Genozidioa Gazan
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Sanchez: "Gaza palestinarrena da eta palestinarrena izango da"

Espainiako Gobernuko eta Internazional Sozialistaren Kontseiluko presidenteak Gazako Zerrenda okupatzeko operazio militarra "berehala" gelditzeko eskatu dio Israeli, eta sozialdemokratei Israelen aurka altxatzeko eskatu die: "Gazako egoera onartezina da, ez gara isilduko".
Sanchez, erdian, Internazional Sozialistaren Kontseiluaren irekiera ekitaldian. EFE
Sanchez, erdian, Internazional Sozialistaren Kontseiluaren irekiera ekitaldian. EFE

Espainiako Gobernuko presidente eta PSOEko idazkari nagusi Pedro Sanchezek Gazako okupazio operazio militarra lehenbailehen gelditzeko eta blokeoa bertan behera uzteko eskatu dio Israeli, Gazan laguntza humanitarioa sar dadin.

Gaur-biharretan Istanbulen (Turkia) egiten ari diren Internazional Sozialistaren Kontseiluaren irekieran, Espainiak Gazan bizi den egoera "lazgarri" eta "onartezinaren" aurrean duen jarrera "irmoa" azpimarratu du Sanchezek.

"Gaza palestinarrena da eta palestinarrena izaten jarraituko du. Salagarria da pertsonak beren lurretatik nahitaez lekualdatzea edo kanporatzea, eta nazioarteko zuzenbidea urratzen du", esan du. Espainiako gobernuburuak azpimarratu duenez, Espainia eta Palestina Nazio Batuen Batzar Nagusian ebazpen proiektu berri bat sustatzen ari dira, laguntza humanitarioa "eskala handian eta oztoporik gabe" eremuan sar dadin.

Gainera, Sanchezen arabera, Internazional Sozialistaren Kontseiluak eta Espainiako Gobernuak "etengabe" eskatu dute Israelgo bahituak askatzeko.

Teresa Ribera: "Urte batzuk barru lotsaz ikusiko dugu erantzunik gabeko eraso hau"

Teresa Ribera Europako Batzordeko presidenteorde exekutiboak Israel Gazan egiten ari dena Ruandako genozidioarekin eta Bigarren Mundu Gerrako herri juduaren sarraskiarekin alderatu du eta larunbat honetan esan duenez, "urte batzuk barru lotsaz ikusiko dugu erantzunik gabeko eraso hau, orain dela gutxi Ruandan eta Varsoviako ghettoan gertatu zena kezka handiz eta haserre ikusten dugun bezala".

PSOEren Europako Federazioak Bruselan bere 40. urteurrena ospatzeko antolatu duen ekitaldira iritsi denean egin ditu adierazpenok Riberak. Gaineratu duenez, "Bigarren Mundu Gerraren bueltan lotsa eragin zuenak bezala, etorkizunean lotsa eragingo du bizitzen ari garen egoerak".

Zortzi zibil erailak, gauez

Israelgo Armadak zortzi pertsona hil ditu bart egindako erasoekin, lau kideko familia oso bat tartean, Yan Yunisen, Gazako osasun eledunen esanetan.

Beste eraso batean, bi pertsona hil dira Nuseirateko errefuxiatuen kanpalekuan, eta Gaza hirian Israelgo dron koadrokoptero batek su eman dio Al Saftawi iparraldeko auzoko kanpin-denda bati, eta adingabe bat hil du.

Osasun agintariek ohartarazi dutenez, gainera, beste adingabe baten gorpua atera dute bart Gaza hirian bere etxeko hondakinen artetik.

Horiekin ehiun baino gehiago dira jada ostegunetik hona Israelek Gazan hil dituen pertsonak. 2023ko urriaren 7tik 53.900 baino gehiago dira Israelek Gazan bakarrik hildakoak, eta 123.000 baino gehiago zaurituak.

Laguntza humanitario eskasa

Palestinako iturri ofizialek salatu dutenez, laguntza humanitarioa duten 92 kamioi baino ez dira sartu Gazan azken hiru egunetan.

Cogat lurralde okupatuetan kontu zibilak kudeatzen dituen Israelgo erakunde militarrak ordu batzuk lehenago adierazi duenez, ostiralean NBEko 83 kamioi sartu ziren Gazan.

Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak ostiralean esandakoaren arabera, azken egunotan Kerem Shalometik 400 kamioi inguru sartzeko baimena zegoen "baina 115 kamioiren hornidurak baino ezin izan dira jaso". 

Zifrak, bistan da, aldatu egiten dira iturriaren arabera, baina Palestinako agintariak eta nazioarteko erakundeak bat datoz: kopuru zehatza edozein dela ere, Palestinako herritarrei iristen zaien laguntza ez da, inolaz ere, nahikoa.

2023ko urria baino lehen, Israelen erasoaldia hasi zenean, egunean bataz beste 500 kamioi sartzen ziren eta hori jada gutxiegi zen, erakunde humanitarioen ustetan. 

Palestinako agintariek salatu dutenez, gainera, Gazan laguntza humanitarioa babesteaz arduratzen diren taldeetako sei kide hil zituen Israelek ostegun gauean Deir al Balahn (erdialdea). Identifikatu gabeko pertsona batzuk medikuntza-hornigaiak zeramatzaten bi kamioi lapurtzen saiatzen ari ziren eta langileak lapurreta hori saihestu nahian ari zirenean hil egin zituzten.

"Deir al Balah eremuan segurtasun eta laguntzako langileen eta borondatezko herri-batzordeen aurka Israelgo okupazio-armadak egindako krimen izugarria gogor gaitzesten dugu, segurtasun eta babes taldeetako sei kideren hilketa ekarri duena", salatu du Gazako Gobernuak.

Zure interesekoa izan daiteke

FOTODELDIA GAZA, 20/08/2026.- La población gazatí celebró este jueves un funeral masivo de 50 personas que murieron como resultado de la ofensiva israelí contra la Franja, entre ellas 19 niños y menores de edad, que fueron enterradas en un cementerio próximo al Hospital Shifa de la norteña ciudad de Gaza. EFE/MOHAMMED SABER
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Israelek 2023an hil zituen 50 pertsonen gorpuzkiak lurperatu dituzte Gazan

Gazako hiru familitako kideak dira denak, tartean 19 adin txikiko. Defentsa Zibileko erreskatatzaileek orain lortu dute haien gorpuzkiak 2023an bonbardatu zituzten eraikinaren hondakinen azpititik ateratzea. Gazatarren Osasun Ministerioak egindako kalkuluen arabera, 73.400 pertsona baino gehiago hil dira Gazan Israelen erasoaldia hasi zenetik eta 7.500 gorpuk hondakinen azpian jarraitzen dute.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X