Bere burua irabazle izendatuko ote du Trumpek zenbaketa amaitu baino lehen?
AEBko presidente ohi Donald Trumpek ez du esan botoen zenbaketa amaitu baino lehen bere burua irabazle izendatuko duenik, 2020an egin zuen bezala, baina, azken egunotan, hauteskunde-iruzurraren salaketak areagotu ditu, eta Kamala Harrisen kanpainak horri erantzuteko prest dagoela esan du.
Trump hirugarrenez ari da lehiatzen AEBko presidentetzarako hauteskundeetan, eta beste horrenbeste aldiz astindu du iruzurraren mamua. 2016an, irabazi egin zuenean, ez zituen halakoak esan behar izan, baina, 2020tik, porrot egin duen guztietan, emaitzak manipulatuta zeudela adierazi du behin eta berriz, gezurra izan arren.
Kanpainaren azken aste honetan, Trumpek bere erretorika bizitu du, hauteskundeen zilegitasuna gutxiesten saiatuz eta egoera irregularrean dauden milioika pertsonak Harrisen alde bozkatuko dutela ziurtatuz, nahiz eta egia ez izan.
Halaber, AEBko zenbait hauteskunde agintarik ohartarazi dute egun batzuren buruan emango dela behin betiko emaitzaren berri. Adibidez, Maricopa konderrian, non Arizonako hautesle gehienak bizi diren, tokiko funtzionarioek kalkulatzen dute zenbaketak 10 eta 13 egun bitartean iraun dezakeela.
2020an, lau egun itxaron behar izan zuten hauteslekuak itxi zituztenetik Biden irabazle izendatu zuten arte. Prozesua ohi baino motelagoa izan zen bi arrazoirengatik: pandemiak aurretiazko botoaren gorakada eragin zuen, eta horrek prozesatzeko denbora gehiago eskatu zuen; gainera, parte-hartzea bereziki zabala izan zen 158 milioi boto-emailerekin, 2016an baino ia 22 milioi gehiago.
Estatu Batuetan ez dago hauteskunde-agintaritza zentralik. Horregatik, AEBko estatu bakoitzeko datuak aztertzeko ekipoak dituzten komunikabide handiak dira garaileak deklaratzen dituztenak.
"Irudipen gorria"
Botoen zenbaketan patroi nagusi bat dago, Trumpek iruzurra dagoela esateko balia dezakeena, "irudipen gorria" delakoa. Aurreko hauteskundeetan ikusi izan da fenomeno hori: hasiera batean, errepublikarren abantaila erakusten da (kolore gorriari lotuta dago alderdia) baina gauak aurrera egin ahala, demokratek aldea murrizten dute.
Hori gertatzen da estatu askotan aurrez aurreko botoa, non errepublikanoek parte-hartze handiagoa izaten duten, aldez aurreko botoa edo posta bidezkoa baino lehenago kontatzen delako; beraz, baliteke gaurko lehen emaitzek Trumpek irabaziko duela iragartzea, eta gero egoera aldatzea.
2020an bezala, Trumpek abantaila hori balia lezake bere burua garailetzat jotzeko eta Harrisen aldeko ondorengo botoak iruzur direla argudiatzeko. Hala ere, Harrisen kanpainak erantzuteko prest dagoela ziurtatu du azken egunotan. Izan ere, goi-kargudun demokrata batek kazetariekin ostiralean egindako dei batean adierazi zuenez, "uste dute, ziurtasun osoz" Trumpek astearte gauean bere burua garailetzat jotzea, zenbaketa amaitu baino lehen.
Ildo horretan, Trumpek ez du hauteskunde emaitzak onartzeko konpromisorik hartu, 2016an eta 2020an legez, eta esan du "bidezkoak" izan direla uste badu onartuko dituela.
"Manipulatu ezin den" garaipentzarra
Trumpek bere jarraitzaileei adierazi dienez, iruzur bat saihesteko modu bakarra da "manipulatu ezin" den garaipena lortzea, hau da, garaipen sendoa erakusteko eta demokratei emaitzak manipulatzea galarazteko moduko tarte zabalarekin.
Erretorika horrek herritarren zati bati Trumpen garaipena segurua dela sinestarazi die. Ildo horretan, aspalditik, hedabide kontserbadoreek behin eta berriz esan dute Trumpek alde zabala eskuratuta irabaziko duela, estatu giltzarri guztietan nagusituko baita.
Hedabideek garaipena iragartzen ez badute, Trumpek argi utzi du zenbaketa auzitara eramateko prest dagoela, 2020an egin zuen legez. Orduko hartan ez bezala, oraingoan 'Stop the Steal' (Gelditu lapurreta, euskaraz) mugimenduko boluntarioen babesa du, ustezko iruzur-frogak bozkalekuetan bertan biltzeko antolatutako talde eta guzti.
