Israelgo Armada Gazako Zerrenda osoari erasotzeko prestatzen ari da
Israelgo Armadak iragarri du Gazako Zerrenda osoaren aurkako erasoaldi handi bat prestatzen ari dela, "lurretik, itsasotik eta airetik". Gazaren aurkako erasoak ez dira eten, eta Israelek herritarrei Gaza iparraldetik alde egiteko emandako ultimatuma amaitu egin da.
Gainera, bi alerta aktibatu dituzte iparraldeko bi kibbutzetan: Arima, Israelen, eta Avnei Eitan, Golango gainetan (Israelek okupatutako Siriako lurraldea). Esan dutenez, Sirian dagoen "erasoaren jatorriari" eraso diote.
Bitartean, milaka gazatarrek iparraldetik hegoaldera ihesi jarraitzen dute, Israelek inguru horretako herritarrei bertatik joateko emandako epea agortu ostean ere. Euskal Herrian 15:00ak zirenean (16:00ak Gazan) agortu da denbora, baina oraingoz ez da zabaldu Israelek iragarritako operazio handiari ekin dionik. Nazioarteko ekimen asko dira martxan, beste hondamendi humanitario bat ez izateko denbora irabazteko.
Israelgo Armadak Gazatik ateratzeko bi korridore irekiko dituela iragarri die larunbat honetan Gazako iparraldeko eta erdialde-iparraldeko biztanleei. 10:00etatik 16:00etara (09:00etatik 15:00etara, Euskal Herrian) egon dira zabalik.
Israelgo Defentsa Indarretako hedabide arabiarren dibisioko buruak, Avichay Adraee koronelak, mezu hau argitaratu du X sarean duen kontuan: "Zuen segurtasuna eta zuen senideena inporta bazaizue, joan hegoalderantz, jarraibideen arabera".
Gainera, horren hitzetan, Saladinoko erdiguneko errepidea eta Daldul eta Al Sana kostaldeko etorbideak lotzen dituen bidea, Khan Yuniserantz (hegoaldeko herri nagusia) "inolako arriskurik gabe" egin ahal zuten zibilek.
Hala ere, nahiz eta Israelek segurtasun bermeak iragarri, "Gaza hirian bonbardaketak ez dira gelditu", Gazako herritar batek EFEri esan dionez.
Wafa agentzia palestinarrak zabaldu duenaren arabera, ultimatuma amaitu baino pixka bat lehenago, Gazako iparraldeko Jabalia barrutiko eraikin baten aurkako aire-eraso batek 27 hildako eta 80 zauritu baino gehiago eragin ditu.
Israelek Gaza iparraldeko herritarrak (1,1 milioi pertsona, erdiak adingabeak) ebakuatzeko agindua eman zuen ostiralean. Bitartean, krisi humanitarioa areagotzen ari da Gazan, Israelen erabateko setioak janaria, ura, elektrizitatea eta beste produktu batzuk sartzea eragozten baitu. Botika eta osasun-material eskasia eragin du horrek ospitaleetan; zaurituak, ordea, etengabe iristen dira.
Ospitaleak ebakuatzeko aukerarik gabe
Gazako Zerrendako hiru osasun-zentro handik, Al Awdako ospitaleak, Kamal Adwan haurrentzako zentroak eta, batez ere, inguruko handienetakoa den Al Quds ospitaleak, iragarri dute Israelek Gazako Zerrendako iparraldeko egoiliarrei emandako ebakuatzeko aginduari entzungor egin beste aukerarik ez dutela, ezinezko zaielako zaurituak lekuz aldatzea.
Al Quds ospitalean aritzen den Palestinako Ilargi Gorriak larunbat honetan argitaratutako ohar baten bidez jakinarazi duenez, ehunka zibil daude Gazako ospitale horretan babestuta, "oso larri dauden zauritu ugari" eta "inkubagailuetan dauden haurrak" tartean.
