Trump Israelera eta Egiptora joango da, Hamasek eta Israelek sinatutako akordioarekin lotuta
Dirudienez, AEBko presidenteak Gazari buruzko goi-bilera moduko bat egiteko asmoa du Egipton, eta datorren astearen hasieran buruzagi europarrak eta arabiarrak elkartu nahi ditu bertan. Sanchezek jakinarazi du bertan izango dela.
Donald Trump AEBko presidenteak ostiral honetan baieztatu duenez, Israelera joango da, eta, ondoren, Egiptora, Hamasekin lortutako akordioaren harira.
"Israelera joango naiz (...) Knesset-ekin (Israelgo Parlamentua) hitz egitera, eta Egiptora ere joango naiz gero", adierazi du agintariak ostiral honetan Etxe Zurian emandako prentsaurrekoan.
Trumpek ez du bidaiaren ibilbidea zehaztu, baina astelehenean Hamas bahituak askatzen hasiko dela gogorarazi du, Israelek eta Hamasek asteazkenean adostutakoa betetzeko.
Axios AEBko hedabide digitalaren arabera, Trumpek Gazari buruzko goi-bilera antzeko bat egingo du Egipton astearen hasieran, eta buruzagi europarrek eta arabiarrek parte hartuko dute bertan.
Gazaren berreraikuntza gainbegiratzea, nazioarteko laguntza koordinatzea eta monitorizazio mekanismoak sortzea du helburu ekimenak, su-etenaren konpromisoak betetzen direla bermatzeko, AEBk eskualdean bitartekari gisa duen rola indartuz.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak ere parte hartuko du bertan, Moncloako iturrietatik baieztatu dutenez.