Petro "narkotrafikoaren lider" izendatuta, Kolonbia ez duela diruz lagunduko aurreratu du Trumpek
Kolonbiako presidenteak erantzun dio bere burua "engainatzen" ari dela, bere ibilbide politikoan drogen mafiak salatzea izan duelako eginbehar.
AEBko presidente Donald Trumpek iragarri duenez, ez du aurrerantzean Kolonbia diruz lagunduko, narkotrafikoaren aurkako borrokan erakutsitako "moteltasunagatik". Horrekin lotuta, Kolonbiako presidente Gustavo Prietori "narkotrafikoaren lider" deitu dio.
"Gustavo Petro Kolonbiako presidentea narkotrafikoaren liderra da, eta drogen ekoizpen masiboa sustatzen du, bai eremu handietan, bai txikietan, Kolonbia osoan zehar. Herrialde horretan negozio handiena bihurtu da narkotrafikoa, alde handiarekin, eta Petrok ez du ezer egiten geldiarazteko, nahiz eta AEBek dirulaguntza handiak eman dizkion horretarako", adierazi du Trumpek Truth Social sarean.
Horrekin batera, ohartarazi du Petrok "eremu horiek berehala" ixten ez baditu, AEBk itxiko dizkiola.
AEBk Kolonbia drogen aurka borrokan ari diren herrialdeen zerrendatik kendu eta hilabetera egin ditu adierazpenok Trumpek.
Erabaki hori, gainera, AEBk duela gutxi adierazi zuenez, "gatazka armatu betean" hartu da; izan ere, ustez narkotrafikoarekin zerikusia zuten sei ontziri egin diete eraso Karibe itsasoan.
Petrok esan du Trump bere burua engainatzen ari dela
Kolonbiako presidenteak Trumpi erantzun dio bere burua "engainatzen" ari dela, "narkotrafikoaren liderra" dela esanda, adierazi duenez, bere ibilbide politikoan drogen mafiak salatzea izan duelako eginbehar.
"Narkotrafikoak Kolonbian izan duen etsai nagusia XXI. mendean etorri da, Kolonbiako botere politikoarekin izan dituen harremanak agerian utzi dituena ni neu izan naiz", idatzi du Petrok X-n.
Kolonbiak nazioarteko instantzia guztietara joko du
"Subiranotasun nazionalaren aurka" Trump presidenteak egindako "mehatxu zuzena" gaitzetsi du Kolonbiako Gobernuak, eta iragarri du "nazioarteko instantzia guztietara" eramango duela gaia.
Atzerri Gaietako Ministerioak ohar baten bidez esan du Trumpen adierazpenak "iraingarriak" direla, eta "subiranotasun nazionalari" mehatxu egiten diotela, "legez kontrako ekintzak egozten baitizkio Kolonbiari".
Zure interesekoa izan daiteke
Aita santuaren ebakuntzaren osteko lehen argazkia
Trumpek iragarri du ez dutela Fort Hoodeko erasoaren egilearen fusilamendua zuzenean emango