"Horregatik, Ilargi Gorriak ezin du ospitalea hustu, eta bere agindu humanitarioak zaurituak artatzera behartzen ditu langileak". Horrela, "geratzea erabaki duten egoiliarrei funtsezko tratamendua ematen jarraituko dute", ohartarazi du Ilargi Gorriak ohar batean.
Erakunde humanitarioaren arabera, Israelgo Armadak ospitaleko zuzendaritzari deitu dio berriro, Gazako Zerrendako biztanleentzako ultimatumean zehaztutako denbora agortu baino lehen (Euskal Herrian 15:00ak zirenean) bertatik ateratzea eskatzeko.
Bestalde, Ahmed Muhanna Al Awda ospitaleko arduradunak Wafa Palestinako albiste-agentzia ofizialari jakinarazi dionez, ospitaleko osasun langileak (35 mediku eta erizain) "hondamendi egoerako baldintzetan" ari dira lanean, "hildakoen eta zaurituen kopurua azkar igo delako".
Muhannaren hitzetan, langileek bertan geratzea eta pazienteei laguntza ematen jarraitzea erabaki dute, batez ere Jabaliako erietxe horretan egoera kritikoan daudenei laguntzeko.
Al Awda ospitalean lan egiten duen Mugarik Gabeko Medikuak (MSF) gobernuz kanpoko erakundeak jakinarazi duenez, "zibilen ebakuazioa zaila da oraindik", eta osasun-langileak eta bertan dauden pazienteak babestea da lehentasuna orain.
Palestinako Osasun Ministerioaren esanetan, urriaren 7tik 28 sendagile hil ditu Israelek Gazan egindako erasoetan.
Muga guztiak itxita
Gazako mugako sei pasabideak itxita daude, Rafahkoa (Gazako Zerrendaren hegoaldean dago, eta Egiptorekin muga egiten duen bakarra da) alde palestinarretik itxita geratu ondoren.
Munduko Osasun Erakundeak jakinarazi duenez, Egipto aldetik sar daiteke, baina Palestina aldetik itxita dago, eta horrek eragotzi egiten du laguntza humanitarioaren joan-etorria, bai Nazio Batuen Erakundeak Egiptora bidalitako hornidura medikoen kargamentua, baita laguntzera doazen pertsonena ere.
Rafakoaz gain, Gazak mugako beste bost pasabide ditu: Erez iparraldean, Nahal Oz eta Karni ipar-ekialdean, eta Sufa eta Kerem Shalom hegoaldean. Denak daude Israelekin mugan, eta denak daude itxita.
Israelek Hamaseko buruzagi bat hil du
Israelgo Armadak Gaza bonbardatzen jarraitu du bart eta gaur goizaldean. Besteak beste, Hamaseko eliteko dozenaka milizianoren postu bati eta aireko operazioetarako kuartelari eraso die, eta larunbateko sarraldiaren arduradunetako bat hil omen du bertan, Merad Abu Merad komandantea.
Gaueko bonbardaketen burrunba Gazatik Israelera bidalitako koheteen alarmekin nahastu da. Israel tropak pilatzen ari da inguru osoan, une batetik bestera lurreko erasoaldi bati ekiteko.
Hamasek Gazan bahituta dituen 130 petsonaren bila abiatu zuen Israelgo Armadak erasoa, eta gatibuen gorpuak aurkitu dituzte, Israelgo prentsaren arabera. 1.400 pertsona inguru hil eta 3.400 baino gehiago zauritu dira Israelen gerra hasi zenetik.
Gerraren zortzigarren eguna hasi aurretik, 2.215 hildako eta 8.700 zauritu zenbatu dituzte Gazan Israelen aire-erasoen ondorioz. Gainera, suntsipena sekulakoa da bertan, etxebizitza-eraikin asko eta azpiegitura zibil asko erabat txikituta geratu baitira.
