Zer da ICE? Zer ari da gertatzen Minnesotan?
Immigrazio eta Aduanen Kontrolerako Zerbitzuak (ICE, ingelesez) eta Minneapolis hiriak asteak daramatzate aktualitatearen erdigunean. Egoera ulertzeko hainbat gako bildu ditugu.
ICEren agente batzuk, asteburuan, Minneapolisen. Argazkia: EFE
ICE, ingelesez Immigration and Customs Enforcement (Immigrazioa eta Aduanak Kontrolatzeko Zerbitzua), duela bi hamarkada baino gehiago sortu zuten AEBn, baina Donald Trumpen bigarren agintaldian egin da ezaguna. Egun argiz eta indarkeria erabilita egindako hilketak, epaitegien baimenik gabe egindako miaketak, adingabeen atxiloketa…hauek guztiak egotzi dizkiete ICEren agenteei. Izan ere, presidente errepublikanoak kanporatze masiboak egiteko oinarrizko tresna bilakatu du ICE.
Zer da?
ICE 2003an jaio zen, 2002ko Segurtasun Nazionaleko Legearen harira. Aipatu araudia 2001eko irailaren 11ko atentatu terroristei erantzuteko sortu zuen garaiko AEBren gobernuak. Segurtasun Nazionaleko Departamentuaren (DHS) mendeko agentzia federala da. Bere webgunean dioenez, bere helburua da "segurtasun nazional eta publikoa babestea, aduanen eta immigrazioaren lege federalak aplikatuz, nazioz gaindiko krimenari eta terrorismoari aurre egiteko".
Tokiko poliziek ez bezala, ICEren agenteek Ameriketako Estatu Batuetan egoera irregularrean egoteaz susmagarri diren pertsonak atxilotzeko ahalmena dute. AEBko herritarrak ere atxiki ditzakete, baina mugatuta daude arlo horretan. Kasu hauetan bakarrik egin dezakete atxiloketa: immigrazioaren aurkako operazioetako bat oztopatzen denetan edo agenteren bat erasotzen badute.
Sorreratik bertatik, kritika eta salaketa ugari jaso ditu diskriminazioagatik eta arrazakeriagatik; Trumpen bigarren agintaldian, baina, biderkatu egin dira.
Zertan aldatu da ICE azken urteotan?
2025ean, Trumpek nabarmen handitu zuen Segurtasun Nazionaleko Departamentuaren (DHS) aurrekontua, eta 178.000 milioi dolar bideratu zituen partida gehigarri bakar batean, inoizko handiena. Dirutza arlo hauek indartzeko bideratu zituen AEBko presidenteak: mugako segurtasuna, immigrazio legeen aplikazioa, atxiloketak eta mugetan harresi berriak egitea. Urtero 8.000 milioi dolarreko aurrekontua du ICE agentziak.
Gaur egun, 20.000 agente ditu AEBko eta nazioarteko 400 bulegotan banatuta. Alderatze aldera, FBI AEBko polizia agentzia federal handienak 13.700 agente ditu.
Urtea hasi denetik, ezin beldurgarriagoa da ICEren ekintzen balantzea: urtarrilaren 7an hiru aldiz tiro eginda hil zuten Renee Good, 37 urteko emakume estatubatuarra; urtarrilaren 20an, bost urtetxo besterik ez dituen Liam atxilotu zuten aitarekin batera (eta jakina da dozenaka direla agente hauek atxilotutako haurrak); hortik lau egun eskasera, urtarrilaren 24an, Alex Pretti izeneko 37 urteko erizainak zortzi balakada jaso zituen. Gainera, ICEk berak onartu du 2026ak dituen egun gutxi hauetan sei lagun hil direla euren esku zeudela. 2025a azken bi hamarkadetako urterik beltzena izan zen, ICEren zaintzapean zeuden 30 lagun hil baitziren haien zentroetan.
