Zergatik da garrantzitsua COP30 klima-aldaketari buzurko goi-bilera?
Munduko tenperaturak 1,5 graduko igoeraren langa gainditu zuen 2024an, lehen aldiz, eta geroztik egingo den klimaren inguruko aurreneko goi-bilera da aurtengoa. Azaroaren 10etik 21era egingo da COP30 goi-bilera, Brasilgo Amazonian.
COP30 goi-bilera, Brasilen. Argazkia: EFE
Urtero egin ohi den NBEren klima aldaketaren nazioarteko goi bilerak mundu osoko buruzagiak biltzen ditu, eta hedabideen arreta bereganatu. Aurten Brasilgo Amazoniako Belem hirian egingo da COP30 deiturikoa, azaroaren 10etik 21era bitartean.
Aurtengoa zergatik da horren garrantzitsua?
Aurten 10 urte beteko ditu Parisko Akordioak, ia 200 herrialdek tenperaturaren igoera 1,5 gradura mugatzeko konpromisoa hartu zutenetik. 2024an, ordea, munduko tenperaturak langa hori gainditu zuen, lehen aldiz.
Zientzialarien arabera, Lurraren tenperatura industriaurreko aldian baino 1,5 gradu beroagoa izanez gero, klima-aldaketak eragindako ondorioak larriagoak izango dira.
COP30eko presidentzia-lanak egiten ari den Brasilek gainerako herrialde parte-hartzaileei eskatu die lan egin dezatela aurreko konpromisoak betetzeko (adibidez, COP28 goi bileran erregai fosilen erabilera pixkanaka ezabatzea hitzartu zuten), akordio berriak lortzen saiatu beharrean.
Hauek izango dira goi-bilerako bost ardatz nagusiak:
- Erregai fosilak erabiltzeari uztea
- Baso-soiltzea ekiditeko bideak topatzea
- Finantzaketa klimatikorako tresnak nola finkatu argitzea
- Egokitzapen-politikak nola ezarri eztabaidatzea
- Multilateralismoa
Bi asteko goi-bilera
Lehen astean, parte hartzen duten herrialdeetako negoziatzaileek beren lehentasunak azaldu eta besteen jarrerak ebaluatzen dituzte.
Herrialdeetako goi-ordezkariak (ministroak) bigarren astean hasi ohi dira negoziazioetan parte hartzen, xehetasun tekniko eta legalak adostu eta akordioak ixteko.
Negoziazioak goizalderaino luzatu ohi dira, eta ohikoa da azken ordura arte adostasunik ez lortzea.