Israelek Khan Yuniseko eremu humanitario baten aurka egindako erasoan hil edo zauritu direnen kopuruak gora
Dozenaka pertsona hil eta ehunka zauritu dira Israelek larunbat honetan egindako erasoan. Israelgo Armadak "gune humanitario" izendatu zuen Gaza hegoaldeko Khan Yunis hiriko eremu hori, baina ez da gune horretan egindako lehen erasoa.
Bertako iturriek azaldu dutenez, hiru misilek bete-betean jo dute Mawasiko gune humanitarioa, Rafahtik behartuta ihes egin behar izan duten milaka palestinarren bizitokia.
Gazako osasun sailaren arabera, oraingoz, 90 dira hildakoak eta ia 300 zaurituak, baina datu horiek okerrera egingo dute, zaurituetako asko larri baitaude.
Erreskate taldeek orduak eman dituzte gorpuak berreskuratzen, eta zaurituak artatzeko osasun zerbitzu oso gutxi daude. Herritarrak autoetan, gurdietan edo bizkarrean hartuta aritu dira biktimak ospitaleetara eramaten.
"Eremu humanitario" izendatu arren, eta Rafahra itzultzea ezinezkoa bada ere, Israelgo Armadak behin baino gehiagotan egin ditu erasoak Mawasin.
Israelen arabera, erasoa zuhaitzez eta eraikinez inguratutako zabalgune batean izan da, ez Mawasiko kanpamentuetan. EFEren irudiek erakutsi dutenez, baina, dozenaka kanpadenda erabat suntsituta gelditu dira.
Israelgo segurtasun indarren eta hedabideen arabera, Hamaseko lider bat zen eraso horren jomuga, Mohammed Deif, erakundeko bigarrena, Yahya Sinwarren atzetik, eta urriaren 7ko erasoen erantzule nagusienetakoa. Hedabide batzuen arabera, Rafa'a Salameh, Hamasen Khan Yuniseko brigadako komandantea, zegoen Deifekin.
Armadak, helburua hori zela esateaz gain, ez du bestelako azalpenik eman, eta ez du argitu Deif edo Salameh hildakoen artean ote dauden.
Hamaseko buruzagi Abu Zuhrik ziurtatu duenez, hildako guztiak zibilak dira, eta, horren esanetan, "Amerikaren babesaz eta munduaren isiltasunari esker Israel egiten ari den genozidioaren gerran eskalatze larria" da eraso hau. Israeli leporatu dio "buruzagien aitzakia" erabiltzea sarraskia eragiteko. Erasoak "argi uzten du Israelek ez daukala meniarik adosteko inongo interesik", gaineratu du.
Erasoaldia hasi zuenetik, 38.300 palestinar hil dituzte Israelgo indarrek, eta milaka palestinarrek hondakinen artean lurperatuta jarraitzen dute, haurrak eta emakumeak gehienak, Gazako osasun agintarien arabera.
Palestinak AEBk emandako laguntzari egotzi dio erantzukizuna
Testuinguru horretan, Abil Abu Rudeineh Palestinako Aginte Nazionaleko Presidentetzako eledunak Ameriketako Estatu Batuek (AEB) emandako laguntza militarrari egotzi dio Israelek Mawasiko eremu humanitarioaren aurka egindako erasoaren erantzukizuna.
Era berean, bozeramaileak irmo kritikatu du AEBko Gobernuak "behin eta berriz urratzen dituela nazioarteko legitimitatearen ebazpen guztiak, okupazio horri babes militar eta finantzarioa emanez, gure herriaren aurkako sarraski odoltsuak egiten baititu egunero".
Israelen hitzetan, Mohamed Deif Hamaseko Gazako buruzagi militarraren aurka eraso egitea izan da ekintza horren asmoa, baina, gerra hasi zenetik, palestinarrak jasaten ari diren "genozidioa" deitoratu du Palestinako Aginte Nazionaleko Presidentetzako eledunak.
Netanyahuk dimititu egin behar du, israeldarren ustez
Israelgo 12. kanalaren inkesta baten arabera, Israeldar gehienek uste dute Benjamin Netanyahu lehen ministroak dimisioa eman beharko lukeela, urriaren 7ko Hamasen erasoak ahalbidetu zituzten segurtasun akatsengatik. Egun hartan, 1.200 pertsona inguru hil eta 250 bahitu zituen Hamasek.
Galdetutakoen % 72k uste dute agintariak dimisioa eman behar duela gertatutakoagatik, eta % 44ren iritzian, berehala eman behar du. Dimisioa eman behar duela uste dutenen % 28ren aburuz, Hamasen aurka Gazan abiatutako gerra amaitzean eman beharko luke dimisioa.
