AEB

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Hamar danimarkarretik lauk uste dute Trumpek Groenlandia inbadituko duela

Bien bitartean, Trumpek esan du AEBk "zerbait" egingo duela Groenlandiarekin: "Onean egiten ez badugu, txarrean egingo dugu".

Nuuk Groenlandia Europa Press
Nuuk, Groenlandia. Argazkia: Europa Press

Danimarkako hamar herritarretik ia lauk uste dute AEBk Groenlandiako lurralde autonomoa inbadituko duela Donald Trump presidente den bitartean, Voxmeterrek Ritzau agentziak eskatuta egindako inkesta baten arabera.

Zehazki, galdetutakoen % 38k uste dute AEBk indarrez hartuko duela Artikoko uhartearen kontrola.

Donald Trump presidente delarik AEBk Groenlandia inbadituko duen galdetuta, "ziur baietz" esan dute galdetutakoen % 10ek, eta "baietz", berriz, % 28,3k.

Aitzitik, % 28,6k hipotesi horrekin "desados" edo "erabat desados" daudela adierazi dute Danimarkako 1.005 biztanleri urtarrilaren 6a eta 9 bitartean egindako inkestan.

Trumpek ostiralean esan zuen ez duela onartuko "Errusiak edo Txinak Groenlandia okupatzea", eta Danimarkako lurralde autonomoarekin "zerbait egitea" erabaki duela, "onean edo txarrean".

AEBko presidenteak uste du Washingtonek uhartea kontrolatu behar duela "segurtasun arrazoiak" direla-eta, "oraintxe bertan Groenlandia inguruan errusiar destruktoreak daudelako, txinatar destruktoreak daudelako eta, gainera, errusiar itsaspekoak daudelako nonahi".

Gainera, Danimarkak lurraldearen gainean duen subiranotasuna zalantzan jarri zuen, Eskandinaviako herrialdea miresten duela aitortu arren: "Duela 500 urte han itsasontzi batekin lehorreratzeak ez du esan nahi lur horren jabe direnik".

Groenlandian, baina, ez dago AEBren parte bihurtzeko interesik.

Ostiral gauean, Groenlandiako Parlamentuko bost alderdiek komunikatu bateratu bat argitaratu zuten, Groenlandiaren etorkizuna Groenlandiako herriak erabaki behar duela esanez.

"Ez dugu estatubatuarrak izan nahi, ez dugu danimarkarrak izan nahi, groenlandiarrak izan nahi dugu", aldarrikatu zuten bost alderdi politiko horien ordezkariek. "Gure herrialdearen etorkizuna geuk erabaki behar dugu, erabaki azkar bat hartzeko presiorik gabe, atzerapenik gabe edo beste herrialde batzuen interferentziarik gabe".

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X