GERRA GAZAN
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Gutxienez 20 pertsona hil dira, tartean bost kazetari, Israelek Gazako Nasser ospitaleari egindako erasoan

Erasoetako batek hildakoak eta zaurituak erreskatatzera zihoazen anbulantziak jo ditu. Halaber, Israelgo Armadak seigarren kazetari bat hil du Al Mayasi inguruan, Gazako hegoaldean.

Iragarkia
26 August 2025, Palestinian Territories, Khan Younis: Palestinians carry the body of a journalist who was killed in an Israeli strike on Nasser Hospital in Khan Younis. Gaza's civil defence agency said five journalists were killed among at least 20 other people. Photo: Abed Rahim Khatib/dpa



25/8/2025 ONLY FOR USE IN SPAIN
18:00 - 20:00

Israelen erasoa, Gazan. Argazkia: EFE

Gutxienez 20 pertsona —tartean, 5 kazetari— hil dira astelehen honetan Israelek Nasser ospitalearen (Gaza hegoaldean) kontra egindako erasoan, osasun zentro horren eta Gazako Osasun Ministerioaren azken datuen arabera.

Gainera, gutxienez Defentsa Zibileko erreskatatzaile bat, Imad Abdul Hakim al-Shaer suhiltzailea, hil da erasoan, eta zazpi pertsona gehiago zauritu dira.

Hossam Al Masri, Reuters albiste agentziarako independente gisa lan egiten zuena; Mohamed Salama, Al Jazeera telebista kateko kameraria; Mariam Abu Daqqa, nazioarteko albiste agentzietarako eta telebistetarako independente gisa lan egiten zuena; Moaz Abu Taha AEBko NBC telebista kateko kazetaria; eta Ahmed Abu Aziz Red Quds Feed eta beste hedabide batzuetakoa, dira hildako kazetariak.

Halaber, Israelgo Armadak seigarren kazetari bat hil du Al Mayasi inguruan, Gazako hegoaldean. "Hildako kazetaria Hasan Douhan da, ’Al Hayat`egunkarirako lan egiten zuena", azaldu du Gazako Gobernuaren Komunikabide Bulegoak ohar batean.

Azken datuen arabera, Israelek gutxienez 246 kazetari hil ditu 2023ko urrian erasoaldia hasi zuenetik.

Reutersek dio, gainera, beste argazkilari bat, Hatem Khaled, zauritu dela.

"Lehen erasoaren helburua Nasser Osasun Zentroko laugarren solairua izan da, eta bigarrena, zaurituak eta hildakoak erreskatatzera joan diren anbulantziak", Gazako Osasun Ministerioak jakitera eman duenez.

Israelgo Armadak deitoratu egin du "behar ez zen pertsonei egindako edozein kalte".

"FDIk (Israelgo Defentsa Indarrak) deitoratu egiten du behar ez zen pertsonei egindako edozein kalte, eta ez du kazetarien kontrako erasorik egin. FDI gatazkan esku hartzen ez duten pertsonei ahal den kalte txikiena egiten saiatzen da", zehaztu du komunikatu batean, eta gehitu ikerketa abiatuko duela.

Hamas talde islamistak, berriz, Israelek "genozidioan gora" egin duela esan du, eta nazioarteko komunitateari neurri "sendoak" eta "azkarrak" eskatu dizkio "mendeko krimen handiena" amaitzeko.

"Netanyahuk eta bere Gobernu terroristak nazioarteko zuzenbidearekiko eta itun humanitarioekiko mespretxua erakutsi dute berriro, nazioarteko komunitateari eta NBEri desafio eginez, mediku zibil konplexu bati nahita eraso egiteagatik eta nazioarteko zuzenbide humanitarioak babestutako taldeak hiltzeagatik", adierazi du Hamasek.

Hamasek gerra-krimentzat eta sarraski "lazgarritzat" jo ditu lau informatzaileen heriotzak, eta Israelek kazetariak beldurtu nahi dituela uste du, "egia" konta ez dezaten.

Nazioarteko hedabideek zuzenekoetarako erabiltzen zuten

Israelen droneek erasotako puntua, sute-eskailera bateko azken eskailera-burua, nazioarteko hedabideetako kazetariek erabiltzen zuten zuzeneko emankizunak egiteko, EFE agentziak kazetarien lankideak aipatuta jakitera eman duenez.

Kazetariak bertara joaten ziren Khan Junis herriaren ekialdeko ikuspegi ona izateko eta Interneteko eta argindar konexioa onak zirelako bertan.

Nasser ospitalea "eremu gorritzat" jo du Israelek, eta, beraz, Gazako leku arriskutsuenetako bat da kazetarientzat.

Eraildako kazetariak kanpin-dendetan bizi ziren, eta elkarrekin egoten ziren segurtasun handiagoz lan egiteko.

Mugarik Gabeko Kazetariak elkarteak Israelen "inpunitatea amaitzea" eskatu du. "Noraino iritsiko da Israelgo Armada Gazako informazioa ezabatzeko? Noiz arte egingo diote entzungor nazioarteko zuzenbide humanitarioari?", esan du Thibaut Bruttin elkartearen zuzendari nagusiak.

NBEko Segurtasun Kontseilua "premiaz biltzea" eskatu du, "kazetarien aurkako krimenen zigorgabetasunari amaiera emateko, kazetari palestinarrak babesteko eta kazetari guztiei zerrendarako sarbidea irekitzeko".

Abuztuaren 10ean, Israelek beste sei kazetari hil zituen Al-Shifa ospitalearen ondoan bizi ziren dendaren aurka egindako beste eraso batean, horietako bost Al Jazeerako langileak ziren.

Maiatzean, Mugarik Gabeko Kazetariek Nazioarteko Zigor Gorteari eskatu zioten kazetari palestinarrak biktima gisa agertzeko, eta ez soilik lekuko gisa, Gazako Zerrendaren aurkako erasoaldian Israelek gerra krimenak egin dituen ala ez argitzeko.

Zure interesekoa izan daiteke

FOTODELDIA GAZA, 20/08/2026.- La población gazatí celebró este jueves un funeral masivo de 50 personas que murieron como resultado de la ofensiva israelí contra la Franja, entre ellas 19 niños y menores de edad, que fueron enterradas en un cementerio próximo al Hospital Shifa de la norteña ciudad de Gaza. EFE/MOHAMMED SABER
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Israelek 2023an hil zituen 50 pertsonen gorpuzkiak lurperatu dituzte Gazan

Gazako hiru familitako kideak dira denak, tartean 19 adin txikiko. Defentsa Zibileko erreskatatzaileek orain lortu dute haien gorpuzkiak 2023an bonbardatu zituzten eraikinaren hondakinen azpititik ateratzea. Gazatarren Osasun Ministerioak egindako kalkuluen arabera, 73.400 pertsona baino gehiago hil dira Gazan Israelen erasoaldia hasi zenetik eta 7.500 gorpuk hondakinen azpian jarraitzen dute.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X