Ostiralean, 70 pertsona hil eta dozenaka zauritu zituen Israelgo Armadak, hegoaldera ebakuatzen ari ziren zibilak zeramatzaten hiru konboiren aurka egin zuen erasoan. Hildako eta zauritu gehienak emakumeak eta haurrak dira.
Zure interesekoa izan daiteke
AEBk Hego Korearekin ariketa militar bateratuak murriztuko dituela iragarri du Trumpek
Estatu Batuetako presidenteak igande honetan iragarri duenez, Seulek Iranen aurkako gerrarekin bat egiteari uko egin duelako eta Kim Jong Un buruzagi iparkorearrarekin duen "harreman bikaina" duelako hartu du erabakia.
Landetako azken sutea kontrolatzea lortu dute, eta ebakuatuetako batzuk etxera itzuli ahal izango dute
Landetako prefekturako idazkari nagusiak ohartarazi duenez, baina, "sua kontrolatua egoteak ez du esan nahi itzalita dagoenik; beraz, oso erne egon behar dugu".
Bere jarrera "defentsiboa" "erasokorra" izango dela esan du Iranek eta "ezustekoak" iragarri ditu
"AEBetako indar erasotzaileetako kide bat harrapatzen edo hiltzen duen edonork 30.000 dolar (21.500 euro inguru) edo 5.000 milioi rial irandar jasoko ditu", iragarri du Hatami generalak IRNA albiste agentziak jasotako adierazpenetan.
Hamar palestinar zauritu dituzte, bi tiroz, Israelgo kolonoek Zisjordanian egindako beste erasoa batean
Aita Santuak "Zisjordaniako populazio zibil palestinarraren aurkako indarkeriak bertan behera uztea" eskatu du, eta nazioarteko komunitateari premiaz eskatu dio "bi Estatuen konponbidea aurrera eraman dezatela, bake justu eta iraunkor baterako".
Gazan "gauero 30-40 pertsona hiltzeko" deia egin du Ben Gvir Israelgo ministroak
"Uste dut hilketa selektiboak egin beharko liratekeela Gazan, gauero 30-40 pertsona desagerraraziz. Ez soilik berehalako mehatxua direnak; badira han bizitzea merezi ez duten pertsonak. Ez lukete bizi behar. Ez dira pertsonak ere", esan du Segurtasun ministroak.
Landetako suteak hobera egin du, baina oraindik ez dute kontrolpean
Suak 1.700 hektareari eragin dio jada eta 550 suhiltzaile inguru ari dira itzaltzeko lanetan. 650 lagun atera behar izan dituzte euren etxeetatik eta kanpingetatik eta 50 pertsonak gaur gauean itzultzeko baimena jaso dute.
AEBk Hamasi hitzeman dio Israel Gazatik erretiratuko dela armagabetzeak aurrera egin ahala
Jared Kushnerrek Egipton azpimarratu du 2025ean adostutako bake-plana ez dela berriro negoziatuko eta haren baldintzak beteko direla.
Landetako baso-sutea berpiztu egin da eta 1.600 hektarea erre ditu
Luglon udalerriaren hegoaldean hasi zen sua, Mont-de-Marsanetik 30 kilometrora, eta Garein ingurura zabaldu da. 700 pertsona inguru ebakuatu dituzte prebentzioz.
7,7 graduko lurrikara batek hildakoak eragin ditu Indonesian
Lurrikarak Flores uhartea astindu du goizaldean, eta iparraldeko kostaldearen parean eta 15 kilometroko sakoneran izan du epizentroa. 2.000 pertsona ebakuatu dituzte, baina zaurituak eta kalte materialak eragin ditu.
Trumpek esan du Ormuzko itsasartea AEBko lurraldetzat joko duela "laster"
Iran "garaitu" ostean egingo duela eta Washingtonen baimenik gabe itsasontziek ezingo dutela itsasartea zeharkatu adierazi du. Teheranen hitzetan, "ezin da txioak, hegazkin-ontziak, dekretuak edo hauteskundeetako hitzaldiak baliatuta bereganatu".