Venezuela
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Madurok errugabetzat jo du bere burua AEBko epailearen aurrean

Venezuelako presidentearen eta haren emaztearen abokatu taldeek erabaki dute "une honetan" baldintzapeko askatasuna ez eskatzea.

maduro AEBn

Maduro atxilotu zuten unean.

Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak eta Cilia Flores emazteak errugabetzat jo dute euren burua New Yorkeko Hegoaldeko Barrutiko Auzitegi Federalean egin duten lehen deklarazioan, AEBko indarrek Caracasen atxilotu ostean.

Maduroren deklarazioak 15 minutuko iraupena izan du, gutxi gora behera, eta amaieran, martxoaren 17rako deitu ditu epaileak presidentea eta haren emaztea.

Venezuelako presidenteak "errugabea" dela adierazi du. "Ez naiz hemen aipatu den ezeren errudun", zehaztu du, eta bere burua "gizon zintzo" gisa definitu du. Cilia Flores lehen damak ere "erabat errugabea" dela esan du.

Bakoitzak bere abokatuak izango ditu auzi honetan. Venezuelako presidenteak Barry Pollack kontratatu du abokatu gisa, Julian Assange Wikileakseko sortzailea hainbat urtez ordezkatu zuena. Bestalde, Mark Donnelly abokatua da Floresen ordezkaria.

Bi abokatu-taldeek "une honetan" baldintzapeko askatasuna ez eskatzea erabaki dute, beraz espetxean jarraituko dute oraingoz. Alabaina, Maduroren abokatuak epaileari jakinarazi dionez, "arreta beharko duten osasun arazo batzuk" ditu, eta Floresen abokatuak, berriz, "bahiketan lesio handiak" izan zituela salatu du. 

Venezuelako agintariari konspirazio narko-terroristarekin lotutako hainbat delitu leporatzen dizkiote. Tartean, kokaina inportatzeko konspirazioa eta armak izatea. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X