Fentaniloa, lur arraroak, Ukrainako gerra eta TikTok: Trumpen eta Xiren arteko bileraren gakoak
AEBk % 20tik % 10era murriztuko ditu fentaniloa dela eta Txinako produktuen gainean ezarritako muga-zergak, eta, trukean, Pekinek lur arraroak inportatzen utziko die Ameriketako Estatu Batuei eta fentaniloaren trafikoaren aurkako kontrolak indartuko ditu.
Ameriketako Estatu Batuetako eta Txinako banderak. Argazkia: Europa Press
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak eta Xi Jinping Txinako presidenteak hainbat akordio lortu dituzte, bi herrialdeek elkarren produktuen gainean jarritako muga-zergak eta neurri batzuk ezerezean uzteko. Esaterako, Trumpek % 20tik % 10era jaitsiko ditu fentaniloa dela eta ezarritako muga-zergak, eta, trukean, Pekinek lur arraroak inportatzen utziko die Ameriketako Estatu Batuei.
Fentaniloa dela eta ezarritako muga-zergak
Trumpek iragarri du % 20tik % 10era murriztuko dituela fentaniloa dela eta Txinako produktuen gainean ezarritako muga-zergak. Gaineratu duenez, Xik fentanilo trafikoaren gaineko kontrolak indartzeko konpromisoa hartu du.
Asiako Merkataritza Ministerioak jakitera eman duenez, bi herrialdeak "ados" jarri dira fentaniloaren kontua dela eta, xehetasunetan sartu gabe.
Lur arraroen esportazioa
Pekingo gobernuak azaldu duenez, Txinak konpromisoa hartu du urtebetez lur arraroen esportazioari mugak jartzeari uzteko.
Ukrainako gerra
Ukrainako gerra izan da bileran jorratu duten beste gaietako bat, Trumpen arabera.
"Luzaroan hitz egin dugu horretaz. Biok elkarrekin lan egingo dugu", esan du Trumpek. Xik bileraren aurretik adierazi duenez, Pekinek "beste gatazka batzuk konpontzeko bake-elkarrizketak sustatzen ere lagundu du".
Portuetako tasak
Pekinek adierazi du urtebetez bertan behera gelditu direla bi herrialdeek orain arte elkarren produktuen gainean ezarriak zituzten portuetako tasa berriak.
Washingtonek bertan behera utziko du Txinako ontzien eta logistika enpresen gaineko neurria, eta Txinak neurri berean erantzungo du, Txinako Merkataritza Ministerioaren arabera.
AEBko soja
Txinak AEBko soja erosteari ekingo dio berriro, merkataritza-gerraren ondorioz maiatzean erosketak bertan behera utzi zituen eta.
AEBko nekazaritza-produktu gehiago erosiko dituela adierazi du, bere aldetik, Txinak.
TikTok
TikTok aplikazioari dagokionez, plataformari lotutako gaiak "behar bezala" kudeatzeko konpromisoa hartu du Pekinek.