Bitartean, hainbat estatuko hauteskunde-agintariek segurtasuna indartu dute bozkalekuetan, 2020an gertatu zen indarkeria-oldea berriz ere izateko arriskua dela eta. Izan ere, urte horretan, hainbat gizon armatu Arizonako bozkalekuen sarreretan kokatu ziren, eta, Michiganen, Trumpen jarraitzaile batzuek boto-zenbaketarako guneetako leihoak kolpatu zituzten.
Gainera, narratiba hori X eta gisako sare sozialetan zabaldu egin liteke; izan ere, Elon Musk jabeak Trumpen iruzurrari buruzko teoriaren aldeko konspiratzaileak sustatu ditu.
Zure interesekoa izan daiteke
Bertan behera geratu da Flotillako euskal aktibistei Loiun egin nahi zioten ongietorria, bi kide erietxean baitaude
Flotillaren ontzietan bidaiatu duten sei euskal herritarrak gaur ziren Euskal Herrira iristekoak. Horietako bi, ordea, Turkian daude ospitaleratuta, atxiloaldian jasandako indarkeriak eragindako lesioengatik, eta ez dira itzuli.
Azken 24 orduetan 31 ontzik Ormuz zeharkatu dutela adierazi du Iranek, Guardia Iraultzailearen "koordinazioarekin"
Ameriketako Estatu Batuek ziurtatu dute 94 ontzi birbideratu dituztela Irango portuetara ezarritako blokeoa betetzeko.
Dagoeneko deportatuta dauden Flotillako aktibistek haien kontrako indarkeria areagotu egin dela salatu dute
Gazara bidean zihoazela Israelek nazioarteko uretan atxilotu dituen 430 ekintzailetatik gehienak (guztiak atzerritarrak, Israelgo emakume bat izan ezik) Ramongo aireportutik atera dira, Israelgo hegoaldeko muturrean, Turkiak jarritako hiru hegazkinetan. Ekintzaileek Israelek haien kontra erabilitako indarkeria maila salatu dute.
Suak erabat suntsitu du Japoniako Reikado tenplu budista historikoa
Kukai monje budistari eskainitako tenplua 806. urtean eraiki zen Misen mendian, Miyajima uhartean, eta ordutik piztuta egon da bertan "betiereko sugarra" deitua, 1.200 urtez etengabe piztuta egon den sugar sakratua. Su horrekin piztu zen Hiroshimako Bakearen Parkeko sugarra 1964an, munduko bonba nuklear guztiak desagertu arte piztuta egongo dena. Ez da inor zauritu, baina ondare-galera ordezkaezina da.
AEBren eta Kubaren arteko tentsioa areagotu egin da Raul Castroren auzipetzearekin: Washingtonek hegazkin-ontzi bat jarri du Karibean
Auzipetzearekin batera esku-hartze militar baten mamua berpiztu da uhartean; izan ere, Nicolas Maduro ere auzipetu egin zuten Venezuelako operazio militarra abiatu aurretik.
Israelek Flotillako ekintzaile solidarioak umiliatu egin ditu
Itamar Ben Gvir Israelgo Segurtasun Nazionaleko ministro ultraeskuindarrak argitaratutako bideo batek protesten erauntsia eragin du, ministroak atxilotuei emandako tratua dela eta.
AEBk Raul Castro Kubako presidente ohia inputatu du, 1996an bi hegazkin eraisteagatik
Duela berrogei urte, Kubako ehiza-hegazkinek Floridako itsasartean Anaia erbesteratuen Erreskaterako erakundeko bi hegazkin txiki eraitsi zituzten, eta lau pilotu hil ziren.
Hilabeteak beharko dira ebolaren azken agerraldiaren aurkako txertoa lortzeko, baina arrisku globala "txikia" da, MOEren arabera
Hala ere, nazio eta eskualde mailan birusa zabaltzeko arriskua altua dela azpimarratu du Munduko Osasun Erakundeak.
Txinak aldarrikatu du Errusiarekiko harremanak "inoizko mailarik altuenean" daudela
Xi Jinping Txinako presidenteak ohore guztiekin hartu du Vladimir Putin Errusiako presidentea. Donald Trumpek Txinara egindako bisitaren ostean, bi potentziek harremanak estutu dituzte eta hogei bat akordio eta memorandun sinatu dituzte. Horrez gain, “oihanaren legea” berriz nagusitzeko arriskuaz ohartarazi dute
Trumpen gerra botereak mugatzeko eta Irandik tropak erretiratzeko ebazpen bat onartu du AEBko Senatuak
Zazpi saiakeraren ostean, AEBko Senatuak ebazpena onartu du: lau errepublikanok lerroak hautsi eta botoa aldatu dute, eta hiruk bozkatzeari uko egin diote. Hala ere, eta Ordezkarien Ganberako bozketan aurrera egingo balu ere, Trumpek betoa jartzea aurreikusten da.