"Araudia sinplifikatzea" aztertzen ari da EB, ekonomia suspertzeko
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak agindu du "araudia sinplifikatzeko ahalegina" egingo dutela, baina, aldi berean, beharrezkotzat jo du herrialde bakoitzak bere lege prozedurak arintzea.
Ursula Von der Leyen eta Antonio Costa, gaur. Argazkia: Europa Press
Europar Batasuneko araudia sinplifikatzea adostu dute 27 kideek, bloke osoaren ekonomia suspertzeko. Horrekin batera, 'Made in Europa' estrategia lantzea ere erabaki dute, Europa bertako produkzioa lehenesteko hainbat sektoretan, kanpoko herrialdeetako produktuen aurrean.
Herbehereetan elkartu dira EBko estatuburu eta gobernuburuak, Alsen Biesen gazteluan. Mahai gainean, gai nagusi bat: ekonomiaren lehiakortasuna eta horretarako bideak. Besteak beste, energia kostuak murrizteaz, kapital pribatuaz edota merkatuaren dibertsifikazioaz aritu dira hizketan.
Bilera ondorengo prentsaurrekoan, Antonio Costa Europako Kontseiluko presidenteak jakinarazi du bildutako mandatariek "aho batez" adostu dutela, "araudia eta agenda sinplifikatzeko" bidean aurrera egitea, ekonomia bizkortzeko.
Ildo beretik mintzatu da Ursula von der Leyen Europako Kontseiluko presidentea ere. Haren hitzetan, prozesuak errazteko bideak landuko dituzte, baina herrialde bakoitzari ere konpromisoa eskatu dio tokian tokiko lege prozedurak arintzeko. "Helburua da burokrazia eta gehiegizko arautzea murriztea", esan dute.
Halaber, hainbat sektoretan "industria estrategikoak babesteko eta mendekotasunak murrizteko" beharra ere nabarmendu dute, hala nola defentsan, teknologia garbi eta kuantikoetan edo ordainketa-sisteman.