Israelek lau kazetari gazatar hil eta bat zauritu du Bautista Ospitalearen aurkako bonbardaketan
Gutxienez lau kazetari hil eta bat zauritu ditu Israelek ostegun honetan Gazan, hiriaren iparraldean dagoen Bautista erietxearen aurka egin duen bonbardaketan. Kazetariek Shams albiste-agentziarentzat eta Palestine Today eta Al Arabiya telebista-kateentzat egiten zuten lan.
Hildakoak zein zaurituak ospitaleko patioan ari ziren lanean hegazkin israeldarrek tokia bonbardatu dutenean, Wafa albiste-agentziak jakinarazi duenez.
Egunero aritzen dira kazetari eta kamerak gune horretan, lanean, Israelen Armadaren erasoek eragindako hildakoen eta zaurituen berri emateko. Tokiko iturrien arabera, "bonbardaketa kazetarien aurkakoa zen".
Gazaren aurkako erasoaldia hasi zuenetik, 220 kazetari baino gehiago hil ditu Israelek Armadaren eraso eta bonbardaketetan, Gazako Gobernuaren datuen arabera.
Kazetari, kamerari eta argazkilari palestinarrek soilik eman dezakete iguruan gertatzen ari denaren berri, Israelek atzerriko prentsari Gazan sartzea debekatu baitio. Mugarik Gabeko Erreportarien esanetan, Palestinako lurraldea munduko tokirik hilgarriena da 2025ean kazetaritzan aritzeko.
Hamasen esku dagoen Gazako Gobernuaren informazioaren arabera, 70 palestinar hil eta 189 zauritu dituzte azken 24 orduetan Israelen erasoetan.
Gerra hasi zenetik ia 20 hilabete pasa direnean, Benjamin Netanyahuren tropentzat ohikoa bihurtu da ia baliabiderik gabe zaurituak eta gaixoak artatzeko ahaleginean ari diren ospitaleei, klinikei eta osasun-zentroei eraso egitea.