Netanyahuren esanetan, Israelek "lana amaitu behar du" Gazako Zerrendan
Israelgo lehen ministroa hitz egiten hasi denean, aretoa ia hutsik geratu da. Netanyahuk azpimarratu du ez duela Palestinako Estatua onartuko: "Erokeria da, ez dugu egingo".
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak ostiral honetan NBEren Batzar Nagusian adierazi duenez, Israelek "lana amaitu behar du" Gazako Zerrendan, eta "lehenbailehen" amaitu nahi du. Hitz egiten hasi denean, aretoa ia hutsik geratu da.
Ildo horretatik, Israelgo lehen ministroak azpimarratu du ez duela Palestinako Estaturik onartuko: "Erokeria da, ez dugu egingo". Azken urtean Hamasen aurka Gazan abiatutako ekintza militarrak gogora ekarri ditu, baita antzeko beste talde batzuen aurka burututakoak ere, hala nola Libanoko Hezbollahren edo Yemengo matxino hutien kontrakoak.
"Hamaseko azken kideak Gaza hirian gotortu dira, eta zin egin dute urriaren 7ko ankerkeriak behin eta berriz errepikatu nahi dituztela", esan du Israelen erasoaldia justifikatzeko. Era berean, Gazan gatibu dauden bahituak askatzen badituzte, "bizirik" aterako direla adierazi du, eta hala egiten ez badute, Israelek "jazarri" egingo dituela.
Netanyahuren hitzetan, nazioarteko "propagandaren aurrean", Israel biztanleria zibilari zuzenean erasotzen ari ez zaiela egiaztatzen duten "datuak" daude, eta biktima zibilak dituen edozein gertakari "tragedia" dela esan du.
Gazan bakea lortzeko akordioa "oso gertu" dagoela ziurtatu du Trumpek
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak Gazako Zerrendarako "bake akordioa" lortzeko aukera badela esan du. Balizko itun horrek bahituak askatzea eta "gerraren amaiera" ekarriko luke. Dena dela, ez du horri buruzko inolako xehetasunik eman.
Datorren astelehenean, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa hartuko du Etxe Zurian, eta aurten elkarrekin egingo duten bosgarren bilera izango da.
Erdoganek historikotzat jo du Palestinaren onarpen oldea
Bestalde, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak esan du hamar herrialde berrik, tartean Frantziak eta Erresuma Batuak, Palestina onartu izanak "historikoa" dela eta Israel "bakartzen" hasi dela.
"Nazio Batuen Batzar Nagusian beste behin ikusi dugu, Israelen zapalkuntzaren aurrean eta egiten dituen gizateriaren aurkako krimenen aurrean, herrialde horren isolamendua hasi dela", esan du Erdoganek.
"Historiaren alde egokian izan diren herrialdeen ahaleginak egoera honetara iristen lagundu dute", adierazi du Turkiako presidenteak.