Laguntza humanitarioa iristen hasi da, Turkia eta Siria biktimak erreskatatzen saiatzen ari diren bitartean
Lurrikarak Turkia eta Siria astindu ditu, eta 100 herrialde eta erakunde ingururen babesa jaso dute, batez ere erreskateetarako boluntario-taldeen ekarpenarekin, baita bizirik atera direnei laguntzeko finantzaketarekin eta hornidurekin ere. Hala ere, laguntza modu desberdinean iristen da, estatu otomandarrak Siriak baino baliabide asko gehiago baititu, gerraren ondorioz.
Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek berak, bere datuen arabera, 70 estatuk eta nazioarteko 14 erakundek bidalitako laguntza materiala eta giza laguntza eskertu du gaur, 50.000 pertsonak osatutako erreskate operazio batean. Operazio horretan, 65 herrialdetatik datozen 2.700 erreskate-aditu egongo dira.
Izan ere, zazpi eguneko epe eta aukera bakarra dute hondakinen azpian lurperatuta geratu diren pertsonak erreskatatzeko, esan du gaur NBEko Laguntza Humanitarioko Bulegoko ordezkari batek.
Kalkulu hori munduan egindako erreskate-operazio ugariren emaitza da, baina beti egon daitezke salbuespenak eta biktimek denbora gehixeago jasan ahal izatea, adierazi du erakunde horretako bozeramaile Jens Laerkek tragediaren giza kostuaren lehen balantzea egitean.
7.200 hildako. Hori da Turkiako eta Siriako agintariek atzo gertatutako lurrikara sortaren ondorioz izandako biktimen inguruan emandako azken datua. Zoritxarrez, etengabe hazten ari da hildakoen kopurua.
Zeroz azpiko tenperaturak izan dira, eta elurra dago nonahi; gainera, eremu menditsua izanik, erreskate taldeek ez dute lan makala. Bilatze lanek, ordea, ez dute etenik, lehen orduak erabakigarriak baitira hondakinen artean bizirik egon daitezkeen pertsonak ateratzeko.
Orain arte, 8.000 pertsona atera dituzte onik Turkian.
Azken orduotan, 30 urteko gizonezko bat erreskatatu dute, eraikina behera etorri eta 30 ordu geroago. Bestalde, 28 ordu harrapatuta egon ostean, emakume bat eta horren hiru-seme alabak ere bizirik atera dituzte.
Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak hiru hilabeteko larrialdi egoera ezarri du lurrikarak astindutako hamar probintziatan.
Laguntza Turkiara iristen ari da, ez hainbeste Siriara
Orhan Tatar Afad larrialdietarako agentzia nazionaleko kargudunaren arabera, 25.000 bat lagun ari dira bilatze eta erreskate lanetan, tartean soldaduak. Horren hitzetan, 12,1 milioi euro bideratu dituzte jada kalte gehien izan dituzten 10 eskualdeei laguntza emateko.
65 herrialdetako 2.700 pertsona bidean daude edo iritsi dira erreskate lanetan laguntzeko. Gainera, dozena bat herrialdek erreskate taldeak eta bilatze lanetan adituak diren lagunak bidali dituzte.
Bart kaltedunentzako horniduraz betetako Irakeko bi abioi eta Irango bat lurreratu dira Damaskon (Siria), SANA albiste agentzia siriarrak zehaztu duenez.
Bagdadetik bidalitako hegazkinetako bakoitzak 70 tona elikagai, osasun material eta bestelako produktuak daramatza. Osama Mahdi Ghanem Irakeko Atzerri Ministerioko arduradunaren hitzetan, datozen egunetan bidalketa gehiago egingo dituzte.
Bitartean, Ahmed al Mandhari Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) Ekialdeko Mediterraneoaren eskualdeko zuzendariak gaur salatu duenez, ez da "gertakari tragikoen" zain egon behar Siriako egoera gogoratzeko. Izan ere, ez zen eskatutako finantzaketaren erdia ere jasotzen ari.
Lurrikarak baino lehen, Siriak bere krisi humanitariorik larriena pairatzen zuen, 2011n Damaskoren aurkako matxinadak piztu zirenetik eta gerra hasi zenetik, biztanleriaren % 90 pobrezian murgilduta, oinarrizko produktuen hornidurarik gabe eta milioika pertsona desplazatuta.
Behin-behineko Gobernuko ministroak, Siriako Koalizio Nazionalak (CNFROS) sortutako organoak, nabarmendu duenez, Idlibek eta Alepok laguntza behar dute osasun-zentro eta erreskate talde "guztientzat", baita aterpetxeentzat eta kaltetuentzako elikagaientzat ere.
Damaskoko eremuetatik bidalketa puntualak izan ezik, eskualde hauek laguntza humanitarioa soilik jaso dezakete Bab al Hawako mugako pasabidetik, herrialdearen oposizioko azken gotorlekua Turkiarekin lotzen duena, eta, gainera, lurrikaren ondorioz kalteak jasan dituena.
Ez da espero kargamentu horiek, gehienak Damaskoko aliatuek bidaliak, oposizioko alderdiekin partekatuko direnik.
Bestalde, Joe Biden AEBko presidenteak Turkiara laguntza humanitarioa bidaltzeko agindu du, tartean erreskate lanetan lagunduko duten taldeak.
