Plastikoen kutsaduraren aurkako nazioarteko itunaren negoziazioek porrot egin dute
Genevan hamar eguneko bileren ondoren, NBEko herrialdeek ez dute adostasunik lortu, baina elkarrizketa prozesua ez eteteko eskatu dute.
Plastiko kutsadurari helduko dion itun globalerako NBEko negoziazioak akordiorik gabe amaitu dira; izan ere, bertaratutako ordezkariek aitortu dute ezinezkoa izan dela testu bat adostea. Beraz, emaitzak desengainu handia sortu du. 1.000 ordezkari baino gehiago hamar egunez izan dira Genevan, eztabaida luzeak izaten, baina azkenean ez dira ados jartzeko gauza izan.
Bilera Negoziaziorako Gobernu arteko Batzordearen (INC) seigarren elkarrizketa-sortaren parte izan da. Batzorde hori 2022an sortu zuen Ingurumenerako Nazio Batuen Batzarrak (UNEA), plastikoaren krisia geldiarazteko itun juridikoki lotesle bat sortzeko helburuarekin.
Hala ere, ordezkarien jarrerak bestelakoak izan dira, bereziki funtsezko hiru gai hauen inguruan: plastiko birjinaren ekoizpena mugatzea, produktu eta kimiko arriskutsuak erregulatzea eta finantzazioa bermatzea garapen bidean dauden herrialdeek adostutako neurriak aplikatu ahal izateko.
Europar Batasunak eta estatu txikiek ekoizpenari mugak ezartzeko egindako proposamenak talka egin du ekoizle petrokimiko handien eta Ameriketako Estatu Batuen iritziarekin, eta horrek akordioa ixtea eragotzi du.
Hala eta guztiz ere, ahalegina amaitutzat ez jotzeko eskatu, eta ingurumen-arazo larrienetako bat geldiarazteko lanean jarraitzeko premia azpimarratu dute.