Ursula von der Leyenek proposatu du Israelekin merkataritza gaietako akordioaren suspentsio partziala
Europako Batzordeko presidenteak, gainera, zigorrak planteatu ditu muturreko ministroentzat eta kolono bortitzentzat. Proposamenak, baina, 27en oniritzia beharko du aurrera egin dezan.
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak proposatu du partzialki bertan behera uztea Europar Batasunaren eta Israelen arteko merkataritza gaietako akordioa. Iragarpen honek salto nabarmena adierazten du Europako Batzordeak orain arte izan duen jarrerarekin alderatuta, bereziki Von der Leyenek berak izan duen jarrerarekin konparatuta.
Europako Parlamentuak Estrasburgon (Frantzia) egin duen osoko bilkuran, EBko Exekutiboko arduradun nagusiak Gazako egoera latzari buruz hitz egin du, eta EBn erreakzionatzeko dagoen "blokeoaren" aurrean, esan du Bruselak "neurri sorta bat" proposatuko duela.
Nolanahi ere, aitortu du guztien babesa lortzea ez dela erraza izango: "Badakit zaila izango dela gehiengoa lortzea, eta badakit edozein neurri gehiegizkoa izango dela batzuentzat", onartu du.
Horrekin batera, iragarri du Israeli ematen zaion aldebiko babesa eta ordainketa guztiak bertan behera uztea, eta zigorrak planteatu ditu muturreko ministroentzat eta kolono bortitzentzat.
Proposamenak, baina, 27en oniritzia beharko du aurrera egin dezan.
Israelek "tamalgarritzat" jo du Von der Leyenen hitzaldia
Gideon Saar Israelgo Atzerri ministroak "tamalgarritzat" jo ditu Ursula von der Leyenek egindako adierazpenak, eta "Hamasen propaganda faltsua" errepikatzea leporatu dio, besteak beste, EBren eta Israelen arteko merkataritza akordioa partzialki etetea proposatzeagatik.
Hala, Israelentzako nazioarteko komunitatearen babesa eskatu du X sare sozialean, alegia, "Ekialde Hurbileko demokrazia bakarrarentzat", adierazi du.
Ildo horretan, esan du Von der Leyen jakitun dela Israelek Gazan egiten dituen ahalegin humanitarioez, eta faltan bota duela Europako Batzordeko presidenteak bere hitzaldian adieraztea "Gazako sufrimendua Hamasen errua solik dela".
Hala, esan du, Israeli kalte egiten dion edozein mezuk, bahituak askatu edo Hamasen armagabetzea erraztu baino, "alderantziz", talde palestinarra eta beste edozein "etsai" indartuko dituela.