Palestina
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Israelgo Armadak erasoaldia abiatu du Jeninen, Zisjordanian, eta zortzi palestinar hil ditu

Netanyahuk azpimarratu du 'Burdinazko Harresia' operazioaren helburua dela hirian "terrorismoa desagerraraztea". Zisjordanian "mobilizazio orokorra" egiteko deia egin du Hamasek, "okupazioaren erasoari aurre egiteko".
Israelgo soldadu bat Zisjordanian, artxiboko irudian. Argazkia: EFE
Israelgo soldadu bat Zisjordanian, artxiboko irudian. Argazkia: EFE

Israelek beste operazio bat abiatu du astearte honetan Zisjordaniako Jenin hiriaren kontra, eta gutxienez zortzi palestinar hil ditu, Palestinako agintariek salatu dutenez.

"Zortzi martiri eta 35 zauritu baino gehiago Jeninen aurkako erasoaren ondorioz", adierazi du Palestinako Agintaritzari lotutako Osasun Ministerioak, hasiera batean Israelek hiriaren aurka egindako bonbardaketa baten ondorioz hildako bat izan direla baieztatu ostean.

Palestinako Wafa albiste agentziaren arabera, Israelen tropa Al-Jalameko kontrol postutik sartu dira hirian, eta, ondoren, hiriko hainbat auzotan zabaldu dira. Besteak beste, Jeningo errefuxiatuen kanpamenduko etxebizitza bat inguratu dute soldaduek.

Aurretik, Israelgo Armadak ohar bat kaleratu du jakinarazteko "Israelgo Defentsa Indarrek, Shin Betek eta Mugazainek terrorismoaren aurkako operazioa" abiatu dutela Jeninen; operazio horri 'Burdinazko Harresia' deitu dio.

Testuinguru horretan, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak esan du operazioa "zabala eta esanguratsua" dela, eta helburua "Jeninen terrorismoa desagerraraztea" dela. "Ezarritako helburua lortzeko beste urrats bat da hau: Judean eta Samarian segurtasuna indartzea", adierazi du, Zisjordaniaren izen biblikoa erabilita.

Palestinako Agintaritzaren eta Hamasen kondenak

Mohamed Mustafa Palestinako lehen ministroak operazioa gaitzetsi du dagoeneko, eta "Israelen neurri oldarkorren" aurka egin du, Wafak jaso duenez.

Ildo horretan, Rauhi Fatu Palestinako Kontseilu Nazionalaren presidenteak Israelek Jeninen egindako operazioa gaitzetsi du, eta "Israelek Zisjordaniako zati handiak anexionatzeko egin dituen prestaketen parte" dela adierazi du.

Faturen esanetan, Israel "hiriak isolatzea, kontrol postuak altxatzea eta setio zorrotza ezartzea dakartzaten neurriak hartzen ari da" Zisjordanian, eta, horregatik, Donald Trump AEBko presidente berriari eta nazioarteari "Israelek erasoa gogortu ez dezan berehala esku hartzeko" eskatu die.

Bestalde, Zisjordanian "mobilizazio orokorra" egiteko deia egin du Hamasek, "Jeningo okupazioaren erasoari aurre egiteko eta erresistentziako borrokalariei babesa emateko".

Zure interesekoa izan daiteke

FOTODELDIA GAZA, 20/08/2026.- La población gazatí celebró este jueves un funeral masivo de 50 personas que murieron como resultado de la ofensiva israelí contra la Franja, entre ellas 19 niños y menores de edad, que fueron enterradas en un cementerio próximo al Hospital Shifa de la norteña ciudad de Gaza. EFE/MOHAMMED SABER
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Israelek 2023an hil zituen 50 pertsonen gorpuzkiak lurperatu dituzte Gazan

Gazako hiru familitako kideak dira denak, tartean 19 adin txikiko. Defentsa Zibileko erreskatatzaileek orain lortu dute haien gorpuzkiak 2023an bonbardatu zituzten eraikinaren hondakinen azpititik ateratzea. Gazatarren Osasun Ministerioak egindako kalkuluen arabera, 73.400 pertsona baino gehiago hil dira Gazan Israelen erasoaldia hasi zenetik eta 7.500 gorpuk hondakinen azpian jarraitzen dute.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X