Israelgo Armadaren buruak su-eten akordioa "berehala onartzeko" eskatu dio Netanyahuri
Zamirrek uste du Gaza hiriko operazioak arriskuan jartzen dituela bizirik omen dauden 20 bahituak, eta bahituen senideen aldarrikapenarekin bat egiten du.
Eyal Zamir Israelgo Armadaren buruzagiak bat egin du igande honetan Israelgo kaleetan zabaldutako aldarrikapenarekin eta "mahai gainean akordio bat dagoela eta onartu egin behar dela" esan du. Benjamin Netanyahu lehen ministroari bahituak askatzea ahalbidetuko lukeen itunari baiezkoa emateko eskatu dio, Hamas Erresistentzia Islamikoaren Mugimenduak dagoeneko onartu egin baitu.
Zamirrek Haifako itsas basera egindako bisitan egin ditu adierazpenok, eta azaldu du Israelgo Armadak duela egun batzuk Gaza hiria hartzeko iragarritako 'Gedeonen Gurdiak II' operazioaren helburuak bete dituztela. Operazio horixe bera ere kritikatu zuen buruzagi militarrak, bahitutako 20 pertsonak arriskuan jartzen dituela esanez.
Haren ustez, Armadak jada sortu ditu "bahituak askatzeko baldintzak". "Orain Netanyahuren esku dago", adierazi du Canal 13 Israelgo telebista kateren aurrean.
Israel Katz Israelgo Defentsa ministroak Gaza Hiri osoa suntsitzeko mehatxua egin zuen joan den ostiralean, Hamasek haren gobernuaren su-etenerako baldintzak onartu ezean. Talde islamistak eta eskualdeko herrialdeek, Egiptok barne, gogor kritikatu dute neurria, eta Palestinako taldearekin akordio batera iristeko aukerak zapuztea leporatu diote Israeli. 'Gedeonen Gurdiak II' izeneko operaziorako, Israelgo Armadak 60.000 erreserbista inguru zabalduko ditu hirian.