Aitzitik, Fuat Oktay Turkiako presidenteordeak jakinarazi duenez, lurrikarak kaltetutako 350.000 pertsona baino gehiago aterpetxe, unibertsitate eta ikasleentzako zentroetara lekualdatu dituzte.
Larri zauritutakoak, berriz, Istanbul eta Ankarako ospitaleetara bidali dituzte, eta itsasontzi militar bat atondu dute biktimak Iskenderun portutik (hego-ekialdean, epizentroa izan zen tokitik gertu) Mersinera eramateko (hobeto prestatutako erietxeak daude han).
Erreplika gehiagoren beldur, gas eta argindar hornidura eten dute hainbat lekutan, eta Estatuko petrolio enpresak ere gordina bidaltzeari utzi dio, "badaezpadako neurri gisa".
Turkiako agintarien arabera, 6.200 eraikin baino gehiago suntsitu dituzte lurrikarek. Aurrenekoa, atzo goizaldean jazotakoa, 7,8 gradu harrapatu zituen Richter eskalan; gerora, goiz erdian, 7,6 graduko beste bat izan zen, eta tartean dozenaka erreplika.
Zure interesekoa izan daiteke
Idahoko tiroketaren osteko izua: bideo batek jendea oihuka ihesi erakusten du
Auto batetik grabatutako irudietan hainbat pertsona korrika ihesi hasten diren unea ikus daiteke, tiroketa baten berri izan ostean. Gutxienez hiru pertsona hil dira, eta bi zauritu. Ustezko erasotzailea hilda aurkitu dute bertan.
Trumpek bertan behera utzi du Iranen aurkako erasoa, eta berehalako akordioa eskatu dio Teherani
AEBko presidenteak esan du erasoaldia bertan behera utzi duela, akordio baterako oinarriak adostu ostean, eta negoziazioek porrot eginez gero, "Bigarren Mundu Gerratik ikusi gabeko" indar militarra erabiliko duela ohartarazi du.
Haize bolada bortitzek hainbat sute elikatzen jarraitzen dute Atenaseko eskualdean
Hiriburutik 60 kilometro ipar-mendebaldera dagoen Porto Germenon sugarren kontra ari dira suhiltzaileak. Haizea da etsairik handiena une honetan; izan ere, bolada bortitzek sugarrak elikatu dituzte, eta egoera kritikoa da herrialde osoan.
Europar Batasunak premiazko bilera egingo du asteartean Ceutako migrazio krisia aztertzeko, barne ministroak bilduta
EBko Kontseiluaren buru den Irlandak ezohiko bideokonferentzia deitu du, Pedro Sanchezek eta Europako beste 22 liderrek idatziz eskatu ostean.
EBko 22 estatuk Ceutako migrazio krisiaren aurrean erantzun bateratua eskatu dute
Italiak eta Danimarkak bultzatutako gutunean, EBko Barne ministroen ezohiko bilera eskatu dute kanpo-mugen kontrola indartzeko, eta ohartarazi dute erregularizazio masiboek "erakarpen-efektua" izan dezaketela.
Von der Leyenen ustez, Europako mugen kontrola "are gehiago indartu behar da"
Europako Batzordeko presidenteak ohartarazi duenez, "adi egon behar dugu sarbide kritiko guztietan, eta agintari guztien arteko koordinazio estua izan". Era berean, “ikasgaien azterketa-prozesu bat" abiatzeko eskatu du, "Europaren erresilientzia hobetzeko".
Hamasek armagabetzeko akordioa berretsi du, baina Israel Gazatik erretiratzea jarri du baldintza gisa
Testuinguru horretan, talde palestinarrak berretsi du ez duela bere esku dagoen armamentua entregatuko Israel Gazako Zerrendatik erretiratu baino lehen.
AEBk Kuwaiten duen base militar baten aurkako erasoa aldarrikatu du Iranek
Irakeko Gobernuak ukatu egin du bere lurraldearen barruan erasoak baimendu izana, Estatu Batuetako presidenteak aste honetan ziurtatu ostean Saudi Arabiarekin batera eta Irakekin koordinatuta egin zituztela erasoak. Bestalde, Itsaso Gorria babesteko nazioarteko koalizio baten sorrera iragarri du Saudi Arabiak.
AEBk eta Saudi Arabiak Iranen aldeko miliziei eraso egin diete Iraken, drone bidezko eraso baten ondoren
Bonbardaketek Herri Mobilizazioaren Indarretako 20 kide hil eta 32 zauritu dituzte gutxienez, eta Irakek larrialdiko bilera deitu du tentsioak gora egin duelako.
Fujimorismoa itzuli da: Keiko Fujimorik presidente karguaren zina egin du
Alberto Fujimori presidente ohiaren (1990-2000) alabak laugarren saiakeran lortu du presidente izatea. Aurreko hauteskundeetan bigarren itzulian galdu zuen. Azken hamarkadan herrialdeak bizi izan duen ezegonkortasun politikoari aurre egin beharko dio, eta gobernatzeko akordioak lortu beharko ditu, ez baitu eta gehiengo osorik. Gainera, Keiko Fujimorik Trumpengana gerturatzeko asmoa duela iragarri du, eta horrek aldaketa ekar dezake politikan, Peruko ekonomiaren bazkide nagusia Txina baita.