Errusiak 18 pertsona hil ditu, tartean hiru adingabe, droneekin eta misilekin Kieven egindako erasoetan
Errusiak gutxienez 18 pertsona hil ditu bart Kieven egindako erasoaldian. Hildakoen artean hiru adingabe daude: bi urteko neskato bat, 14 urteko mutil bat eta 17 urteko neska bat, Kieveko Fiskaltzak emandako datuen arabera.
Ukrinform agentziak dioenez, bi urteko neskatoa berehala hil da leherketa baten ondorioz, eta beste bi adingabeak ospitalera egoera kritikoan eraman ostean hil dira.
Bestalde, Vitali Klitxko Kieveko alkateak telebistan adierazi duenez, 50 pertsona inguru zauritu dira, eta horietatik 40 ospitaleratu dituzte.
Ukrainako Aire Armadak ostegun honetan jakitera eman duenez, Errusiak erasoaldi masibo bat egin du bart, eta guztira 598 drone eta 31 misil jaurti ditu.
Gaurko erasoek hiriburuko hainbat barrutitako etxebizitza-eraikinak kaltetu dituzte, eta kalteak eragin dituzte merkataritza-gune batean, haurtzaindegi batean eta Ukrainska Pravda egunkariaren bulegoetan.
Gainera, Vinitsiako erdialdea) agintariek jakinarazi dutenez, instalazio elektriko batzuen aurka ere jo dute eta 60.000 kontsumitzaileri elektrizitate mozketak eragin dizkie erasoak.
EBk Ukrainan duen ordezkaritzaren eraikina kaltetu da
Europar Batasunak salatu duenez, EBk Ukrainako hiriburuan, Kieven, duen Ordezkaritzaren eraikinak kalteak jasan ditu ostegun goizaldean Errusiako Armadak hiriko hainbat punturen aurka egindako erasoan. Langileak "salbu" daudela adierazi dute.
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak ziurtatu duenez, Europar Batasunak (EB) Errusiaren gaineko "presio handienari" eutsiko dio.
"Bart gaueko erasoa misio diplomatikotik, gure Batasunaren ordezkaritzatik, oso gertu gertatu zen. Bi misilek ordezkaritzatik 50 metrora jo zuten 20 segundoko tartean. Hau jokoan dagoenaren oroigarri iluna da", adierazi du Von der Leyenek, galderarik gabeko adierazpen labur batean.
Zure interesekoa izan daiteke
Aita santuaren ebakuntzaren osteko lehen argazkia
Trumpek iragarri du ez dutela Fort Hoodeko erasoaren egilearen fusilamendua zuzenean emango