Batzarrean "gerra egiten duten gizonak falta" direla salatuz ireki du Lulak ofizialki COP30a
Nazio Batuen Erakundeak (NBE) adierazi du klima-aldaketaren auzian ezer ez egiteak geldialdi ekonomikoa eta inflazioa ekarriko dituela, eta erregaiei, finantzaketari eta egokitzapenari buruzko emaitza "argiak" eskatu ditu. 21era arte luzatuko da goi-bilera.
Lula, COP30 irekitzeko hitzaldia egiten. Argazkia: EFE
Gaur hasi da ofizialki, Brasilen, Belem hirian, NBEren 30. goi-bilera klimatikoa, eta Luiz Inacio Lula da Silva Brasilgo presidenteak "gerra egiten duten gizonak" konferentzian ez egotea gaitzetsi du irekiera-ekitaldian.
Lulak gogor kritikatu du Estatu Batuek eta Europak sustatutako defentsa-gastuaren gorakada, eta, horren ordez, garapen bidean dauden herrialdeei beren helburu klimatikoak lortzeko borrokan laguntzeko behin betiko apustua egin beharko litzatekeela defendatu du.
"Gerra egiten duten gizonak COP30ean egongo balira, ikusi egingo lukete klimaren arazoarekin amaitzeko urtean 1,3 bilioi dolar jartzea askoz merkeagoa dela gerra egiteko 2,7 bilioi dolar jartzea baino, iaz egin zuten bezala", salatu du Lulak, eta anbizioa eskatu die guztiei Parisko Akordioaren izpiritua bizirik mantentzeko.
Gainera, eta inor aipatu gabe, "negazionistak porrot egitera" eramateko deia egin du, berotze globala gutxiesten dutelako, gorrotoa ereiten dutelako, beldurra zabaltzen dutelako eta erakundeei, zientziari eta unibertsitateei erasotzen dietelako".
AEB ez da negoziazio ofizialetara joan
AEB munduko herrialde kutsatzaileenetako bat den arren, Donald Trump AEBko presidentearen Gobernuak ez du ordezkaririk bidali negoziazio ofizialetara. Dena dela, parte hartuko dute klimari buruzko konferentzia garrantzitsuenean, "nahiz eta negoziazioetatik kanpo egon".
Berotze globala ukatzen du Trumpen administrazioak, eta energia murriztagarriei ere muzin egiten die. Gauzak horrela, ez zuten parte hartu joan den astean, ostegun eta ostiralean, Belemen bertan izan zen COP30eko liderren goi-bileran.
NBEk adierazi du klimaren auzian ezer ez egiteak geldialdi ekonomikoa eta inflazioa ekarriko dituela
Bestalde, Simon Stiell Nazio Batuen Klima Aldaketari buruzko Hitzarmeneko idazkari exekutiboak ohartarazi duenez, "ekintza klimatikotik kanpo geratzen direnek geldialdia eta inflazioa izango dute aurrez aurre".
"Erresilientzia sustatzeko ekintza bakoitzak bizitzak salbatzen, komunitateak indartzen eta ekonomia ororen menpe dauden hornidura kate globalak babesten laguntzen du", adierazi du Stiellek konferentziaren lehen osoko bilkuran.
Gainera, erregai fosilei, finantzaketari eta egokitzapenari buruzko emaitza "sendoak eta argiak" eskatu ditu.
Konbentzioa sinatu duten herrialdeei adostuta dagoena zehazteko garaia dela esan die. Ildo horretan, gogorarazi du Dubaiko COP28an trantsizio bat adostu zela erregai fosilak uzteko, eta "orain" dela "garaia" hori egiteko adiearazi du, "nola egin modu justu eta ordenatuan adostuz".
Halaber, "berotze globalaren aurrean ahulenak diren herrialdeentzat urtero konprometitutako 300.000 milioi dolarretatik 2035erako 1,3 bilioira pasatzeko "ibilbide-orria martxan jartzea" eskatu du, "herrialde garatuak buru direlarik".
Era berean, egokitzapenaren arloko adierazleei buruz ados jartzeko ere eskatu du, hori baita COP30 honen funtsezko puntuetako bat.
Simon Stiell Nazio Batuen Klima Aldaketari buruzko Hitzarmeneko idazkari exekutiboa. Argazkia: EFE
Stiellek nazioarteko lankidetzaren eta multilateralismoaren defentsa sutsua ere egin du, "hondamendi klimatikoek BPGa bi digitutan murrizten dutela" ohartaraziz. "Lehorte handiek herrialde oso baten uzta hondatzen eta elikagaien prezioak handitzen dituzten bitartean, zalantzan egoteak ez du zentzurik, ez ekonomikoki, ez politikoki", esan du.
"Gatazkak hedatzen diren heinean, gosetea hedatzen den bitartean, eztabaidan aritzeak, milioika pertsona beren herrialdeetatik ihes egitera behartuta daudenean, ez da inoiz ahaztuko. Hondamendi klimatikoek milioika pertsonaren bizitza kolpatzen dute, konponbideak ditugunean, eta hori ez da inoiz barkatuko, inoiz ez", esan du.
170 bat herrialdetako ordezkaritzak bildu dira COP30ean. Hilaren 21era arte luzatuko da topaketa eta azken akordioa lortzen ez bada, egun batzuk gehiago luzatzeko aukera izango da.