Bi agentek zainduko dute Sarkozy espetxean
Frantziako Barne ministroak adierazi duenez, Barne Ministerioaren erabakia izan da eta estatuburu ohiaren segurtasuna "bermatzea" da helburua. Hori dela eta, bi agente ondoko ziegan egongo dira 24 orduz.
Nicolas Sarkozy, La Santeko espetxean sartu aurreko minutuetan. Argazkia: Europa Press
Nicolas Sarkozy Frantziako presidente ohiak lehen gaua egin du La Santeko espetxean, bost urteko kartzela zigorra betetzeko. Hala ere, Ikusteko dago zenbat denbora egingo duen kartzelan; izan ere, defentsak helegitea jarri zion epaiari eta pentsatzekoa da apelazio-auzitegiak hurrengo asteetan hartuko duela erabakia. Bien bitartean, bi segurtasun-agente egongo dira ondoko ziega batean, presidente ohiaren segurtasuna babesteko. Hori jakinarazi du Laurent Nuñez Barne ministroak asteazken honetan.
Barne Ministerioaren erabakia izan dela azpimarratu du Barne ministroak —Justizia Ministerioarekin adostuta— Europe 1 eta CNEWS hedabideekin egindako elkarrizketan, eta aurrez TF1-LCI hedabideak argitaratutako informazioa baieztatu da.
"Bere segurtasuna bermatzeko erabakia" izan dela esan du Nuñezek, eta Babes Zerbitzuko (SDLP) bi agente horiek presidente ohia 24 orduz zainduko duten taldearen parte direla gehitu.
Estatuburu ohiaren aurkako "mehatxuengatik" babesteko erabakia izan dela nabarmendu du.
Ez hori bakarrik, gaineratu du babes hori "behar den arte" izango duela.
Libiako erregimenak 2007ko hauteskunde-kanpainarako dirua eman ziola eta legez kanpoko finantziazioagatik bete beharko du espetxe zigorra Frantziako presidente ohiak.