Gutxienez 20 pertsona hil dira, tartean bost kazetari, Israelek Gazako Nasser ospitaleari egindako erasoan
Erasoetako batek hildakoak eta zaurituak erreskatatzera zihoazen anbulantziak jo ditu. Halaber, Israelgo Armadak seigarren kazetari bat hil du Al Mayasi inguruan, Gazako hegoaldean.
Gutxienez 20 pertsona —tartean, 5 kazetari— hil dira astelehen honetan Israelek Nasser ospitalearen (Gaza hegoaldean) kontra egindako erasoan, osasun zentro horren eta Gazako Osasun Ministerioaren azken datuen arabera.
Gainera, gutxienez Defentsa Zibileko erreskatatzaile bat, Imad Abdul Hakim al-Shaer suhiltzailea, hil da erasoan, eta zazpi pertsona gehiago zauritu dira.
Hossam Al Masri, Reuters albiste agentziarako independente gisa lan egiten zuena; Mohamed Salama, Al Jazeera telebista kateko kameraria; Mariam Abu Daqqa, nazioarteko albiste agentzietarako eta telebistetarako independente gisa lan egiten zuena; Moaz Abu Taha AEBko NBC telebista kateko kazetaria; eta Ahmed Abu Aziz Red Quds Feed eta beste hedabide batzuetakoa, dira hildako kazetariak.
Halaber, Israelgo Armadak seigarren kazetari bat hil du Al Mayasi inguruan, Gazako hegoaldean. "Hildako kazetaria Hasan Douhan da, ’Al Hayat`egunkarirako lan egiten zuena", azaldu du Gazako Gobernuaren Komunikabide Bulegoak ohar batean.
Azken datuen arabera, Israelek gutxienez 246 kazetari hil ditu 2023ko urrian erasoaldia hasi zuenetik.
Reutersek dio, gainera, beste argazkilari bat, Hatem Khaled, zauritu dela.
"Lehen erasoaren helburua Nasser Osasun Zentroko laugarren solairua izan da, eta bigarrena, zaurituak eta hildakoak erreskatatzera joan diren anbulantziak", Gazako Osasun Ministerioak jakitera eman duenez.
Israelgo Armadak deitoratu egin du "behar ez zen pertsonei egindako edozein kalte".
"FDIk (Israelgo Defentsa Indarrak) deitoratu egiten du behar ez zen pertsonei egindako edozein kalte, eta ez du kazetarien kontrako erasorik egin. FDI gatazkan esku hartzen ez duten pertsonei ahal den kalte txikiena egiten saiatzen da", zehaztu du komunikatu batean, eta gehitu ikerketa abiatuko duela.
Hamas talde islamistak, berriz, Israelek "genozidioan gora" egin duela esan du, eta nazioarteko komunitateari neurri "sendoak" eta "azkarrak" eskatu dizkio "mendeko krimen handiena" amaitzeko.
"Netanyahuk eta bere Gobernu terroristak nazioarteko zuzenbidearekiko eta itun humanitarioekiko mespretxua erakutsi dute berriro, nazioarteko komunitateari eta NBEri desafio eginez, mediku zibil konplexu bati nahita eraso egiteagatik eta nazioarteko zuzenbide humanitarioak babestutako taldeak hiltzeagatik", adierazi du Hamasek.
Hamasek gerra-krimentzat eta sarraski "lazgarritzat" jo ditu lau informatzaileen heriotzak, eta Israelek kazetariak beldurtu nahi dituela uste du, "egia" konta ez dezaten.
Nazioarteko hedabideek zuzenekoetarako erabiltzen zuten
Israelen droneek erasotako puntua, sute-eskailera bateko azken eskailera-burua, nazioarteko hedabideetako kazetariek erabiltzen zuten zuzeneko emankizunak egiteko, EFE agentziak kazetarien lankideak aipatuta jakitera eman duenez.
Kazetariak bertara joaten ziren Khan Junis herriaren ekialdeko ikuspegi ona izateko eta Interneteko eta argindar konexioa onak zirelako bertan.
Nasser ospitalea "eremu gorritzat" jo du Israelek, eta, beraz, Gazako leku arriskutsuenetako bat da kazetarientzat.
Eraildako kazetariak kanpin-dendetan bizi ziren, eta elkarrekin egoten ziren segurtasun handiagoz lan egiteko.
Mugarik Gabeko Kazetariak elkarteak Israelen "inpunitatea amaitzea" eskatu du. "Noraino iritsiko da Israelgo Armada Gazako informazioa ezabatzeko? Noiz arte egingo diote entzungor nazioarteko zuzenbide humanitarioari?", esan du Thibaut Bruttin elkartearen zuzendari nagusiak.
