituzte, horren esanetan.
Komunikazioetarako eta Informazioaren Babeserako Estatuko Zerbitzuaren hitzetan, hegoaldean, Itsaso Beltzaren ertzean dagoen Mariupol hiria Ukrainako Armadaren kontrolpean dago, baina Errusiak airetik egindako erasoaren ondorioz, ia hornikuntza elektrikorik gabe geratu da azken orduetan.
Bestalde, Ukrinform albiste-agentzia ukrainarrak jakinarazi duenez, Errusiak Kherson hiria erasotzeari ekin dio, eta zehaztu du tropa errusiarrak aireportutik Mykolaiveko errepidera joan direla.
Sirenak berriro entzun dira astelehen gauean Kieven, eta herrialdeko beste toki batzuetan, Volinia, Ternopil eta Rivne Ukraina ipar-mendebaldeko eskualdeetan, esaterako, aire-erasoak ez dira amaitu, The Kiev Independent egunkariaren arabera.
Gainera, hedabide horren arabera, Kievetik gertu dauden Vinnytsiako eta Bila Tserkvako herritarrei aterpeetara joateko eskatu diete.
Bestalde, Donbasseko independentistek (Errusiaren aldekoak) esan dute Ukrainaren esku zeuden 29 herri kontrolpean dituztela, eta Ukrainako Armadak Donetsk eskualdeko Horlivka hiriaren aurka artilleriarekin egindako erasoak salatu dituzte. Diotenez, 16 zibil zauritu dituzte eraso horietan.
Zure interesekoa izan daiteke
Macronek eta EBk babesa adierazi diote Espainiari, Trumpen mehatxu komertzialen aurrean
Sanchezek esker ona adierazi du, EBko erakunde nagusietako presidenteek eta Europako bazkideek (Frantziak, esaterako) laguntza eskaintzeko dei eta mezuak bidali dizkiotelako.
Israelek Iranek izendatutako edozein buruzagi hil egingo duela ohartarazi du Israel Katz Defentsa ministroak
Israelgo aireko armadak asteartean eraso egin zion Ali Khamenei aiatolaren ondorengoa aukeratzeko Adituen Batzordea biltzekoa zen eraikinari, Qom hiri santuan, izendapen prozesua etenarazteko ahaleginean. Hala ere, une horretan 88 erlijio-gizonak ez zeuden eraikinean bilduta.
Trumpek Espainiarekin duen merkataritza-harremana etengo duela mehatxu egin du, Irango gerrarekiko duen jarreragatik
Espainiako Gobernuak Trumpi erantzun dio, eta nabarmendu diu NATO eta Europako Defentsa konpromisoak bete egiten dituela. Era berean, ohartarazi dio EBren eta AEBren arteko akordioak errespetatu beharko dituela, aldebiko harremanak berrikusi nahi baditu.
Sidenor auziko epaileak mediku palestinar bat onartu du biktima eta akusazio partikular gisa
Akusazio partikular horrekin, Sidenorreko hiru arduradunak kontrabando delituaz gain, genozidio delituaren, gizateriaren aurkako delituaren eta gatazka armatuan babestutako pertsonen eta ondasunen aurkako delituan konplize gisa ikertu ahal izateko baldintza beteko litzateke. Fiskalak Sidenorreko erregistroak baliogabetzeko eskatua zuen, eta kontrabandoa ez beste delituen akusazioak erretiratzea, hain zuzen ere, baldintza hori betetzen ez zelako. Ikusteko dago, orain, ikerketak zer norabide hartuko duen.
Von der Leyenek Ekialde Hurbileko krisiaren "ondorioei" aurre egiteko prest egotea eskatu dio EBri
Frantzia prest agertu da Iranen erasoen aurrean Golkoko eta Jordaniako herrialdeen defentsan parte hartzeko, eta Alemaniak, berriz, baztertu egin du Iranen aurkako erasoarekin bat egitea, eta bere tropek eskualdean duten papera autodefentsara mugatuko du.
Israelek Iranen lur azpiko kuartelei eraso die, Teheranen
Israelgo Armadaren arabera, 100 eraso baino gehiago egin ditu lurpeko kuartelen kontra, eta jaurtitzeko baseak eta misil balistikoak ere suntsitu ditu. Azpimarratu duenez, "behar beste denbora" iraungo du gerrak . Larunbatetik, 555 pertsona hil dituzte Iranen, Ilargi Gorriaren arabera.
Petrolioaren prezioak gora egin du eta gorabeherak daude itsas eta aire trafikoan, Ormuzko itsasarteko tentsioaren ondorioz
Ontzi enpresa nagusiek ez dute handik igaro nahi, eta zer gertatuko zain daude. Halaber, 3.000 hegaldi baino gehiago bertan behera utzi dituzte asteburuan, Ekialde Hurbileko gatazka lehertu denetik.
Albistea izango dira: Gatazka Iranen, Makina-Erremintaren Azoka eta martxoaren 3aren aurreko eguna
Gaurkoan Orain-en albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Hezbollak Libanotik eraso dio Israeli, eta Israelgo Armadak Beirut bonbardatu du
Donald Trump AEBko presidenteak Venezuelaren antzeko trantsizioa proposatu du Iraneraok, eta erasoaldiak "lau aste edo gutxiago" iraun dezakeela adierazi du.
EBk ohartarazi du Ekialde Hurbilak asko duela galtzeko gerra batekin, eta "moderazioa" eskatu du
Europar Batasuneko Kanpo ministroek azken orduotako erasoak salatu dituzte, eta Ormuzko itsasartean zirkulazioa etetea saihesteko eskatu dute, besteak beste.