Netanyahuk "berehalako" negoziazioak agindu ditu bahituak askatzeko, asmo militarrei uko egin gabe
Negoziazioak agindu dituen egun berean berretsi du Israelgo Armadak "Gazako hiria hartu eta Hamas garaitzeko" aurkeztu dion plana.
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak iragarri duenez, agindua eman dio bere taldeari "berehala" negozioazioak hasteko, Gazako zerrendan bahituta jarraitzen duten guztiak "askatzeko" eta "gerrari" amaiera emateko, Israelentzan "onargarriak" izango diren baldintzetan. Hori iragartzeaz bat azaldu duenez, ontzat jo du Gazako hiriburua hartzeko Armadak aurkeztu dion plana eta horrekin aurrera jarraituko duela azpimarratu du.
Netanyahuk "garaipen erabakigarria" aurreikusten du Hamasen aurka, Zerrendaren aurka abiatutako erasoaldia gogortuta "garaitu" nahi du hura. "Hamasen porrota eta bahitu guztien askapena eskutik doaz", adierazi du, Gazan den dibisio militarreko aginte-postu batetik grabatutako bideo batean.
Lehen ministroak Armadaren lana goraipatu du "funtsezko misio" honetan, eta aste honetan Israelgo Defentsa Indarren (FDI) agintariei Gaza hiria hartzeko epeak azkartzeko eskatu die. Helburu horrek 60.000 erreserbista aktibatzea ekarriko du.
Hamasek (erresistentziarako mugimendu politiko-militarra, Palestinako Kontseilu Legegilean gehiengo absolutua duena 2006az geroztik) nazioarteko bitartekariek aurkeztutako su-eten akordioari oniritzia eman dio, eta Netanyahuri eta bere Gobernuari elkarrizketa oztopatzea egotzi die, soilik Gazaren aurkako erasoetan zentratzea leporatzearekin batera.