NBEko Segurtasun Kontseilua "premiaz biltzea" eskatu du, "kazetarien aurkako krimenen zigorgabetasunari amaiera emateko, kazetari palestinarrak babesteko eta kazetari guztiei zerrendarako sarbidea irekitzeko".
Abuztuaren 10ean, Israelek beste sei kazetari hil zituen Al-Shifa ospitalearen ondoan bizi ziren dendaren aurka egindako beste eraso batean, horietako bost Al Jazeerako langileak ziren.
Maiatzean, Mugarik Gabeko Kazetariek Nazioarteko Zigor Gorteari eskatu zioten kazetari palestinarrak biktima gisa agertzeko, eta ez soilik lekuko gisa, Gazako Zerrendaren aurkako erasoaldian Israelek gerra krimenak egin dituen ala ez argitzeko.
Zure interesekoa izan daiteke
Artemis II misioko astronautak prest dira 02:07an Kaliforniako kostaldearen parean itsasoratzeko
Hego Euskal Herriko 02:07an, NASAren aurreikuspenen arabera, San Diegoko (Kalifornia) kostaldean itsasoratuko da Orion espazio ontzia.
Ekuadorrek % 50etik % 100era igoko ditu Kolonbiako inportazioen muga-zergak, merkataritza-gerra gogortuz
Noboaren gobernuaren arabera, "segurtasun nazionala" bermatzeko hartu dute erabakia, eta "erantzukizun partekatua indartzea du helburu, mugan narkotrafikoaren presentziari aurre egiteko". Petroren ustez, neurri hori "gehiegikeria" da, eta "errespetua" eskatu du "narkotrafikoak eraildako 200.000 kolonbiarrentzat".
Israelek iragarri du Hezbollahko buruzagiaren idazkaria eta iloba hil duela
Hildakoa Ali Yusef Harshi da, Naim Qassemen iloba.
Iranek itxi egin du Ormuzko itsasartea, hainbat orduz irekita egon ondoren
Itsasartea irekita egon da hainbat orduz. Itsasoko trafikoa monitorizatzen duten plataformek mugimenduak atzeman dituztela adierazi dute. Hala ere, Israelek Libanori egindako erasoaren ostean, Irango agintariek berriro etenarazi dute petrolio-ontzien nabigazioa, Guardia Iraultzailearekin lotutako Fars agentziak jakinarazi duenez.
Milaka indigena Brasiliara iritsi dira, 2026ko Lur Librea Kanpamentuan parte hartzeko
Brasilgo indigenek martxa bat egin dute Brasilgo Kongresu Nazionalera euren eskubideak aldarrikatzeko, Brasilian urtero egiten duten kanpaldiaren testuinguruan.
Israelek gutxienez 250 pertsona hil ditu Libanoren aurka egindako "erasorik handienean", su-etena izan arren
AEB eta Iranen artean bitartekari lanak egin dituen Pakistanen arabera, Libanori ere eragiten dio tregoak. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, ordea, akordiotik kanpo utzi du herrialdea.
Iranen bake-plan proposamenaren hamar gakoak
Iranek arma nuklearrak ez fabrikatzeko konpromisoa hartu du, eta bere kontrako zigor guztiak kentzea eta jasandako kalteak konpentsatzeko funts bat sortzea eskatu du. Horiek dira, besteak beste, Teheranek AEBrekin gerra amaitzea negoziatzeko aurkeztu duen planaren puntuak.
AEBk eta Iranek bi asteko su-etena adostu dute, Ormuz ireki egingo dutela bermatuta
Pakistanen bitartekaritzak su-eten akordioa lortzea ahalbidetu du. Ituna berehala sartuko da indarrean, eta Islamabadeko bake negoziazioei ateak irekiko dizkie.
Irandarrek giza-kateak osatu dituzte zentral elektriko eta zubietan, Trumpen mehatxuen aurrean
Donald Trump AEBko presidenteak Ormuzko itsasartea irekitzeko emandako epea amaitu baino ordu batzuk lehenago, Irango herritarrak kalera irten dira, eta giza-kateak osatu dituzte zentral elektriko eta zubietan. Irango banderak, erresistentziarako aldarriak eta liderren argazkiak hartuta, azpiegitura publikoak erasotzea gerra-krimena dela salatu dute.
Trumpen azken mehatxua: "Gaur gauean zibilizazio oso bat hilko da"
Irani emandako ultimatuma amaitzeko ordu gutxiren faltan, agintari estatubatuarrak iragarri du gaur "munduaren historia luze eta konplexuko unerik garrantzitsuenetako bat" biziko dela.