Bertan behera utzi dute Maria Corina Machadok Osloko Nobel Institutuan eman beharreko prentsaurrekoa, eta zalantzan dago saria jasotzeko izango egongo ote den
Venezuelako oposizioburuak Norvegiako hiriburura joan egingo dela ziurtatu dio Nobel Institutuari. Hala izango balitz, Machado 2024ko abuztua ezkero lehenengoz agertuko litzateke jendaurrean. Bakearen Nobel Batzordearen buruak bidaia "arriskutsua" dela esan du, Nicolas Maduroren Gobernuak Machadoren aurka har ditzakeen errepresaliak direla eta.
Dena prest, Osloko Grand Hotelean, Bakearen Nobel saria emateko. Argazkia: EFE
Maria Corina Machado Venezuelako oposizioko kideak Bakearen Nobel saria jasoko du asteazken honetan, Oslon, astearte honetan hasiko den ekitaldi programaren baitan. Golardo hori lortu duen zazpigarren latinoamerikarra da Machado. Dena dela, bertan izango ote den ezbaian dago.
Hala ere, Osloko Nobel Institutuak larunbatean EFEri jakinarazi zionez, Machadok berak egun bat lehenago Norvegiako hiriburura joan egingo zela ziurtatu zuen, telefono bidez.
Jørgen Watne Frydnes Bakearen Nobel Batzordearen buruak "arriskutsutzat" jo du bidaia, Nicolas Maduro Venezuelako presidentearen errepresaliak direla eta. Gauzak horrela, Machadoren segurtasuna bermatzearen garrantzia azpimarratu du, Machado Venezuelara itzuli ahal izateko.
Ekitaldien egitarau ofiziala asteartean irekitzea aurreikusita zegoen, ohi legez, irabazlea Bakearen Nobel Institutuan, sariaren erabakiaren berri zabaltzen den lekuan, prentsaurreko batekin. Hala ere bertan behera geratu da hori, Machado Norvegiako hiriburura noiz eta nola iritsiko den ezin delako aurreikusi, antolatzaileek iragarri dutenez.
Nolanahi ere, Machado Oslon dagoenean, institutuko areto batean bilduko da Norvegiako Nobel Batzordeko kideekin. Norvegiako Parlamentuak sei urtean behin izendatutako bost pertsonak osatuko dute, eta saridunak gonbidatuen liburuan sinatuko du. Nobel Batzordeak Machado omenduko du gero, Grand Hotelean, afari batekin.
Saria udaletxean jaso aurretik, handik metro gutxira, Machadok Save the Children GKEak antolatutako ekitaldian parte hartuko du. Haurrek eurek egindako ikuskizuna da; aurten Bakerako Nobel Zentroaren kanpoaldean egingo da, eta ez barruan.
Ekitaldia 13:00etan (12:00 GMT) hasiko da, Osloko udaletxean.
Mila gonbidatu inguru izango dira zeremonian, Norvegiako errege-familia buru dela (Harald V.a eta Sonia errege-erreginak, Haakon eta Mette-Marit printze-printzesa oinordekoak eta Ingrid Alexandra). Norvegiako Gobernuko kideak, diputatuak, gizarte zibileko ordezkariak eta talde diplomatikoko kideak ere joango dira ekitaldira.
Nobel Batzordearen buruak lehen hitzaldia emango du, eta, ondoren, Machado oholtzara deituko du sariaren diploma jasotzeko. Aurten 11 milioi koroa suediar (milioi bat euro) eta domina jasoko ditu.