Louvreko presidenteak artelan gehiago erosteko bere erabakia defendatu du
Laurence Des Cars Louvre museoko presidenteak adierazi duenez, Frantziako Kontu Auzitegia oker dago. Aste honetan argitaratutako txosten batean, segurtasunaren gainetik obrak erosteari lehentasuna ematea aurpegiratu dio museoari.
Louvre museoa, Parisen. Artxiboko argazkia: Agentziak
Laurence Des Cars Louvre museoko presidenteak artelan berriak erosteko bere erabakia defendatu du, Frantziako Kontu Auzitegiak obra gehiago erostea segurtasunaren aurretik lehenestea kritikatu eta biharamunean.
"Uste dut oker dabilela hain zorrotza izanda", adierazi du Des Carsek, Franceinfo irratian egin dioten elkarrizketan, Kontu Auzitegiak ostegun honetan txostena aurkeztu ondoren egindako lehen adierazpenetan.
Des Carsen arabera, frantziarrak beren ondarea aberastearekin "oso konprometituta" daudelako izan ditu museoak "lehentasun horiek".
Louvreko presidentearen hitzetan, munduko museorik bisitatuena denaren estatutuetan jasota dago sarreren bitartez bildutako diruaren % 20 artelan gehiago erostera bideratu behar dela.
Segurtasunari dagokionez, eta urriaren 19ko lapurretaz galdetuta, 2022tik segurtasun plan zuzentzaile bat lantzen ari direla adierazi du. "Plan hori gaur sartuko da indarrean, eta bertan argi eta garbi aipatzen da lapurreten auzia", gehitu du.