UNICEFek ohartarazi du denbora amaitzen ari dela Gazan: "Haurrak egarriz hiltzen hasiko dira"
Ia ez dago edateko urik Gazako Zerrendan, Isralek ezarritako blokeo humanitarioaren eraginez. NBEk azpimarratu duenez, erabaki politikoa da.
Palestinarrak Gazan, irin-zakuak jaso berritan. Argazkia: EFE
Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi duenez, "denbora amaitzen ari da" Gazako Zerrendan; izan ere, laster ez da edateko urik egongo, Israelgo Estatuak Palestinako enklabearen kontra darabilen blokeo humanitarioaren ondorioz.
"Gazara doan erregaiaren 100 egunetik gorako blokeoa ez bada amaitzen, haurrak egarriz hiltzen hasiko dira", ohartarazi du James Elder UNICEFeko bozeramaileak.
Zerrendako egoera gero eta larriagoa da, baita ur eskasiagatik ere. Gaur egun, 217 instalazioetatik 87 bakarrik daude martxan. Horrelako instalazioek erregaia behar dute, genozidioa hasi zenetik ez dagoelako argindarrik.
Gaza, neurri handi batean, gatzgabetzeko planten mende dago, ura horietara garraiatu behar da, eta garraioa gero eta mugatuagoa da. UNICEFeko kideak adierazi duenez, kasu batzuetan astoak kamioiak ordezkatzen hasi dira, "erortzen ari den sistema baten azken arnasa" bezala.
Asto batek 500 litro ur inguru eraman ditzake, eta kamioiek, berriz, 15.000 litro. Animaliei, gainera, mugitzea ere kostatzen zaie, "ia ez dagoelako janaririk".
Elderren hitzetan, "gizakiak eragindako lehortea da", eta, hain zuzen ere, horregatik "geldi daiteke". Horren harian, ohartarazi du ez dagoela sistemak berreskuratzea eragozten duen arazo logistiko edo teknikorik; "politikoak" baizik.
"Borondate politikoa badago, uraren krisia arindu daiteke: erregaia egoteak ura lurpeko ehunka putzutik isurtzen hastea ekarriko luke, eta hornidura egun batean berrezarriko litzateke", esan du.
UNICEFen kalkuluen arabera, desnutrizio akutuagatik tratamendua jaso behar duten sei hilabete eta bost urte bitarteko haurren kopuruak % 50 egin du gora apirila eta maiatza bitartean. Egunean 110 haur baino gehiago ospitaleratzen dituzte arrazoi horregatik.