Falta diren bahituen gorpuak itzultzeko eskatu dio Trumpek Hamasi
48 ordu eman dizkio horretarako, eta Israelek Gazako Zerrendan Egiptoko adituak sartzeko baimena eman du gorpuak bilatzeko. Gainera, AEB NBEren ebazpen bat prestatzen ari da Gazan nazio anitzeko indar bat zabaltzeko.
Donald Trump AEBko presidenteak, Malaysiara bidean Qatarren erregaia hartzeko egin duen geldialdian, Hamasen kontra egin du, oraindik itzuli ez dituen bahituen gorpuak entregatzea exijituz, eta datozen 48 orduetan egoera gertutik jarraituko duela ohartarazi dio.
Israelen eta Hamasen arteko su-etena oraingoan "indarrean" egongo dela uste du Trumpek, baina zapuztuz gero errua militante palestinarrena izango dela berretsi du.
"Ez bada errespetatzen, erantzukizuna Hamasena izango da. Ez da zaila izango Hamasi azkena ematea. Hitza eman ziguten, eta uste dut errespetatu egingo dutela, edo, bestela, oso arazo larria izango dute", gaineratu du.
Khalil al Hayya Hamaseko buruzagi negoziatzaileak erantzun du bere kideak Zerrendako gune berrietan sartuko direla igande honetan, oraindik aurkitu ez dituzten 13 bahituen gorpuak bilatzeko.
"Ez diogu okupazioari gerrari berriro ekiteko aitzakiarik emango. 20 preso israeldar askatu genituen su-etena iragarri eta 72 ordura. Igandean, gune berrietan sartuko gara, okupazioaren bahituen gorpuetako batzuk bilatzeko", esan du kanal ofizialetan zabaldutako ohar batean.
NBEren ebazpena
Bestalde, Marco Rubio AEBko Estatu idazkariak larunbat honetan azaldu duenez, NBEren ebazpen bat lantzen ari dira Gazan nazio anitzeko indar bat hedatzea baimentzeko, Israelek eta Gazako Zerrendako miliziek urriaren 10ean indarrean jarri zuten su-etenerako akordioaren baitan.
Rubiok adierazi duenez, gai hori igande honetan bertan jorratuko dute Qatarren egingo duten topaketa batean. "Parte hartzeko asmoa agertu duten herrialde askok, ekonomikoki, langileekin edo biekin, beharko dute (NBEren ebazpen bat), bertako legeek hala eskatzen dutelako, eta, beraz, talde oso bat daukagu horretan lan egiteko", adierazi du.
Egiptoko espezialistak
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak bere oniritzia eman du Egiptoko espezialista talde bati Gazako Zerrendan sartzeko, Palestinako eremu horretan jarraitzen duten israeldar bahituen gorpuzkiak aurkitzen saiatzeko.
Netanyahuren bulegoak informazio hori baieztatu die Israelgo zenbait hedabideri, eta, horrez gain, hainbat ingeniaritza-ibilgailu sartu omen dituzte bilaketa lanak errazteko.
"Talde teknikoa da. Hildako bahituak aurkitzeko bakarrik sartuko dira ", azaldu du Netanyahuren bulegoak.