CBS katearen arabera, AEBko migrazio-agintariek 73.000 lagun inguru dituzte atxilotze-zentroetan, inoiz izan den kopuru altuena. 2025ean baino % 84 gehiago da hori, eta igotzen jarraituko du zenbatekoak, Administrazio errepublikanoak 100.000 lagun atxilotzeko gaitasunera iritsi nahi baitu, zentro gehiago irekiz edo daudenak handituz. Beste datu esanguratsu bat: atxilotuta dauden pertsonen erdiak baino gutxiagok (% 47) ditu polizia-aurrekariak AEBn.
Zer ari da gertatzen Minneapolisen?
Minneapolisek 429.954 biztanle ditu eta Minnesota estatuko hiririk populatuena da; ipar-mendebaldeko erdialdean dago kokatuta. Hiria Alderdi Demokrataren gotorleku da eta asteak daramatza arreta mediatikoaren erdigunean, ICEk bi pertsona hil dituelako bertan.
Minnesota ez da inondik inora, AEBn migrante gehien dituzten Estatuetako bat. Kalkulatzen denez, 5,7 milioi biztanletik % 2,2 baino ez dira paperik gabe bizi direnak. Hala eta guztiz ere, agentzia federalak 3.000 agente ditu bertan hedatuta, neurriz kanpoko kopurua, kontuan hartuta tokiko agenteena (600) halako bost dela.
Kristi L. Noem Segurtasun Nazionaleko idazkariak X-n adierazi duenez, agentziak paperik gabeko 10.000 etorkin baino gehiago atxilotu ditu Minnesotan, baina tokiko buruzagiek kopuru horren egiazkotasuna zalantzan jarri dute.
Are gehiago, Minneapoliseko hiritarrek asteak daramatza ICEk kaleetan egindako gehiegikeriak salatzen. Protesta jendetsuak izan dira, bai eta greba orokor bat ere; ohikoa bihurtu da bizilagunek dispositiboak antolatzea sarekadetan abusurik ez dagoela ziurtatzeko, eta asko dira euren mugikorrekin muga-zaintzarako agenteen mugimenduak grabatzen dituztenak. Horri esker geratu dira erregistratuta hirian gertatu diren bi hilketak.
Alex Prettiren hilketaren ostean, manifestazioak izan dira Minnesotako beste hiri batzuetan, baita Los Angeles, New York, Seattle, Washington DC eta Chicago hirietan ere. Tim Walz Minnesotako gobernadore demokratak Prettiren hilketaren inguruko ikerketa independentea agindu du, ez baita AEBren Gobernuak egin dezakeenaz fio.
Zer da Trumpek Minnesotan ezarri nahi duen Matxinada Legea?
Donald Trump AEBko presidenteak sutsu defendatu du ICEren jarduna, eta agenteak euren burua defendatzen ari zirela argudiatu du. Minnesotako agintariek egindako kritikei entzungor egin, eta “lankidetzan” aritzeko eskatu die. “Estatuko kartzeletan preso dauden legez kanpoko immigrante gaizkile guztiak herrialdetik ateratzeko laguntza behar dugu”, adierazi du.
"Walf gobernadoreari (Minnesota), Frey alkateari (Minneapolis) eta AEBko alkate eta gobernadore guztiei deia egiten diet Trump administrazioarekin elkarlanean aritu daitezen, eta gure nazioaren legeak betearazi ditzaten. Hobe lukete horrela jokatu, eta ez kaosa, indarkeria eta zatiketa hauspotzen jarraitu”, idatzi du Truth sare sozialean.
Harago ere joan da eta Matxinada Legea aplikatzearekin egin du mehatxu. Hartara, Etxe Zuriko maizterrak AEBko Armada Minnesotara bidaltzeko aukera izango luke, protestak baretzeko, beste inori baimena eskatu gabe, gainera. Berez, 1878ko Posse Comitatus legearen arabera, Armadak ezin du eskua hartu, eta polizia arruntari dagokio ordena publikoari eustea. Lege hori martxan jartzeak bertan behera utziko luke salbuespen hori.
