Zer gerta daiteke orain Frantzian?
Emmanuel Macronek lehen ministro sozialista bat izendatzea erabaki dezake, baina denbora agortzen ari da; izan ere, ezegonkortasun politikoa zuzenean ari zaio kalte egiten, eta ekonomian eta kaleetan tentsioa begi bistakoa da.
Frantzian bete egin da aurreikusitakoa. Francois Bayrouk ez du Asanblea Nazionalean konfiantza-galdea gainditu, eta hurrengo orduetan aurkeztuko dio dimisioa Emanuel Macroni Eliseo Jauregian. Zor publikoak eta defizitak sortutako egoera finantzarioa onbideratzeko planak ez du oniritzirik jaso, eta lehen ministroa zentristari ezkerretik eta eskuinetik erretiratu diote konfiantza.
Ze aukera du Macronek? Hautagai berri bat bilatzea, gobernua osatzeko Asanblea Nazionalaren babes nahikoa lortzeko modukoa, edo hauteskunde legegileak deitzea, zenbait alderdik eskatzen dioten moduan. Dena ondo bidean, lehen aukeraren alde egingo du lehen ministroak, eta oso litekeena da ezkerrera jotzea, sozialistengana.
Baina denbora agortzen ari da. Ezegonkortasun politikoak herrialdeko ekonomiari kalte egiten ari zaio, eta kaleetan tentsioa da jaun eta jabe.
Atzo iluntzean milaka manifestari kalera atera ziren Bayrouren porrota ospatzera. Gainera, asteazken honetarako lanuzte nazionala deitu dute sare sozialen bidez. Gobernuak 80.000 jendarme eta polizia mobilizatuko dituela aurreratu du, istiluak egon daitezkeela uste baitu.
Oraingoz, Eliseoak komunikatu bidez esan du presidenteak hurrengo egunetan emango duela proposatutako hautagaiaren berri.