Koalizio gobernua babesten duten boto-emaileen artean, erdien esanetan, Netanyahuk legegintzaldia amaitu baino lehen utzi beharko luke kargua, eta % 42k, berriz, agintaldia amaitu beharko luke.
Gainera, herritarren % 64k uste dute herrialdeak su-etena adostu beharko lukeela talde islamistarekin, oraindik Gazan dauden israeldar bahituak askatzeko.
Zure interesekoa izan daiteke
Haize bolada bortitzek hainbat sute elikatzen jarraitzen dute Atenaseko eskualdean
Hiriburutik 60 kilometro ipar-mendebaldera dagoen Porto Germenon sugarren kontra ari dira suhiltzaileak. Haizea da etsairik handiena une honetan; izan ere, bolada bortitzek sugarrak elikatu dituzte, eta egoera kritikoa da herrialde osoan.
Europar Batasunak premiazko bilera egingo du asteartean Ceutako migrazio krisia aztertzeko, barne ministroak bilduta
EBko Kontseiluaren buru den Irlandak ezohiko bideokonferentzia deitu du, Pedro Sanchezek eta Europako beste 22 liderrek idatziz eskatu ostean.
EBko 22 estatuk Ceutako migrazio krisiaren aurrean erantzun bateratua eskatu dute
Italiak eta Danimarkak bultzatutako gutunean, EBko Barne ministroen ezohiko bilera eskatu dute kanpo-mugen kontrola indartzeko, eta ohartarazi dute erregularizazio masiboek "erakarpen-efektua" izan dezaketela.
Von der Leyenen ustez, Europako mugen kontrola "are gehiago indartu behar da"
Europako Batzordeko presidenteak ohartarazi duenez, "adi egon behar dugu sarbide kritiko guztietan, eta agintari guztien arteko koordinazio estua izan". Era berean, “ikasgaien azterketa-prozesu bat" abiatzeko eskatu du, "Europaren erresilientzia hobetzeko".
Hamasek armagabetzeko akordioa berretsi du, baina Israel Gazatik erretiratzea jarri du baldintza gisa
Testuinguru horretan, talde palestinarrak berretsi du ez duela bere esku dagoen armamentua entregatuko Israel Gazako Zerrendatik erretiratu baino lehen.
AEBk Kuwaiten duen base militar baten aurkako erasoa aldarrikatu du Iranek
Irakeko Gobernuak ukatu egin du bere lurraldearen barruan erasoak baimendu izana, Estatu Batuetako presidenteak aste honetan ziurtatu ostean Saudi Arabiarekin batera eta Irakekin koordinatuta egin zituztela erasoak. Bestalde, Itsaso Gorria babesteko nazioarteko koalizio baten sorrera iragarri du Saudi Arabiak.
AEBk eta Saudi Arabiak Iranen aldeko miliziei eraso egin diete Iraken, drone bidezko eraso baten ondoren
Bonbardaketek Herri Mobilizazioaren Indarretako 20 kide hil eta 32 zauritu dituzte gutxienez, eta Irakek larrialdiko bilera deitu du tentsioak gora egin duelako.
Fujimorismoa itzuli da: Keiko Fujimorik presidente karguaren zina egin du
Alberto Fujimori presidente ohiaren (1990-2000) alabak laugarren saiakeran lortu du presidente izatea. Aurreko hauteskundeetan bigarren itzulian galdu zuen. Azken hamarkadan herrialdeak bizi izan duen ezegonkortasun politikoari aurre egin beharko dio, eta gobernatzeko akordioak lortu beharko ditu, ez baitu eta gehiengo osorik. Gainera, Keiko Fujimorik Trumpengana gerturatzeko asmoa duela iragarri du, eta horrek aldaketa ekar dezake politikan, Peruko ekonomiaren bazkide nagusia Txina baita.
Girondako sutea berraktibatu da fokuetako batean, eta beste 4.000 turista ebakuatu dituzte
Sutea gaur gauetik dago egonkortuta, baina agintariak fenomeno meteorologiko kaltegarrietarako prestatzen ari dira. Puntu horietako bat berriro aktibatu da haizearen norabidea aldatu da eta.
Gutxienez 18 hildako eta dozenaka zauritu utzi ditu Japon hego-mendebaldea astindu duen 7,1 indarreko lurrikarak
Kumamotoko merkataritza-gune batean leherketa izan da, eta baliteke hildako gehiago egotea. Tsunami alerta bertan behera utzi dute.