Israelek eskola bat bonbardatu du Gazan, eta barruan zeuden 100 desplazatu baino gehiago hil ditu
100 pertsona baino gehiago hil eta dozenaka zauritu dira larunbateko lehen orduetan, Israelgo Armadak Gazako eskola baten aurka egindako bonbardaketa batean, Hamas talde islamistak jakitera eman duenez. Eskola desplazatuen babeslekua zen.
Sarraskiaren osteko gorpuen irudiak bolo-bolo zabaldu dira sare sozialetan. Zibil asko dira ikusgai irudi horietan hilotzak biltzen.
"Gorpu asko txikituta eta erreta daude. Hilotz asko daude Arabiar Al Ahly Ospitalean, baina oraindik ezin izan dituzte identifikatu", adierazi du Defentsa Zibilak.
Israelgo Armadak erasoa onartu egin du esanez "eskola barruan ziharduten Hamaseko terroristen aurka zehaztasunez egindako operazioa" izan dela.
Hamasen esku dagoen Gazako Osasun Ministerioaren arabera, ia 40.000 pertsona hil eta ia 92.000 zauritu ditu Israelek 2023ko urriaz geroztik Gazako Zerrendan, gehienak haurrak eta emakumeak.
Horrez gain, 10.000 desagertu daude oraindik hondakinen azpian, eta 1,9 milioi desplazatu. Aurrekaririk gabeko krisi humanitarioa bizi dute: azpiegitura guztiak suntsituta daude, ospitaleak kolapsatuta, epidemiei aurre egin behar diete, eta gosetea eta elikagaien eta botiken eskasia pairatzen ari dira.
Zure interesekoa izan daiteke
Erregaiaren prezioak kamioilariak estutu eta AEBko ondoez ekonomikoa larriagotzen ari da
Ehun bat zauritu eta 13 atxilotu Portugalen, etxebizitzaren aldeko kanpaldiak berriro hustu ondoren
Dozenaka kanpadenda jarri dituzte Erromako Koliseoaren aurrean, bizitzaren kostua garestitzearen aurka protesta egiteko
Manifestazio jendetsuak izan dira hirugarren larunbatez Frantzian, eta 500 lagun baino gehiago atxilotu dituzte