Albiste dira
Palestina
Gorde
Kendu nire zerrendatik

UNRWAk laguntza ematen jarraitzen du Israelek okupatutako lurraldeetan, nahiz eta debekua indarrean sartu

Ekialde Hurbileko Errefuxiatu Palestinarrentzako NBEren Agentziak adierazi du Israelek okupatutako lurraldeetan, Zisjordania eta Jerusalem Ekialdea barne, laguntza ematen jarraitzen duela, agentziaren jarduerak debekatzen dituzten bi lege indarrean sartu diren arren.
Herritar bat UNRWAren egoitza aurrean, Jerusalemen. Argazkia: EFE
Herritar bat UNRWAren egoitza aurrean, Jerusalemen. Argazkia: EFE

Errefuxiatu Palestinarrentzako NBEren Agentziak (UNRWA) gaur adierazi duenez, Israelek okupatutako lurralde palestinarretan laguntza ematen jarraitzen du, Zisjordania eta Jerusalem Ekialdea barne, agentziaren jarduerak debekatzen dituzten bi lege indarrean sartu arren.

"UNRWAk laguntza eta arreta eskaintzen jarraitzen du. Gure klinikak zabalik daude Zisjordania osoan eta Jerusalem ekialdean, eta Gazan martxan jarritako operazio humanitarioak aurrera jarraitzen du", azaldu du agentziak ohar batean.

Hala, zehaztu du oraingoz ez dutela Israelgo Gobernuaren jakinarazpen ofizialik jaso, UNRWAren jarduerei betoa jartzen dieten araudi berri horien aplikazioari buruz, eta Palestinako herriarekiko konpromisoa berretsi du.

"Lanean jarraitu egiten dugu", azaldu du agentziak, Estatu sionistaren erasoaldi politiko eta diplomatikoa areagotzearen ondorioz ixteko arriskuari aurre eginez.

Knessetek, Israelgo Parlamentuak, agentziaren jarduerak debekatzen dituzten bi lege-proiektuak onartzeko hartutako erabakia Israelek UNRWAren eginkizunarekiko duen jarrera gero eta oldarkorragoaren barruan kokatzen da. Agentzia Hamasekin lotzeko saiakerak egin ditu Israelek, eta horretarako difamazio kanpaina abiatu du nazioartean. Helburua agentzia desegitea zen, eta Nazio Batuetako beste erakunde batzuek eta gobernuz kanpoko hainbat erakundek bere hutsunea betetzea.

UNRWAk ohartarazi du lege horiek aplikatzeak "muga handiak" ekarriko dizkiola agentziari, eta neurri horien azken helburua "Palestinako errefuxiatuei autodeterminazio eskubidea ukatzea eta haien historia eta nortasuna ezabatzea" dela deitoratu du.

Arieh King Jerusalemgo alkateordea UNRWAren debekua ospatzen. Argazkia: EFE Arieh King Jerusalemgo alkateordea UNRWAren debekua ospatzen. Argazkia: EFE

Arieh King Jerusalemgo alkateordeak agentzia ixtea txalotu du gaur, eta "legez kanpoko" erakundea dela esan du. "UNRWAren, erakunde nazi eta etsai honen aurkako legearen lehen eguna ospatzen ari gara", esan du Kingek agentzia horren egoitzaren aurrean, Jerusalem ekialdeko Sheikh Jarrah auzo palestinarrean.

Norvegiako Gobernuak, ostera, 23 milioi euro inguru UNRWAri emango dizkiola iragarri du gaur. "Gaza hondatuta dago eta UNRWA inoiz baino beharrezkoagoa da. UNRWAri Palestinan lan egitea eragotz diezaioketen Israelgo legeak indarrean sartzea oso dramatikoa da", salatu du Espen Barth Eide Norvegiako Barne ministroak ohar batean.

Agentziak Gazako Zerrendara bideratutako elikagaien laguntzaren bi heren banatu ditu azken 15 hilabeteetan, eta milioi bat desplazatu baino gehiagori babesa eman die. Gainera, azaldu duenez, 475.000 pertsonari edateko ura eman die eta 250.000 umeri polioaren aurkako txertoa jartzea lortu du.

Zure interesekoa izan daiteke

FOTODELDIA GAZA, 20/08/2026.- La población gazatí celebró este jueves un funeral masivo de 50 personas que murieron como resultado de la ofensiva israelí contra la Franja, entre ellas 19 niños y menores de edad, que fueron enterradas en un cementerio próximo al Hospital Shifa de la norteña ciudad de Gaza. EFE/MOHAMMED SABER
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Israelek 2023an hil zituen 50 pertsonen gorpuzkiak lurperatu dituzte Gazan

Gazako hiru familitako kideak dira denak, tartean 19 adin txikiko. Defentsa Zibileko erreskatatzaileek orain lortu dute haien gorpuzkiak 2023an bonbardatu zituzten eraikinaren hondakinen azpititik ateratzea. Gazatarren Osasun Ministerioak egindako kalkuluen arabera, 73.400 pertsona baino gehiago hil dira Gazan Israelen erasoaldia hasi zenetik eta 7.500 gorpuk hondakinen azpian jarraitzen dute.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X