Ipar Koreak kongresua itxi du armategi nuklearra handitzeko promesarekin
Kim Jong-unek ateak zabalik utzi ditu Washingtonekin dituen harremanak hobetzeko, betiere, AEBek Pyongang estatu nuklear gisa onartzen badute. Gainera, alderdian duen lidergoa berretsi du.
Piongiangek mezu argi batekin itxi berri du Langileen Alderdiaren 9. Kongresua: Ipar Koreak indar nuklearrak indartu eta handituko ditu datozen bost urteetan. Kim Jong-un Ipar Koreako liderrak esan du herrialdeak potentzia atomiko gisa duen estatusa finkatzea “borondate irmoa eta hautsezina” dela, KCNA estatu-agentziak zabaldutako txostenaren arabera.
Konklabea sei egunez ospatu dute eta buruzagia eta bere alaba nerabea desfile militar batean izan dira horren amaieran. Bertan, datorren bosturtekoaren ibilbide politiko, ekonomiko eta militarra zehaztu dute. Nazioarteari dagokionez, Kimek Washingtonekiko harremanak hobetzeko atea zabalik utzi du, baldin eta Estatu Batuek desnuklearizazio eskaerak bertan behera uzten badituzte eta Piongiang arma nuklearren jabe dela aitortzen badute.
Aitzitik, erregimenak Seulen aurkako tonu gogorrari eutsi dio, eta ondoko herrialdea “etsai” gisa kalifikatu du berriro. Halaber, egungo egoerarekin elkarrizketarik izatea baztertu du.
Ekonomiari dagokionez, azken bosturtekoan “eraldaketa handia” eman dela nabarmendu du, eta bere eskualde-garapenerako plana defendatu du; plan horren arabera, hamarkada batez 20 eremutan industria-instalazioak eraikitzea aurreikusten da urtero, tokiko ekoizpena modernizatzeko.
Kongresuak Kim alderdiko idazkari nagusi gisa berretsi du, eta bere ahizpa Kim Yo-jongen garrantzia indartu du, departamentu zuzendari izendatu baitute. Agintariaren alabak ekitaldi ofizialetan presentzia publiko gero eta handiagoa izateak balizko ondorengotza dinastikoari buruzko espekulazioak berpiztu ditu, gainera.