Nazioarteko Zigor Auzitegiak Palestinako auzia ikertzen jarraituko du, Israelen helegitea baztertu baitu
Israelgo Gobernuak ikerketa bere gain hartu nahi zuen, eskumena zuela argudiatuta. Argudioa errotik ukatu du Zigor Auzitegiak, eta, hala, Fiskaltzak ikertzen jarraitu ahalko du.
Erreskate taldeak, gorpuak bilatzen, Gazan. Argazkia: EFE
Nazioarteko Zigor Auzitegiaren Fiskaltzak Palestinan gerra krimenak egon ote diren ikertzen jarraituko du, Israelek ikerketa horren kontra aurkeztutako azken helegitea baztertu baitu gaur. Auzitegiak berretsi duenez, gainera, berak du 2023ko urriaren 7ko Hamasen erasoen ondotik Palestinan gertatutakoa ikertzeko eskumena.
Fiskaltzak 2021ean abiatu zuen ikerketa, Palestinak bi urte lehenago egindako eskaerari jarraiki. Dena dela, Hamasen erasoa eta ondoren Israelek egindakoak ere hartzen ditu kontuan.
Auzitegiaren Apelazio Aretoak epai luze eta tekniko batean argudiatu duenez, ez dago auzia berrabiarazteko "elementu berririk". Nazioarteko ikerketa bat abiatzen denean, abiapuntuan kontuan hartu ez diren gertaerak egonez gero, estatuen arteko jakinarazpen bat igorri beharko da, ikertzeko eskumena nori dagokion ebazteko. Hori izan da, hain justu, Israelek helegitean defendatu duena. Horren ustez, 2023ko urriaren 7aren ostean jazotakoek ezinbesteko egiten zuten jakinarazpen hori bidaltzea. Horri esker, Israelek ekintzok epaitzeko eskumena izango luke, eta, hortaz, Nazioarteko Zigor Auzitegiaren ikerketa geldiarazi.
Apelazio Aretoaren aburuz, ordea, Netanyahu eta Yoav Gallant Defentsa ministro ohia atxilotzeko aginduek zein ikerketak berak balizko krimenak eta erantzuleak identifikatu zituen eta gatazkaren eta okupazioaren testuingurua kontuan hartu zuten.
Aretoak aitortu du 2023ko urriaren 7az geroztik Palestinako egoera gaiztotu egin dela, baina 2018an jakinarazitako gatazka eta egungoa "oso lotuta" daudela.
Epaiak, horrenbestez, arrazoia eman dio Fiskaltzari, eta horrek ikertzen jarraitu ahalko du.