Estatu Batuen eta Iranen arteko negoziazioei buruzko informazioa jaso du Netanyahuk, Trumpekin bildu aurretik
Asteazken honetan Marco Rubio Estatu idazkariarekin eta Donald Trump presidente estatubatuarrarekin bildu atarian, Israelgo lehen ministroa Steve Witkoff eta Jared Kushner Ameriketako Estatu Batuetako ordezkariekin elkartu da.
Benjamin Netanyahu eta Steve Wittkof eta Jared Kushner AEBko ordezkarien arteko bilera. Argazkia: EFE
Ameriketako Estatu Batuetara egiten ari den bidaiaren baitan, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak geldialdia egin du Washington hiriburuan. Bart, Steve Witkoff AEBren Ekialde Hurbilerako mandatariarekin eta Jared Kushner Donald Trump presidentearen suhiarekin elkartu da, Estatu Batuen eta Iranen arteko negoziazioen berri lehen eskutik jasotzeko.
Israelgo gobernuburuaren bulegoak ohar bidez adierazi duenez, Witkoff eta Kushner AEBko ordezkariek pasa den astean Irango delegazioarekin egindako bileraren nondik norakoak azaldu dituzte.
Bilera horren biharamunean, Israelgo lehen ministroak beste bi hitzordu izango ditu. Lehenik, Marco Rubio Estatu idazkariarekin elkartuko da, eta ondoren, Trump presidente estatubatuarrarekin.
Estatu Batuen eta Iranen arteko negoziazioetan eragin nahi du Israelek. Ildo horretan, Israelek argi utzi du edozein akordiok jaso behar duela Irango misil balistikoen programari muga jartzea, batetik, eta eskualdeko aliatu armatuen finantzazioa etetea, bestetik.
Ali Larijani Irango Segurtasun Nazionaleko Kontseilu Goreneko idazkariak, bere aldetik, "pentsatzeko" eta Israelek negoziazioetan eraginik ez izateko eskatu dio AEBko Gobernuari.