Bulgariak baztertu egin du Von der Leyenen hegazkinaren kontra erasorik izan zenik
EBren kide den Estatuko agintarien arabera, interferentzia mota horiek "egunero" gertatzen dira, eta, beraz, ez dute ikerketarik egingo.
Ursula von der Leyen, Errumaniako presidentearekin, astelehenean egindako bisitan. Argazkia: EFE
Bulgariako agintariek ez dute ikertuko Ursula von der Leyen Europako Batzordearen presidentea zihoan hegazkinak GPSan izan zituen interferentzien auzia, uste baitute ez direla zibereraso edo eraso hibridoen ondorio; besterik gabe, aireontzian gertatutakoa "egunero" gertatzen den zerbait baino ez dela uste dute.
Rosen Zheliazkov lehen ministroaren arabera, interferentziak ez zituzten hegazkin jakin baten aurka eragin, eta, gainera, ez zuen arriskurik ekarri. "Horrelakoak egunero gertatzen dira. Hegazkinak GPSa asmatu baino askoz lehenago aireratzen eta lurreratzen ziren", esan du Zheliazkovek, eta gogorarazi du Europako protokoloek ezartzen dutela tripulazioak nabigazio metodo tradizionalak erabili ditzakeela.
Zentzu horretan, azpimarratu du Bulgariako kontrolatzaileek segurtasuna bermatu zutela, protokolo horietara mugatuta, eta hegazkina arazorik gabe lurreratu zen.
Lehen ministroak adierazi duenez, horrelako gertakariak Ukrainako gerraren "albo-ondorio" ere badira; izan ere, eremu erradioelektrikoko kalteak eremu zabal batean zehar hedatu omen dira.
Europako Batzordeak Errusia jo zuen interferentzien erantzuletzat. Kremlinek, ordea, erantzukizun oro ukatu du.
Zure interesekoa izan daiteke
Aita santuaren ebakuntzaren osteko lehen argazkia
Trumpek iragarri du ez dutela Fort Hoodeko erasoaren egilearen fusilamendua zuzenean emango