Groenlandiako planak onartzen ez dituzten herrialdeei muga-zergak igotzeko aukera iradoki du Trumpek
Errepublikanoak muga-zergak baliatu ditu bere bazkide komertzialen aurkako tresna politiko gisa, eta Brasilgo eta Indiako inportazioen gaineko tasak % 50eraino igo ditu 2025eko urtarrilean Etxe Zurira itzuli zenetik.
Donald Trump, AEBko presidentea. Argazkia: EFE
Groenlandia kontrolpean hartzeko planak onartzen ez dituzten herrialdeei muga-zergak igotzeko prest agertu da Donald Trump AEBko presidentea ostiral honetan, uhartea "AEBren interesetarako ardatza" dela argudiatuta.
"Baliteke Groenlandiako plana onartzen ez duten herrialdeei muga-zerga berezia ezartzea, Groenlandia behar baitugu segurtasun nazionalerako", esan du Trumpek, landa eremuko osasun laguntzari buruzko mahai-inguru batean.
Errepublikanoak muga-zergak erabili ditu bere bazkide komertzialen aurkako tresna politiko gisa, eta % 50eraino igo ditu Brasilgo eta Indiako inportazioen gaineko tasak, 2025eko urtarrilean Etxe Zurira itzuli zenetik, Jair Bolsonaro presidente ohiarekiko jarreragatik eta petrolio errusiarra erosteagatik, hurrenez hurren.
Groenlandiako lurralde autonomoa menpean duen Danimarkak irla horretan presentzia militarra nabarmen handituko duela iragarri ondoren egin ditu adierazpen horiek AEBko agintariak. Hain zuzen ere, Washingtonek iragarritako asmoen ondoren, eskualde artikoaren segurtasuna indartze aldera hartu du erabakia Danimarkak.
Frantziak, Alemaniak, Erresuma Batuak, Suediak, Norvegiak, Finlandiak eta Herbehereek, besteak beste, bat egin dute lurralde horrekin, eta tropak bidali edo bidaliko dituzte ere Groenlandiara. "Segurtasun nazionala" indartzeko eta Txinaren edo Errusiaren eskuetan ez erortzeko militarrak bidaliko zituela esan zuen Trumpek.
Etxe Zuriak ostegun honetan adierazi duenez, mugimendu horiek ez diote "inola ere" eragiten Groenlandia kontrolatzeko helburuari, lur arraroetan eta metal preziatuetan aberatsa baita.
Danimarkako Gobernuak uhartearen subiranotasuna berretsi eta Washingtonen asmoak kritikatu ditu, baina Trumpen kabinetearekin lantalde bat sortzeko konpromisoa hartu du, gaiaren inguruko "desadostasunak" aztertzeko asmoz.