Matxinada Legea ezarri barik ere, indar federalek badute herrialde batean sartzea, baina mugak dituzte (gobernuaren eraikinak edo epaitegiak babesteko bakarrik jardun dezakete). Matxinada Legea aplikatuta, nahieran jardun lezake Armadak.
Zure interesekoa izan daiteke
Israelen eta Iranen arteko erasoaldi betean, Trumpek uste du ez direla su-etenerako baldintzak betetzen
"Iranek akordio bat erdietsi nahi du, baina nik ez, ez direlako horretarako baldintzak betetzen", esan du agintari estatubatuarrak NBC telebista kateari emandako elkarrizketan.
Antonio Guterres NBEko idazkari nagusia Libanon izan da eta elkarrizketarako deia egin du
Guterresek ohartarazi du ez dagoela irtenbide militarrik Hizbulá talde xiitaren eta Israelen arteko egungo gatazkarako, eta bi aldeei elkarrizketara eta bide diplomatikoetara jotzeko eskatu die Beiruten eman duen prentsaurrekoan.
Jurgen Habermas filosofo alemana hil da, 96 urte zituela
Komunikazio Ekintzaren Teoriaren egileak lotura estua zuen Frankfurteko Eskolarekin. Hain zuzen ere, bertan egin zuen bere ibilbidea pentsalari eta gizarte-ikertzaile gisa.
Trumpek nazioarteko itsas misio bat proposatu du Ormuzko itsasartea berriro irekitzeko
"Zorte apur batekin, Txinak, Frantziak, Japoniak, Hego Koreak, Erresuma Batuak eta kaltetutako beste herrialde batzuek ontziak bidaliko dituzte Ormuzko itsasartera, erabat suntsituta dagoen nazio baten mehatxu izaten jarrai ez dezan", adierazi du AEBko presidenteak.
2006tik Libanoko hegoaldean egin duen lurreko inbasio handiena prestatzen ari omen da Israel
"Helburua da lurralde horren kontrola bereganatzea, Hezbollahren indarrak iparraldera (mugatik urruti) eramatea eta herrixketako gune militarrak eta arma-biltegiak suntsitzea", esan du Axios atariak.
AEBk Bagdaden duen enbaxadari eraso diote
Drone batekin egindako erasoak kalte handiak egin ditu Irakeko hiriburuko erdigunean dagoen eraikinean, baina oraingoz ez dute jakinarazi biktimarik izan den ala ez.
AEBk Kharg uhartea bonbardatu du, eta Iranek erantzun du Arabiar Emirerri Batuetan erasotzeko eskubide "legitimoa" duela
AEBk irandarren 90 bat base militar baino gehiago jo ditu uhartean. Teheranek estatubatuarren baseen aurkako erasoak egiten jarraitu du Persiar golkoko herrialdeetan, eta Israeli ere eraso dio.
Kubak eta AEBk elkarrizketak abiatu dituzte, Trumpen mehatxuen ondoren
Aurreneko kontaktuen helburua izan da arazoak "identifikatzea", horientzako "konponbideak aurkitzea" eta "bi herrialdeen onurarako ekintzak zehaztea".
AEBk Errusiako petrolioaren gaineko zigorrak leuntzea kritikatu dute Europako buruzagiek
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak ohartarazi du zigor horiek leuntzeak Moskuren jarrera indartzen duela, eta 10.000 milioi dolar gehiago ematen dizkiola Ukrainaren aurkako gerrarekin jarraitzeko.
NASAk apirilaren 1ean abiatuko du Artemis II misioa, 50 urten Ilargira egingo duten lehen hegaldi tripulatua
AEBko espazio agentziaren Artemis II misioa martxoan zen abiatzekoa, baina atzeratu egin zuten.