Trumpek "asaldatzaile" eta "matxino" deitu dio ICEko agenteek Minneapolisen hildako Alex Prettiri
37 urteko erizaina hil baino 11 egun lehenago agenteei aurre egiten eta auto federal bati ostikoka erakusten duen bideo bat argitaratu ostean egin ditu adierazpenok AEBko presidenteak.
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak "asaldatzaile" eta ustezko "matxino" deitu dio Alex Prettiri, ICE Immigrazioko eta Aduanetako Polizia Indarreko agenteek pasa den urtarrilaren 24an Minneapolisen eraildako gizonari, hil baino 11 egun lehenago auto federal bati ostikoka erakusten duen bideo bat argitaratu ostean.
The News Movement AEBko albiste atariak kaleratutako irudietan ikusi daitekeenez, 37 urteko erizainak ICEko agenteei aurre egin zien eta horiek gogor erantzun zien.
Prettiren familiaren abokatuak adierazi duenez, "Alex kalean tiroz hil baino astebete lehenago, ICEko agente talde batek bortizki eraso egin zion". Edozein kasutan, "astebete lehenago gertatutakoak ezin du aitzakia izan hilketa justifikatzeko".
Bestalde, AEBko presidenteak bideoaren egiazkotasuna defendatu du. "Lasai dagoen ICEko agente bati oihu egin eta aurpegira txistua bota ostean, ibilgailu federal bati ostikoa ematen dio", adierazi du Trumpek sare sozialetan.